Berriak Lehendakaritza

Euskal parte-hartze proaktiboa Europako Eskualde eta Hirien 19. Astean

2021-10-18

Aurten ere, Euskadik modu proaktiboan parte hartu du europar instituzioek EWRC2021/Europako Eskualde eta Hirien Astearen baitan antolatu dituzten jarduera eta foroetan. Euskadiren EBko Ordezkaritzak koordinatuta, eta Euskadiko hainbat eragile eta instituzioren parte-hartze jarraitua izan duen 18. urtea izanik, EWRC2021 EBko foro garrantzitsu gisa finkatu da Europako agendan,  bertan eragina izateko eta tokiko zein eskualdeetako agintaritzen ahotsa kokatzeko europar desafioen eta erronka globalen aurrean.  

Eusko Jaurlaritzako, agentzia publiko espezializatuetako, euskal udalerrietako, hezkuntza sektoreko eta sektore soziekonomikoko ordezkariek 8 foro eta mintegitan baino gehiagotan parte hartu dute, euren europar homologo eta bazkideekin hedadura zabaleko gaiak eztabaidatzeko, hala nola energia berriztagarria, New European Bauhaus deritzana, Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH), etorkizuneko enpleguen espezializazioa eta konpetentziak, hiri adimendunak, elikaduraren ekosistema jasangarria, eta legedia eta beraren lurralde-inpaktua.

 

Euskadik 18. aldiz parte hartu du EWRC2021:

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkari Marta Marínek Eskualdeetako Lantaldeak eta Europako Batzordeak elkarrekin antolatutako saioan esku hartu zuen, EBko legegintza-prozeduren lurralde-inpaktuaz eta horrek lurralde-kohesioarekin duen loturaz eztabaidatzeko. Eusko Jaurlaritzaren Bruselako ordezkariak simulazio batean parte hartu zuen, euskal dimentsioa ekarriz; beraren bidez, parte-hartzaileek proposamen bat itxuratu zuten eta legegintza-proposamenaren inpaktua ebaluatu zuten.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte-trantsizio eta 2030 Agendarako Idazkari Nagusi Jonan Fernándezek, berriz, Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) eta hauek COVIDaren osteko susperraldirako politikekin duten lotura jorratu zituen mintegi batean parte hartu zuen. ELGAk eta Eskualdeetako Lantaldeak lankidetzaren alorreko beste erakunde batzuekin batera –Europakoak eta nazioartekoak- antolatutako mintegian, Idazkari Nagusiak Euskadi 2030 Estrategia eta honek Euskadi NEXT (susperraldi eta Erresilientziaren aldeko neurriak biltzen dituen euskal programa) ekimen estrategikoarekin duen lotura aurkeztu zituen, eta, horiei lotuta, Euskadiko 2030 Agendaren bilakaerari buruzko jarraipena jasotzen duen  IV. Borondatezko  Txostena –VLR- ere bai.

Jasangarritasunaren alorreko etorkizuneko konpetentziei eta ikaskuntzaren lantegietan LHko ikasleen zuzeneko parte-hartzearekin garatuko den lankidetzari dagokienez, EARLLL europar sareak koordinatuta eta Europako beste bazkide eta instituzio batzuekin batera, bai Rikardo Lamadridek -Eusko Jaurlaritzako LHko Sailburuordetzako Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaria- eta bai Iñigo Araiztegik -TKNIKAko Nazioartekotze Zuzendaria- zenbait mintegitan esku hartu zuten, Miguel Altuna Zentroko ordezkari batekin batera. Bi gaien inguruan Euskadin beste bazkide batzuekin batera bultzatutako esperientzia eta ekimenak aurkeztu ziren, Europako Batzordeak eta beste europar erakunde batzuek hezkuntza-bikaintasunaren alorrean bultatzen dituzten ekimenetan egindako bidea bereziki azpimarratuz, zeren Euskadi prozesua gidatzen ari baita eremu horretan.

Itsas energia eolikoari eta olatu- eta marea-energiari dagokienez, Cristina Oyón –SPRIko berrikuntza eta jasangarritasun zuzendaria- gonbidatuta egon zen Europako Batzordeak beste europar batzuekin batera antolatu zuen hitzaldira.  SPRIko zuzendariak aurkeztu zituen itsas energiaren bitartez deskarbonizazioaren helburuei erantzun konkretua emateko xedez Euskadin bultzatu diren ekimenak.

Ekonomia urdinarekin eta  berrikuntzaren europar estrategiarekin estu lotuta, eta alor atlantikoan aplikazioa izanik, EEEko ordezkariak –Olatz Ajuria- Europako zenbait sare eta erakundek horren inguruan koordinatu zuten foro batean parte hartu zuen.

Halaber, bai Gasteizek eta bai Bilbok ahotsa izan zuten Europako Eskualde eta Hirien 2021eko Astean, Ana Oregi –euskal hiriburuko Lurralde eta Klimarako Ekintzaren zinegotzia- eta Ohiane Aguirregoitia –Bilboko Herritarren Arreta eta Partaidetza zinegotzia- bertan aritu baitziren.  Bi euskal hiriburuetako ordezkariek New European Bauhausari buruzko mintegi banatan esku hartu zuten, Gasteizko hiriaren erantzuna, hiri adimendunak eta Bilboren adibidea jorratuz.

Azkenik, eta euskal parte-hartzearekin ere, Regiostars 2021 - Urban Europe Sarietako 4. Kategoriako bost finalistek elkarrizketa batean parte hartu zuten, euren proiektuen ezaugarri berritzaileenak eta inpaktu handienekoak aurkeztuz. Azaldu zuten, halaber, zer-nolako ekarpena egiten zuten proiektuek elikadura-sistema osasungarriak, bidezkoak, ekologikoak, jasangarriak eta erresilienteak ezartzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Cristina Oyón (directora innovación y sostenibilidad, SPRI); Olatz Ajuria (EVE); Ana Oregi (concejala de Territorio y Acción Clima, Ayunt de Vitoria-Gasteiz); Ohiane Aguirregoitia (concejala de Atención y Participación Ciudadana, Ayunt Bilbao)