Kudeaketa aurreratuan berdintasuna txertatzeko lanean sakondu dute Emakundek eta Euskalitek

2021-10-22
  • Berdintasuna kudeaketa aurreratuan” jardunaldia aurkeztu dute gaur goizean Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barruan
  • Kudeaketa Aurreratuan hiru jardunbide egoki aurkeztu dituzte bi erakundek: Achucarro Basque Center for Neuroscience eta Enkarterriko ESIak

 

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Fernando Sierra Euskaliteko zuzendariak Berdintasuna kudeaketa aurreratuan jardunaldia aurkeztu dute gaur goizean Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barruan. Jardunaldian kudeaketan berdintasuna eta genero-ikuspegia txertatzeko tresnetan sakondu da, bi erakundeek arlo horretan aurrera egiteko eguneratu duten hitzarmenaren barruan. Hitzarmen horri esker, besteak beste, komunikazio-piezak garatuko dira, bi erakundeek sortutako material guztia hobeto zabaltzeko.

Landaidak berretsi egin du Emakundek eta Euskalitek konpromisoa hartu dutela, bakoitzak bere esparruan, kudeaketa aurreratuaren ereduan genero-ikuspegia txertatzen lagun diezaguketen materialak sortzen jarraitzeko: jardunaldiak, jardunbide egokien bilketa, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak... Landaidaren hitzetan, “esperientziak erakutsi digunez, enpresek berdintasunaren alde egiten dutenean, justizia sozialarekin konprometitutako enpresak izateaz gain, beren errendimendua hobetzen dute, talentu guztia aprobetxatzen baitute”

Terese Garcíak Euskalitek 2021ean berdintasunean egindako ekintzen berri eman du, eta Aurkene Redondo berdintasunean eta kudeaketa aurreratuan adituak hitzaldia eman ondoren, Kudeaketa Aurreratuan hiru jardunbide egoki aurkeztu dituzte bi erakundek: Achucarro Basque Center for Neuroscience eta Enkarterriko ESIak.

Achucarro Basque Center for Neuroscience erakundeak praktika on bat aurkeztu du, erakundearen kristalezko sabaia haustea eta talentua berdintasunetik garatzea helburu duena.

Bestalde, Enkarterri ESIak bi praktika aurkeztu ditu: “Medikuntza, sexua eta generoa” izeneko berdintasunari buruzko ikastaro/tailerra, Gurutzetako Ospitaleko lehen urteko egoiliarrei zuzendua; eta ESIko profesionalentzako informazio- eta kontsulta-gune bat sortzea, generoak osasunean duen eraginari buruz.

Emakundek eta Euskalitek jardunbide egokien bilatzaile bat dute, eta aurten hamabi jardunbide egoki berri sartu dira. Helbide honetan kontsulta daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak