Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

12 milioi euroko aparteko laguntzak Covid-19ak abeltzaintzako produktuen komertzializazioan eragindako krisiari aurre egiteko (Gobernu Bilera 2021-10-26))

2021-10-26

 

  • Laguntza horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskadiko elikakateko ETEei zuzendu dizkien laguntzen multzoa osatzen dute 
  • Euskadiko haragi- eta esne-ekoizpenaren sektorea izan da sargaien prezioen igoerak gehien kaltetu dituen sektoreetako bat, eta horrek zaildu egin du bere produktuen komertzializazioa 

Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindu bidez, 2021erako aldi baterako aparteko laguntzak deitu ditu Euskal Herriko esnetarako behien, haragitarako behien, ardien, ahuntzen, haragitarako hegaztien eta hegazti erruleen, txerrien, untxien eta zaldien sektoreetan abeltzaintza‑jarduerari eusten laguntzeko helburuarekin. COVID-19aren testuinguruan Estatuaren laguntza-neurrien aplikazio-eremura egokitzen dira, eta 12 milioi euroko zuzkidura dute, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen kargura. 

COVID-19aren pandemiak nahaste garrantzitsuak eragin ditu hainbat elikagai‑produkturen merkatuan, bai etxean, bai etxetik kanpo, eta abeltzaintza-sektorea ez da errealitate horretatik kanpo geratu. Osasun-krisiak eragin handia izan du euskal haragi-ekoizleen sektorean (behiak, ardiak, hegaztiak, etab.), krisi ekonomikoko ingurune batean gizarte-kontsumo nabarmeneko produktu bati irteera emateko dauden merkataritza-zailtasunengatik. Esne-sektoreak ere eragin negatiboa izan du, eta esnearen salmenta-prezioak ekoizpen-kostuak baino txikiagoak izan dira. 

Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak 2020an elikaduraren balio-katera bideratutako aparteko laguntza ekonomiko batzuk hartu zituen, abeltzaintza-sektoreak egoera larrian jarraitzen du, eta egoera hori larriagotu egin da jasotako prezioen pixkanakako beherakadaren eta sargaien kostuak igotzearen ondorioz; gainera, epe laburrean ez da hobekuntzarik aurreikusten. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak abeltzaintzako ustiategiei zuzendutako laguntza-lerro hau jarri du abian sektore estrategiko baten egoera arintzeko, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. 

Onuradunak eta aurkezteko epea 

Agindu honetan deitutako laguntzen onuradun izan daitezke pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, edozein forma juridiko dutela ere; esnetarako behiak, haragitarako behiak, gizentzeko behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak, hegaztiak, zaldiak dituen abeltzaintza‑ustiategien eta untxi‑hazkuntzara bideratutako ustiategien titularrak. 

Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira. Eskabidea aurkezteko epea Agindua indarrean jartzen den egunean hasiko da, eta funtsak agortzen direnean edo 2021eko azaroaren 15ean amaituko da. 

Onuradun edo nekazaritza-ustiategi bakoitzeko eskabide bakarra onartuko da. Laguntzak eskatzeko ereduaren oinarrizko edukia http://euskadi.eus webgunean egongo da eskuragarri.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko