Euskal Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordea sei urterako berritu da

2021-10-22

Euskal Ekonomikoa Itunaren Arbitraje Batzordeak beste ibilbide berri bati ekin dio gaur sei urterako (2021-2027); eta Violeta Ruiz izango da “Estatuaren eta Euskadiren arteko aldebiko akordio handia berresten duen” organoko lehen emakumea, gaur goizean Gasteizen Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak nabarmendu duenez.

Ekitaldi horretan Inés Bardón Ogasuneko Estatu idazkaria, Espainiako Gobernuko eta Foru Aldundietako ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuordetzako lantaldea izan dira.

Arbitraje Batzordea Estatuko Zerga Administrazioaren eta Foru Aldundien artean, edo horien eta edozein autonomia-erkidegotako Administrazioaren artean, zerga itunduen lotura-puntuen aplikazioari dagokionez sor daitezkeen gatazkak eztabaidatu eta ebazteko organoa da. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak uztailaren 29an egindako azken bileran erabaki zen hura berritzea.

Lehen aldiz, emakumeak gehiengoa dira organo horretan, Violeta Ruiz Gabriel Casadoren lekukoa hartuz eta Sofia Arana batzordekide gisa. Batzordekide gisa aritu den Javier Muguruzak lagunduko ditu. Guztiak zergen edo ogasunaren arloan esperientzia egiaztatua duten profesionalak dira.

Azpiazuk nabarmendu duenez, 2008ko apirilean Arbitraje Batzordea abian jarri zenetik, Batzorde Mistoak 2007ko uztailean hartutako erabakiaren ondoren, Arbitraje Batzordearen ebazpenek “bide bat markatu dute, doktrina bat hain zuzen ere”. Doktrina hori sendotzen joan da zenbait alderditan, eta Itunaren edukiak zalantzak sortu ditu horren aplikazioari buruz. Aldi berean, eskerrak eman dizkie Arbitraje Batzordeko aurreko taldeetako kide izan diren pertsona guztiei egindako lanagatik, eta ongietorria eman die kide berriei.

Aldi berri honetako berrikuntzetako bat da Arbitraje Batzordeak, gainera, kideei laguntza teknikoa emateko egitura gehigarria izango duela, dituen baliabideak esleitu zaizkion eginkizun berrien ondoriozko beharretara egokitzeko. Laguntza tekniko horrekin, ebazpen-gaitasuna areagotu nahi da. Azpiazuk azpimarratu duenez, “horrek guztiak osasun ona ekarriko dio Euskal Ekonomi Itunari, gure autogobernuaren giltzarria baita”.

Violeta Ruiz Almendral Zuzenbideko doktorea eta lizentziatua da Madrilgo Carlos III Unibertsitatean, eta, gaur egun, irakasle titularra da unibertsitate berean, Finantza eta Zerga Zuzenbidearen arloan. Era berean, Konstituzio Auzitegiko letradua izan da (2011-2020) eta finantza eta zerga zuzenbidearekin lotutako hainbat argitalpenen egilea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak