Berriak Lehendakaritza

Urkullu Lehendakariak Mary Lawlor giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko Nazio Batuen errelatore bereziari egin dio harrera

2021-10-26

 

  • Lawlor, bihar, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila buru duen Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskadiko Programaren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldietan izango da

Vitoria-Gasteiz, 2021/10/26

Urkullu Lehendakaria Mary Lawlor giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko Nazio Batuen errelatore bereziarekin batu da, gaur arratsaldean, Vitoria-Gasteizen. Topaketan parte hartu dute, halaber, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Monika Hernando zuzendariak.

Mary Lawlorrek 2020ko maiatzean onartu zuen giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko Nazio Batuen errelatore bereziaren agintaldia. Lawlor, gaur egun, Dublingo Trinity Collegeko Negozio Eskolako Berrikuntza Sozialeko Zentroko irakasle atxikia da. XX. mendeko azken herenean Amnistia Internazionaleko Irlandako bulegoko zuzendaria eta presidentea izan ondoren, Lawlorrek, 2001ean, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Nazioarteko Fundazioa sortu zuen.

Bilera errelatore bereziak Euskadira Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskadiko Programaren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldietara bertaratzeko egin duen bisitan sartu da. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila da programaren buru, haren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzaren bidez. Programa CEAR-Euskadik kudeatzen du.

Urteurrena ospatzeko ekitaldia bihar izango da, 18:30etik aurrera, EITBren Bilboko Multibox aretoan, eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izango da buru. Ekitaldian, Mary Lawlorrez gainera, Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak eta Leire Lasa CEAR Euskadikoak ere hitz egingo dute, bai eta programan izan diren hiru kolonbiarrek ere: Danelly Estupiñán, Proceso de Comunidades Negras-ekoa (PCN); Deyanira Soscué, Cerro Tijeras kabildo indigenakoa, eta Fabián Torres, Congreso de los Pueblos mugimendukoa eta Colectivo Maloka-koa.

Guztira, 30 pertsona izan dira Eusko Jaurlaritzako programaren onuradun hamarkada honetan: 18 emakume, haien kargura izan diren 3 adingabe eta 9 gizon.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak