Lehendakariak 2021eko Ignacio Ellacuría Saria eman die Nikaraguako Artikulazio Feministari eta Madres de Abril elkarteari

2021-10-26
  • Epaimahaiak bi erakundeetako lana aitortu nahi izan du “emakumeen eta Nikaraguako herriaren eskubideen eta justiziaren aldeko borrokatzeagatik, eta lan horrekin euskal gizartea zein nazioartekoa sentsibilizatzen laguntzeagatik”
  • Lehendakariak Euskadi eta Nikaragua lotzen dituen harreman estuak nabarmendu ditu, euskal lankidetzaren zati handi bat Nikaraguan jaio baitzen

Iñigo Urkullu Lehendakariak 2021eko garapenerako lankidetzako Ignacio Ellacuría Saria eman die Madres de Abril (AMA) elkarteari eta Nikaraguako Artikulazio Feministari, Nikaraguan emakumeen eskubideen alde eta bakegintzan aritzen diren erakundeak. Mugen Gainetik elkarteak proposatu zuen hautagaitza.

Urkullu lagundu dute Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, Paul Ortegak.

Epaimahaiak bi erakundeetako lana nabarmendu nahi izan du “emakumeen eta Nikaraguako herriaren eskubideen eta justiziaren aldeko borrokagatik, eta lan horrekin euskal gizartea zein nazioartekoa sentsibilizatzen laguntzeagatik”.

Bere hitzaldian, Lehendakariak aitortu du aurtengo Ignacio Ellacuría Sariak elkarren artean lotzen diren bi errealitate hartzen dituela izapide: Lehenengoa historiakoa da, eta, bigarrena, gaur egungoa. Lehendabizi, Iñigo Urkulluk Nikaraguako papera nabarmendu du “kooperanteen eskola” gisa. “Nikaragua euskal nazioarteko eta elkartasunaren bi arimen arragoa izan zen: erlijiosoa eta laiko internazionalista. Bi arima solidarioek etorkizun hobe, justuago eta gizatiarrago baten alde lan egiten jarraitu dute”.

Egungo egoerari dagokionez, Urkulluk deitoratu du “Nikaraguako erakunde aliatuen zati handi batek, bereziki mugimendu feministak eta gizarteak berak, errepresio gogorra jasaten dute”, eta, gogorarazi du “laurogeiko hamarkadan Nikaraguarekin borondatez konprometitu ziren pertsonek beren bihotzean izaten jarraitzen dute”. Horregatik, hain zuzen, aurtengo Ignacio Ellacuría Sariak balio sakonagoa du.

Lehendakariak, azkenik, Ignacio Ellacuría apaiz euskalduna eta Erdialdeko Amerikarra ekarri du gogora, sarituek bezala, justizia sozialaren alde lan egiten zuena: “gaur egun sentitzen dugu Nikaraguako Artikulazio Feministak eta Madres de Abril elkarteak berriro batzen gaituztela. Gizarte justuago baten alde, Nikaragua bidezkoago baten alde egiten duzuen borroka eta lana erreferentziazko eredua da Nikaraguako herriarentzat zein euskal herriarentzat”.

Justiziaren eta emakumeen eskubideen aldeko borroka

Maria Eugenia Gómezek Nikaraguako Artikulazio Feministaren izenean hitz egin du. Plataformak 2004an emakumeen eskubideak aldarrikatzeko sortu zen, eta, azkenengo urteotan, protestetako buru izan da eta gobernu-errepresioaren biktimei babesa ematen aritu da. Hitzaldian saria eskertu du eta gogorarazi du “euskal gizartearekin ditugun lotura sendoak, bereziki, gure ahizpa feministekin eta gizarte erakundeekin”.

Asociación Madres de Abril elkarteak 2018ko herri-protestetan eraildako gazteen 100 familia biltzen ditu. Francys Valdivia elkarteko presidenteak adierazi du “AMAren zutabe nagusiak dira egiaren aldeko borroka, justizia eta memoriaren eraikuntza”.

Ignacio Ellacuría saria

Ignacio Ellacuría sariak El Salvadorren 1989an militarrek eraildako euskal filosofo eta teologoaren izena eramaten du, eta bere xedea da publikoki aitortzea  herrien artean berdintasuna eta justizia sustatzen, pobrezia gainditzen eta ekarpen hori hedatzen laguntzen duten pertsonak, antolakundeak, taldeak edota ekimenak. Era berean, sariak ekimen hori ezagutaraztea eta gizartea sentsibilizatzea ere du helburu. Eusko Jaurlaritzak ematen du eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez.

Iruzkin bat
  • @aquiv98
    2021-10-27

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari entrega el Premio Ignacio Ellacuría 2021 a la Articulación Feminista de Nicaragua y a AMA https://t.co/zKXkQeLbL5

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak