Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Unibertsitaterako eta unibertsitaterako ez diren laguntzen kopurua handitu da

2011.eko irailak 12

Diru laguntza horien helburuetako bat aukera berdintasuna bermatzea da, krisialdi ekonomikoan familia askotako diru sarrerak txikitu egin baitira

Unibertsitatekoak ez diren ikasleei, EAEko ikastetxeetakoei, zuzendutako diru laguntzen helburua hezkuntzara iristeko desorekak eta mugak gainditzen laguntzea da. Unibertsitate aurreko mailetarako hainbat laguntza daude: eskolako materialerako, jangelarako, kuotarako, hezkuntzarako, joan-etorrietarako, etxebizitzarako, mantenurako eta konpentsatzailea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ahalegin handia egin du azken bi urteetan aurrekontua unibertsitate aurreko mailetarako diru laguntzetara bideratzeko. Horrekin, aukera berdintasuna bermatu nahi du, krisialdi ekonomikoko garai hauetan, familia askotako diru sarrerak murriztu egin baitira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celaák prentsaurreko batean azaldu ditu 2011-2012 ikasturterako unibertsitaterako eta unibertsitate aurreko mailetarako diru laguntzak.

Unibertsitate aurrerako diru laguntzetako gastua % 18,21 handitu da 2008-2009 ikasturtetik orain arte eta 53,04 milioi eurokoa izango da 2010-2011 ikasturtean. Unibertsitate aurreko mailetan laguntzak jasotzen dituzten ikasleen kopurua ere % 12,37 hazi da, eta 121.809 bekadun izan ziren 2010-2011 ikasturtean. Ikasle bekadunen kopurua handitzeko arrazoiak ikasle gehiago egotea (2008-09: 351.601; 2010-2011: 369.566) eta ikasle guztien gaineko bekadunen kopurua gehiago izatea (2008-2009: % 30,8; 2010-11: % 33) dira.

Unibertsitate aurreko ikasle bekadunen artean, gutxi gorabehera, % 60 sare publikoan daude eta %40 sare pribatuan. Azken bi urteetan, unibertsitate aurreko ikasle bekadunen kopurua gehiago handitu da sare publikoan sare pribatuan baino. Hala, sare publikoan % 13,5 bekadun gehiago izan dira, eta sare pribatuan, % 10,6 gehiago. Unibertsitate aurreko diru laguntzak batez ere hezkuntzako derrigorrezko mailetara bideratzen dira, hau da, haur hezkuntzara, lehen hezkuntzara eta DBHra.

Maila horietara bideratzen da gastuaren % 82,4 eta ikasle bekadunen % 85,6 maila horietan dago. Unibertsitatekoak ez diren diru laguntzak, batez ere, eskolako materiala eta jangelako gastuak ordaintzeko erabiltzen dira. Logikoa da hezkuntza erabat doakoa baita derrigorrezko heziketa mailetan. Derrigorrezkoak ez diren mailetan % 100ean itundu gabeko hezkuntzako ikasleek soilik dute diru laguntzak jasotzeko eskubidea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera de Educación