Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortu eta bistaratu dute

2021-10-25
  • Miren Cajaravillek, Malu Martínez-Chantarek eta Paola Ferrariok ikertzaileak euren ibilbideagatik aitorpena jaso dute gaur.
  • Emakume ikertzaileen jarduna aitortzeko hirugarren edizioa izan da hau. Ekimenaren helburua Euskadiko emakume ikertzaileak bistaratzea da, ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen

 Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidentea buru, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketan diharduten hiru emakumeei aintzatespenak banatu zaizkie gaur goizean Miren Cajaraville, Malu Martínez-Chantar eta Paola Ferrariori, hain zuzen ere. Ekitaldian Euskal Sistemaren arduradunek parte hartu dute.

Hauxe da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen jarduna aitortzeko antolatzen dituen aintzatespenen hirugarren edizioa. Berez ez da sari bat, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana bistaratzeko modu bat baizik, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen.

Emakume ikertzaileen aukeraketa Ebaluazio Batzorde batek hartu zuen bere gain eta aho batez, erabaki zuen 2021eko edizioan sarituak izango ziren ikertzaileak euren ikerketa lanen hiru kategoriatan, alegia, ibilbide zientifiko osoa, ikerketa-esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmena. Sarituak hurrengo hauek izan dira:

Advanced, ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena:

  • Miren Cajaraville, Biologia Zelularrean katedraduna, UPV/EHU

 Consolidator, bere ikerketa-arloko lidergoaren aitorpena:

  • Malu Martínez-Chantar, CIC bioGUNEko ikertzaile nagusia

 Starting, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena:

  • Paola Ferrario, Ikerbasque Research Associate ikertzailea, DIPCen

Aitortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Euskadiko 300 emakume ikertzaileren baino gehiagoren ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko

datuak aztertu ditu. Amaierako hautaketa Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin du, Fundazioko Batzorde Zientifikoak baliozkotu duelarik. Batzordeak hiru kategorietako ikertzaileen maila zientifiko altua azpimarratu du, eta horrek agerian uzten du, batzordearen esanetan, Euskadin emakume ikertzaileek egiten duten zientziaren ahalmen handia.

Urteko aitorpenak

Ekimena Ikerbasqueren Plan Estrategikoaren esparruan gauzatzen da, plan horren 12 erronketako bat baita Ikerbasqueren ikertzaileen komunitatean sartzen diren ikertzaileen genero-berdintasunean aurrera egitea. Alde horretatik, Zientziarako Euskal Fundazioak gauzatutako Berdintasun Planean jasota dago emakume ikertzaileei urtero aitorpena egiteko ekimen hau.

Advanced: Miren Cajaraville (Donostia, 1964)

  • Biologia Zelularrean katedraduna, UPV/EHU.
  • Biologian doktorea UPV/EHUn.
  • Kutsaduraren biomarkatzaile molekularrak eta zelularrak, zelula-kultiboak eta in vitro toxikotasun mekanismoak, transkriptomika eta proteomika ikertzen ditu.
  • PIE-Plentziako  Itsas Estazioko ikertzailea eta Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian ikertalde finkatuaren zuzendaria da.
  • Ebaluazio Batzordeak nabarmendu du itsas ekosistemetako zelulen biologian eta ingurumen toxikologian egin duen ibilbide zientifiko bikaina, bai eta ikertzaile berriak prestatzeko eta euskal zientzia proiektu eta sare zientifikoen bidez nazioarteratzeko egin duen lan emankorra ere.

Consolidator: Malu Martínez - Chantar (Madril, 1968)

  • CIC bioGUNEko ikertzaile nagusia.
  • Biokimikan eta biologia molekularrean doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.
  • Gibeleko gaixotasunak ikertzen ditu, besteak bete, minbizia, horiek agertzean eta garatzean inplikatuta dauden alterazio metabolikoak ulertzeko.
  • Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak azpimarratu du ikerketa biomedikoaren arloko bere lidergo zientifikoa nazioartean proiekzioa duen ikertzaile-programa arrakastatsuaren baitan, ardatza gibeleko gaixotasunetan, adibidez minbizi mota ezberdinetan eta gibel koipetsuan, inplikatuta dauden alterazio metabolikoen azterketa izanik.

Starting: Paola Ferrario (Milan-Italia, 1980)

  • Ikerbasque Research Associate ikertzailea DIPCen (Donostia International Physics Center)
  • Fisikan doktorea Valentziako Unibertsitatean.
  • Neutrinoen fisika eta irudi medikorako dituen aplikazio instrumentalak ikertzen ditu. Neutrinoaren izaera ikertzen duen NEXT esperimentuan laguntzen du.
  • European Research Council erakundearen ERC Starting Grant laguntza lortu du.
  • Ikerbasqueko Ebaluazio Batzordeak azpimarratu ditu partikulen fisikan ikertzaile gazte gisa berriki egin dituen lorpenak, eta, esate baterako, ERC Starting Grant beka ospetsua lortu izana positroi emisio bidezko tomografiaren bitartez instrumentazio medikoa hobetzeko.

Aurreko edizioetan Ikerbasquek eta Hezkuntza Sailak hurrengo ikertzaile hauek aitortu dituzte:

  • Advanced:
    • Helen Matute
    • Maria Isabel Arriortua
  • Consolidator:
    • Clara Martín
    • Aitziber López-Cortajarena
  • Starting:
    • Matxus Perugorria
    • Maia García Vergniory
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa;