Lehendakariak justizia modernizatzeko konpromisoa hartu du: digitalizazioa eta espazio judizial berriak
- Iñigo Urkullu 2021-2022 urte judizialaren irekiera ekitaldian izan da
- ETAk jarduera terrorista utzi zueneko hamargarren urteurrena dela eta, Lehendakariak autokritika etiko, politiko eta demokratikoa eskatu du, desberdinen arteko bizikidetzan aurrera egiteko
- Lehendakariak dio espetxeen kudeaketaren eskualdatzea aukera egokia dela politika publikoak euskal espetxeetan hobeto integratzeko
Iñigo Urkullu lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, 2021-2022 urte judizialaren irekiera-ekitaldian izan da. Ekitaldi horretan, justizia modernizatzearen garrantzia nabarmendu du Lehendakariak, batez ere digitalizazioa eta gune judizial berriak aipatu ditu.
Bere hitzaldian, Lehendakariak adierazi du pandemiak, askatasun pertsonalaren eta erantzukizun sozialaren arteko orekari buruzko hausnarketa bultzatzeaz gain, agerian utzi dituela Justizia Administrazioaren ahuleziak eta hobetu daitekeen aspektuak. Hori horrela, Eusko Jaurlaritza, parte-hartze prozesu baten bidez, 2021-2026 aldirako Justizia Plan Estrategikoa prestatzen ari da. Plan horretan, lehentasun gisa, justizia digitalizatzea jasotzen da, zehazki, espediente judizial elektronikoa ezartzea. Lehendakariaren arabera, justizia eraginkorragoa izateko, arintasun prozesal handiagoa behar da, digitalizazio handiagoa; baina, era berean, bulego judizialak inplementatu behar dira eta azpiegitura egokiak eduki behar dira. Justiziaren modernizazioak, gainera, kontuan hartuko ditu sarbidea unibertsalizatzea, gatazkak konpontzeko bitarteko osagarriak bultzatzea eta biktimari laguntzeko zerbitzuak sendotzea, bereziki genero-indarkeriaren biktimei laguntzeari dagokionez. Neurri horiek aurrera eramateko, Lehendakariak ziurtatu du 2022rako Euskadiko aurrekontuetan finantzaketa zehatza jasoko dela, bere ustez justizian inbertitzea garapen ekonomikoaren eta gizarte-kohesioaren bektorea baita.
ETAren jarduera terroristaren amaieraren hamargarren urteurrena dela eta, Lehendakariak ETAren biktima guztien oroitzapena berpiztu du, eta mehatxu terroristaren pean eskubideen eta askatasunen defentsan lan egin behar izan zuten justiziako hainbat profesionalen sufrimendua gogorarazi du. Hala, indarkeria erabili zutenek eta ariketa hori babestu duten kultura politikoek autokritika etiko, politiko eta demokratikoa egin dezatela eskatu du, ezberdinen arteko bizikidetza eraikitzeko aurrerapausoak eman ahal izateko. “Biktimen errekonozimendu soziala eta morala, memoria kritikoa eraikitzea, ezberdinen arteko topaketa eta espetxe-politikaren egokitzapena ez dira itxi gabeko iraganeko gaiak bakarrik. Bizikidetzaren erronka kolektiboari aurre egiteko funtsezko elementuak dira eta izan behar dute”, adierazi du Urkulluk.
Halaber, Iñigo Urkullu lehendakariak transferentzien arloko aurrerapenei buruz hitz egin du, eta garrantzi berezia eman dio espetxeen kudeaketaren eskualdatzeari; hala ere, azpimarratu du “Autonomia Estatutua onartu zenetik ia berrogeita bi urte igaro direla eta oraindik transferitu gabeko eskumenak daudela”. Lehendakariaren arabera, espetxeen kudeaketaren eskualdatzea aukera bat da politika publikoak euskal espetxeetan hobeto integratzeko. “Osasun, kultura, hezkuntza, gizarte-ongizate edo enplegurako politikek preso dauden pertsonengana iritsi behar dute, kondenatik eratorritako mugekin, noski. Kondenatuek beren ekintzen ardura hartzeko eta gizarteratzea eta laneratzea prestatzen hasteko aukerak maximizatzeko modu bat da”, zehaztu du. Horretarako, Eusko Legebiltzarrak AUKERAK Gizarteratzeko Euskal Agentzia sortu berri du lege bidez, presoen prestakuntza eta laneratzea errazteko.
Gaur goizean egindako ekitaldian, Josu Erkoreka Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Idoia Mendia Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Presidentea eta Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskal Nagusia izan dira.