Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak berretsi egin du Euskadiko erakundeek komunitatean eta bizilekuan arreta areagotuko duen eredu soziosanitarioaren alde duten konpromisoa

2021-10-22
  • Estrategia berriak paradigma berria planteatzen du arreta soziosanitarioan, gizarte- eta osasun-zaintzen eredu berria zehazteko.
  • Euskadiko Kontseilu Soziosanitarioak onartu du dokumentua, eta bertan daude Eusko Jaurlaritza, hiru foru-aldundiak eta EUDEL; dokumentuak zeharkako 6 ildo, 5 jarduketa-arlo eta 15 proiektu estrategiko planteatzen ditu, eta politika horiek zer xede-kolektibori zuzenduko zaizkion zehazten du.
  • Aurrera eramango diren ekintzen artean, nabarmentzekoak dira gobernamendu soziosanitarioaren dekretua onartzea, gizarte- eta osasun-informazioko sistemak elkarri eragitea, I+G+b bultzatzeko apustua egitea eta prebentzio soziosanitarioa, bai eta xede-populazioari zuzendutako beste zehatzago batzuk ere

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da, gaur, Bilbao Exhibition Centre-BEC-en, 2021-2024 Euskadiko Estrategia Soziosanitarioa aurkezteko jardunaldian; Euskadiko erakundeek koordinatuta egingo dute lan ibilbide-orri horretan, pertsona kalteberenei –250.000 inguru Euskadin– arreta eta zerbitzuak hobetzeko. Dokumentuak zeharkako 6 ildo, 5 jarduketa-arlo eta 15 proiektu estrategiko planteatzen ditu.

Estrategiaren nobedade handia gizarte- eta osasun-zaintzen ereduaren paradigma-aldaketa da. Lehendakariak berak aipatu du kontu hori: “garai berriak arreta soziosanitarioaren politikak eraldatzeko eta hobetzeko eskatzen digu, eraginkorragoak, jasangarriagoak eta pertsona bakoitzaren bizi-proiektuarekin errespetuzkoagoak izan daitezen. Prebentzioaren eta autonomia pertsonala sustatzearen ikuspegia duten zaintzen ekosistemak sustatuko ditugu. Adinekoek beren etxean edo etxe baten antzekoak diren eta komunitatean integratuta dauden zentroetan bizitzen jarraitzeko duten nahiari erantzungo dioten ekosistemak”.

Lehendakariak esan du, gainera, estrategia berria baterako lanetik sortu dela, auzolanetik, gizarte-ekimenetik eta erakundeen erantzukizunetik, eginiko lanaren aintzatespen gisa.

Zehazki, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuak nabarmendu du zer garrantzitsua den dagoeneko egiten den eta egiten jarraitu behar den baterako lanaren ideia: “lankidetza publiko-publikoa eta publiko-pribatua ezinbesteko palanka da gizarte-premiei erantzuteko.

Horrela frogatu da pandemiaren testuinguruan bultzatu ditugun programa psikosozialetan, Osasun Sailarekin, ADIrekin esaterako, adinekoen arreta psikologikoan; Betirako, dolua pasatzeko, edo Erdu, adikzioak tratatzen laguntzeko, sailburuak azaldu duenez.

Era berean, Artolazabalek espetxe-kudeaketan bere gain hartu berri den eskumenaz hitz egin du, eta adierazi du aukera emango digula espetxeak baliabide sozio-sanitario gisa ere ulertzeko.

Bestalde, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, zainketa soziosanitarioetan aritzen diren profesional guztien bokazio pertsonala, konpromisoa eta balioak nabarmendu ditu.

Aurkezpen-ekitaldian, halaber, honako hauek izan dira: Ramiro González, Unai Rementería eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, hurrenez hurren; EUDELeko ordezkaritza bat, eta Euskadiko administrazioetako ehun bat ordezkari, profesional eta hirugarren sektoreko kideak, eremu guztiek pertsonen gizarte- eta osasun-premiei aurre egiteko plangintza berri honi ematen dioten babesaren erakusgarri.

ESTRATEGIAREN EDUKI NAGUSIA

2021-2024 Euskadiko Estrategia Soziosanitarioa Euskadiko Kontseilu Soziosanitarioak onartu du, eta bertan daude Eusko Jaurlaritza, hiru foru-aldundiak eta EUDEL; dokumentuak zeharkako 6 ildo, 5 jarduketa-arlo eta 15 proiektu estrategiko planteatzen ditu, eta haiek zehazten dute zer xede-kolektibori zuzenduko zaizkion politikak, kontuan hartuta xede-kolektiboa, modu batera eta bestera, 250.000 pertsona ingurukoa dela Euskadin.

Dokumentua eraldaketa sozial eta demografiko sakonak bereizgarri dituen testuinguruan eratu da, baina baita COVID-19aren pandemiak eragindako egiturazko eraldaketak eta eraldaketa sistemikoak bereizgarri dituenean ere.

ERRONKAK

Hori horrela, asko dira aurrez aurre dauden errealitate eta erronkak: batetik, bizi-itxaropenaren gorakada, jaiotza-tasa baxua eta biztanleriaren pixkanakako zahartzea. Beste batetik, etxeetako egituran eta familia-eredu eta -roletan izan diren aldaketak, zeinak ugalkortasun-tasa baxuei eta familien tamainaren murrizketari lotuta baitaude. Eta, azkenik, gizarte-desberdinkeriaren gorakada, zeinak egonkortu egiten baitu pobrezia larriagoa eta areagotu gizarte-bazterketako egoerak.

Gainera, pandemiak kontuan izan beharreko lehentasun berriak utzi ditu agerian, besteak beste isolamendua eta nahi ez den bakardadea edo justizia- eta ekitate-beharra egoera pandemiko batean.

EREDU BERRIA

Horrek guztiak aldaketa bat ekarri du paradigman, arreta soziosanitarioa ulertzeko orduan, eta eredu berrirantz egitea suspertu du. Euskadiko erakundeek pertsonek beren ohiko gizarte-ingurunean jarrai dezaten sustatzeko lan egingo dute, etxean arreta eman dakien eta arreta horrek haien bizi-kalitatea eta haien zaintzetan parte hartzen dutenen bizi-kalitatea eta pertsona bakoitzaren lehentasunak hobetzen lagunduko duela berma dadin.

JARDUKETA-ARLOAK ETA PROIEKTUAK

Dokumentuak zeharkako 6 ildo, 5 jarduketa-arlo eta 15 proiektu estrategiko planteatzen ditu. Honako hauek dira jarduketa-arloak eta proiektuak:

1. Gobernamendu soziosanitarioa, arreta soziosanitarioan esku hartzen duten sistemen artean ezartzen den harreman funtzional eta operatiboaren esparru gisa, zeinak hiru proiektu nagusi baititu:   

  • Gobernamendu soziosanitarioaren dekretua.
  • Arreta Soziosanitarioaren Zuzendaritza.
  • Finantzaketa soziosanitarioa.

2. Elkarreragingarritasun soziosanitarioa, datuak partekatzeko eta informazioa eta ezagutza modu seguruan partekatzeko aukera emateko informazio-sistemen gaitasun gisa. 4 proiektu estrategiko ditu:

  • Historia soziosanitarioa.
  • Aginte-koadroa.
  • Osabide egoitza eta eguneko zentroetan.
  • Elkarreragingarritasun soziosanitarioaren garapenerako dekretua.

3. Prebentzio soziosanitarioa, biztanleriaren behar soziosanitarioei aurrea hartzen eta haiek prebenitzen laguntzen duten estrategia, programa eta tresnen multzo gisa. Bi proiektu estrategiko ditu:

  • Prebentzio soziosanitarioko esparru koordinatua.
  • Arrisku soziosanitarioa detektatzeko tresna.

4. Arreta soziosanitarioa, osasun- eta gizarte-arloko profesionalek biztanle-talde batzuek dituzten premiei heltzeko ematen duten erantzun gisa. Jarduketa-arlo honek hiru proiektu estrategiko ditu:

  • Lehen Mailako Arreta Soziosanitarioa zabaltzea
  • Xede-kolektibo soziosanitarioetarako jarduketak
  • Arreta goiztiarra eta eremu soziosanitarioaren eta hezkuntzakoaren garapena

5. I+G+b soziosanitarioa, bi sistemen arteko koordinazioa etengabe hobetzeko, asistentzia-aukera eraginkorrak zehazteko eta sortzen doazen beharrei eta erronka berriei irtenbideak suspertzeko beharrizanerako erantzun gisa. Hiru proiektu estrategiko ditu:

  • Arreta soziosanitarioaren ataria
  • I+G+b soziosanitarioaren inguruko politika eta ekimenei buruzko erreferentziazko nodoa
  • Berrikuntza- eta ikerketa-proiektuen sustapena, ekosistema soziosanitarioaren oinarrietatik

ARGIBIDE GEHIAGORAKO:

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)