Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak aitorpen instituzionala, soziala eta morala egiten die biktima guztiei, eta etorkizuna printzipio eta balio etiko eta demokratikoen gainean eraikitzen jarraitzearen alde egiten du

2021-10-19
  • Eusko Jaurlaritzak hiru proposamen hauek bidali dizkio Nadia Calviñori: mugikortasun berria, trantsizio digitala eta osasun-terapia aurreratuak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak ETAren amaieraren hamargarren urteurrenaren harira egindako adierazpen instituzionala irakurri du. Urteurren honetan, Eusko Jaurlaritzak hiru gogoeta adierazi ditu:

Lehenengoa, atzera begira egindako gogoeta. “ETAren jarduera terrorista guztiz zentzugabea izan zen, eta modurik irmoenean gaitzesten eta salatzen dugu behin berriro. Berrogei urtez iraun zuen indarkeriazko jarduna ezagutu dugun eskubide eta askatasunen urraketarik larriena izan zen“, esan du Zupiriak. “Zentzugabekeria” horren emaitza dira ETAk utzi zituen 854 hildakoak eta zauritutako, bahitutako, mehatxatutako, eta estortsionatutako milaka pertsonak.

Bigarren gogoeta, 2011ko urriaren 20tik igaro diren hamar urteen ingurukoa da. Baikorra da, bozeramailearen arabera, hamar urte hauei buruz egiten duten gogoeta; indarkeriaren trabak gainetik kendu ondoren, pausu sendo eta erabakiorrak eman baitira gizarte bezala norabide onean. Zentzu honetan, adierazi du biktimen aitortza dela lehen pausua, biktima guztiena, bai ETAren biktimena eta bai eskubideen urraketa guztien biktima izan diren guztiena. “Biktimek aitorpena behar dute: Legezkoa, erakundeena, gizartearena eta morala”, esan du. Bestetik, Zupiria sailburuak etorkizunaren oinarri memoriak izan behar duela nabarmendu du. “Gizarte bezala konfiantza berreskuratu dugu geure gaitasunetan eta hori ere aurrerapen esanguratsua da”, gaineratu du.

Eta hirugarren gogoeta etorkizunari buruzkoa da. Itxaropenez eta konpromisoz betetako gogoeta, bozeramailearen hitzetan. “Etorkizuna guztion artean eraiki beharko dugu, eta zutabe sendoak beharko ditu, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarriturik. Pertsonaren duintasuna, giza eskubideen errespetua eta berme eraginkorra, indarkeriarik eza, errespetua, elkarrizketa, aniztasuna eta pluralitatea  denok aitortzen ditugun printzipioak dira. Bat gatoz denok bizikidetza indartzeko eta hobetzeko printzipioak direla, eta bizikidetza da bidea. Denon arteko bizikidetza, guztiontzakoa. Inor atzean utzi gabe“, amaitu du.

NEXT PROIEKTUAK

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Eusko Jaurlaritzak Nadia Calviño lehen presidenteordeak egindako eskaerari erantzuteko bidaliko dituen hiru proiektu estrategikoak aurkeztu ditu. Proiektu horietan, jarduera ekonomikoa eraldatzen eta bultzatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko ekimenak identifikatzen dira.

“Basque Mobility”, “Datuaren ekosistema” eta “Basque Advanced Therapies” herrialde-ikuspegiarekin definitutako proiektuak dira, Euskadi Next programan jasotako proiektuak integratzen dituztenak. Bat datoz Euskadiko espezializazio adimenduneko hiru arloekin eta Espainiako Susperraldi Planarekin. Bestalde, Europak finkatutako epeetan betearaz daitezke eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eraldatzaileak izango dira. Arantxa Tapiak azaldu duenez, guztizko inbertsioa 1.854 milioi eurokoa izango da, Europako finantzaketa, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien inbertsio publikoa eta inbertsio pribatua batuta. Zenbateko horretatik % 35 Europako funtsetatik etor daitekeela gaineratu du, I+Gko osagai handia baitu.

Aukeratutako proiektuak hauek izan badira ere, Tapia sailburuak Euskadi Next programan biltzen diren gainerako proiektuek Europako baliabideak lortzeko aukera izango dutela azpimarratu du, orain arte bezala, Espainiako Gobernuak gaitutako bideetatik: PERTE proiektuak eta laguntzen eta deialdien programak.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak