Javier Hurtado sailburua: “turismo-helmuga adimentsua esperientzia turistikoaren kalitatea eta bertakoen bizi-kalitatea hobetzeko datuen bidez jarduten duena da.”

2021-10-21

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur inauguratu du Segittur-ek (Turismoko Estatu Idazkaritzaren menpeko Turismo Berrikuntza eta Teknologiak Kudeatzeko Estatuko Sozietatea) antolatutako "Turismo-helmuga adimentsuak" foroa.  Euskadik, Segitturrekin batera, turismo-helmuga adimentsuko proiektuak landu ditu Donostian eta Gasteizen, eta eskualde berriak proiektura atxikitzeko lanean ari da, hala nola, Arabako Errioxa, Uribe eta Goierri.

Helmuga adimentsuko proiektu horien funtsezko ardatz gisa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila Adimen turistikoaren sistema ezartzen ari da. Adimen turistikoaren sistema informazio-iturri desberdinen azterketa sakonean oinarritutako tresna da. Sistemak informazioa kargatu, prozesatu eta aztertzeko gai da, eta informazio hori ezagutza erabilgarri, garrantzitsu, sistematizatu eta ordenatu bihurtzen du, helmugako kudeatzailearen eta bertako eragile guztien zerbitzura jartzeko. Turismo-helmuga adimentsu bilakatzeko lan horretan beharrezko tresna da.

Sailburuak azpimarratu duenez, Adimen turistikoaren sistemarekin eta Turismo-helmuga adimentsuekin lan egiteko apustu argia egin da: “gure lurraldea turismo-jasangarritasuneko erreferente bilakatzeko modurik onena da errealitate turistikoaren ezagutza hobetuko duten sistemak ezartzea eta errealitate hori gure helburu estrategikoetara egokitzen lagunduko diguten metodologia eta teknologia aplikatzea. Turismo-helmuga adimentsua datuen bidez jarduten duena da, abangoardiako azpiegitura teknologiko batekin sendotuta, eta horrekin lurralde turistikoaren garapen jasangarria bermatzen duena, guztientzako irisgarria, eta helmugako esperientziaren kalitatea hobetzen duena, eta, aldi berean, egoiliarraren bizi-kalitatea hobetzen duena.”

Garapen mailakatua izan da, “eta hura hobetzeko eragile eta sistema berriak txertatzen joan gara”, zehaztu du sailburuak. Prozesu hori 2019an amaitu zen, Euskadiko Turismoaren Kode etikoaren aldarrikapenarekin. Azken helburua 2030 Agendaren 17 GJHak betetzea da, eta hura garatzeko “EAEko sektore turistikoko eragileen, Estatuko Turismo Idazkaritzaren eta Turismoaren Mundu Erakundearen lankidetza eta ekarpenak bildu ditugu.”

“Hortaz, orain arte Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean aitzindariak izan gara, Autonomia Erkidego gisa, adimen turistikoko estrategia bat koordinatzen, EAEko udalerrietan zuzenean aplikatzeko, hiriburuetatik hasita. Baina ez dugu hor geratu nahi izan, eta lanean ari gara Segitturren Turismo-helmuga adimentsuaren metodologia eskualdeetara heda dadin. Horregatik, proiektu pilotu bat hasi dugu Arabako Errioxan, Uriben eta Goierrin, turismo-helmuga adimentsuaren programa bertan ezartzeko. Proiektu hori ibilbide-orria izango da bide horri ekin nahi dioten eta Euskadiren esperientzia partekatu nahi duten beste erkidego eta lurralde batzuentzat”, azaldu du Javier Hurtadok.

“Helburua ez da etorkizunaren aldeko apustua egitea, baizik eta orainaren aldekoa. Eta ziur nago onurak ekarriko dizkiela turismo-sistema osatzen duten eragile guztiei: helmugari berari, tokiko administrazioari, enpresei, gure gizarteari eta bisitatzen gaituztenei.”

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak