Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: «Nire helburua ez da aberatsei zergak igotzea, baizik eta iruzurraren aurka borrokatzea»

2011.eko irailak 09

Lopezek kritikatu egin du batzuek Bildu «itxaropen handienetzat» edukitzea, erakundeetan hainbat hilabete egin eta gero «mahai gainean neurri bakar bat ere» jarri ez duenean

Patxi Lopez lehendakariak zerga erreforma bat egiteko beharra aldarrikatu du berriro ere, nazioarteko krisi ekonomikoak eragindako zerga kargak herritarren artean era «zuzenago» batez banatzeko. Lopezen aburuz herritarrek «kargak lehentasun osoz funtzionario, erretiratu eta langileei ezarri zaien sentsazioa eduki behar dute, soldata jaitsi, pentsioak izoztu edota lanik gabe geratu baitira». Horregatik, uste du «ahalegin kolektiboa egin behar dugun garai honetan, gehiago daukanak gehiago jokatu behar duela konponbide bat topatzeko». Onda Cerok egindako elkarrizketa batean, lehendakariak azpimarratu du bere erreforma fiskalaren proposamenak, batez ere iruzurrari aurre egitea duela xede, Euskadin 2.500 milioi eurotara (Hezkuntza Sailaren aurrekontua) iristen baita. «Nire helburua ez da aberatsei zergak igotzea, baizik eta iruzurraren aurka borrokatzea, gaur egun insolaridade adierazpenik argiena delako», nabarmendu du.

Euskadik superabitarekin eman die amaiera urteko lehen seihileko herri kontuei. Lehendakariak azpimaratu du hau Eusko Juarlaritzak «lanak egin eta murrizketa gogorrak egin izanaren ondorio» dela, baina «zerbitzu publiko nagusiak mantenduz aurreko gabernuek zuten baino aurrekontu gutxiagorekin». «Hezkuntzako aurrekontua %4,5 murriztu behar izan dugu, baina gai izan gara ingelesa eta teknologia berriak sartzeko eskoletan, eta era berean %3,5 gutxitu behar izan dugu osasunekoa, baina 40.000 gaixo gehiago artatzen ari gara eta gaixotasun kronikoei aurre egiteko gai izan gara», azaldu du, ondoren. Hala, Lopezek azpimarratu du bere Gobernuak «beharrezko zen guztia gutxitu» duela eta kritikatu egin ditu osasunean eta hezkuntzan murrizketak egiten hasi diren autonomia erkidegoak. «Iritsiko da eguna non soilik gastuak murriztuz defizita jaitsi nahi duenak kontatuko didan honako ospitalea itxiko dut, beste eskola hau itxiko dut eta herritarrei halako laguntza eskaintzeari utziko diot». «Heltzen da unea non hezurra ikutzen den eta horixe da hainbat autonomia erkidegotan gertatzen ari dena, hezkuntza eta osasuna ikutzen ari baitira», gaineratu du.

Politikari dagokionez, lehendakariak kritikatu egin du Bilduri «kanpaina egin izana» berriro ere, «itxaropen handienetzat» agertzen baita, hilabeteak daramatzanean erakundeetan «mahai gainean neurri bakar bat ere ipini gabe». Are gehiago, Lopezek zalantzan jarri ditu Bilduri entzun dizikion neurri apurrak, abian zeuden proiektuak eragozteko eta «herri honetako aurrerapenetako batzuk geratzeko» izan baitira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)