Txani Rodriguez, Javier de Isusi, Alex Gurrutxaga eta Mikel Reparaz dira Euskadi Literatura Sarietako gainontzeko lau sarituak

2021-10-20
  • Literatura Gaztelaniaz, Lan Literarioen Ilustrazioa, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetako irabazleak dira, hurrenez hurren
  • Pasa den astean iragarri ziren gainontzeko hiru saridunak: Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi eta Joxan Elosegi 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ezagutzera eman ditu gaur Euskadi Literatura Sarietako aurtengo gainontzeko lau irabazleak, Bilboko Azkuna Zentroan. Literatura Gaztelaniaz, Lan literarioen ilustrazioa, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetako irabazleak eman dira gaur ezagutzera: 

  • Literatura Gaztelaniaz: Txani Rodríguez Hernández, Los últimos románticos
  • Lan literarioen ilustrazioa: Javier de Isusi García. Historias del Exilio colombiano
  • Saiakera Euskaraz: Alex Gurrutxaga Muxika. Xabier Lete Aberriaren poeta kantaria
  • Saiakera Gaztelaniaz. Mikel Reparaz Extramiana. Las grietas de América

Epaimahaiaren iritziz Txani Rodríguez-en idazkera “zorrotza da, xehetasunari adi dago eta erritmo narratibo bikaina du. Ahots freskoa du, originala eta berezkoa, eta horixe da epaimahaiaren arreta gehien erakarri duen ezaugarria”. 

Bestalde epaimahaikideentzat Javier de Isusiren Transparentes. Historias del Exilio colombiano lana “pisu emozionaleko komikia da, baina, aldi berean, liburu arin eta biribila egituran, oso teknika narratibo eta grafiko onarekin, eta istorioa modu bikainean ixtea lortzen du”. 

Alex Gurrutxagaren Aberriaren poeta kantariak “ekarpen handia egiten du Xabier Leteren poeta eta bere obraren inguruan” epaimahaiaren iritziz eta “gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta gainera bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giroa eta pentsamenduarekin”. 

Bukatzeko Gaztelaniazko Saiakerako epaimahaiak uste du Mikel Reparazen Ameriketako Estatu Batuetatik proposatzen duen bidaia bikain idatzita dagoela eta azpimarratzen dutenez, “gaiaren interesa eta gaurkotasuna nabarmentzen dira, bai eta tratamenduaren koherentzia ere”. 

Zazpi sarituak 

Gaur iragarritakoekin ezagutzen dira aurtengo Euskadi Literatura sariak jasoko dituzten zazpi autoreen izenak. Joan den astean iragarri ziren gainontzeko hirurak: 

  • Euskarazko Literatura: Pello Lizarralde Larraza, Argiantza.
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Anjel Lertxundi Esnal, Haltzaren Muinoa.
  • Euskarazko Literatura Itzulpena: Joxan Elosegi Agirre, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Datorren azaroaren 18an  banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Vitoria-Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean.

 

Informazio gehiago hemen

 

 

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak