Lan eta Enplegu Sailak negoziazio kolektiboan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko jardunaldi bat antolatu du

2021-10-22
  • Urriaren 27an inauguratuko du Idoia Mendia lehendakariordeak, eta Manuela Tomei soldata-berdintasunean aditua eta LANEren lan- eta enplegu-baldintzei buruzko programaren zuzendaria izango da bertan
  • Jardunaldian zehar, hitzarmen kolektiboetan berdintasunaren faktoreari buruzko datuak emango dira ezagutzera

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak lan-munduan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko jardunaldia inauguratuko du datorren asteazkenean. Jardunaldi hori Lan eta Enplegu Sailak antolatu du, eta soldata-arrakalari eta eragiten dituen desberdintasunei buruz hausnartuko da bertan. Barakaldoko BECen izango da, eta hizlari garrantzitsuek hartuko dute parte, hala nola LANEren lan- eta enplegu-baldintzei buruzko programaren zuzendari Manuela Tomei andreak.

Gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna erronka estrategikoa eta zeharkakoa da Eusko Jaurlaritzarentzat. Premisa horrekin, Lan eta Enplegu Sailak bi jardunaldi antolatu ditu erronka demokratiko bati buruzko hausnarketa bultzatzeko, izan ere, lehendakariordearen iritziz, gizarte osoak bere gain hartu behar duen erronka  da honakoa. Uste sendo horretatik abiatuta, Lan eta Enplegu Sailak bultzada berri bat eman die soldata-arrakalari aurre egiteko kanpainei; horretarako, batetik, "Balio bereko lana" liburua berrargitaratu du, eta, bestetik, gizartea sentsibilizatu nahian, jardunaldi hauek antolatu ditu. Bi saiotan zehar, gaian adituak diren pertsonek negoziazio kolektiboan berdintasunaren trataerari buruz eztabaidatuko dute, berdintasun-planak indarrean sartu eta urtebetera horien balantzea egingo dute, ordainsarien auditoretzan eta soldata-gardentasunean sakonduko dute, eta berdintasun hori lortzeko Lan Ikuskaritzak abian jarritako kanpainen berri emango da.

Bi lan-saio horiek Barakaldoko BECeko auditorioan egingo dira. Lehenengoa datorren asteazkenean izango da, eta izenburu hau izango du: "Emakumeen eta gizonen berdintasuna Euskadiko negoziazio kolektiboan". Bigarrena, bestetik, azaroaren 24an egingo da eta “Lan Ikuskaritza: ordainsari-berdintasunerako tresna” izenburupean, Lan Ikuskaritzak berdintasun hori lortzeko abian jarritako kanpainak ezagutuko dira, besteak beste.

 

Jardunaldiaren programa

9:30 – Inaugurazioa, lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiaren eskutik.

10:00 - Berdintasuna hitzarmen kolektiboetan, Rubén Ortiz (NUVE Consulting)

10:30 – Berdintasunaren inguruko araudiaren aplikazio praktikoa:  berdintasun-planen erregistroa eta ordainsariak erregistratzeko eta lanpostuak baloratzeko tresnak. Verónica Martínez, Lan eta Gizarte Ekonomiaren Ministerioko Lan arloko Zuzendari Nagusia

11:30 - Berdintasun-planen erregulazio berriari buruzko gakoak, Carolina Martínez, Oviedoko Unibertsitateko katedraduna

12:00 – Manuela Tomei, LANEko lan- eta enplegu-baldintzei buruzko Programaren zuzendaria, soldata-berdintasunean aditua.

12:30 - Negoziazio kolektiboa, genero-berdintasunerantz aurrera egiteko lehentasunezko bidea: erronka konplexua. Tomás Arrieta, Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluko lehendakaria.

16:00 - Mahai-ingurua euskal gizarte-eragileekin.

Moderatzailea: Maria Silvestre, Deustuko Unibertsitateko irakaslea.

 

Informazio gehiago eta izen-emateak hemen: https://jardunaldiaksoldataarrakala.eus

Jardunaldia presentziala izango da, baina streaming bidez ere jarraitu ahal izango da webgune horretan bertan.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak