Berriak Segurtasuna

Emakume bat erreskatatu dute Arabako Leze haitzuloaren sarreran erori eta min hartuta

2021-10-15

Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek Leze haitzuloan (Araba) sartzera zihoanean erori eta min hartu duen emakume bat erreskatatu dute gaur goizean. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen helikopteroak erreskatatu ondoren, Osakidetzaren helikopteroan eraman dute Gurutzetako ospitalera. Pagoeta mendian ere (Gipuzkoa) beste emakume bat erreskatatu dute arrazoi beragatik, eta gero osasun-zentro batera eraman dute.

Eguerdiko hamabiak aldera, partikular batek 112 SOS DEIAK zerbitzura deitu du bere lagunak, 58 urteko emakumeak, Arabako Leze haitzuloaren ondoan erori eta min hartu duela esanez.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuko teknikari batek Zaintza eta Erreskate Unitatearen helikoptero bat, mendiko taldea, Arabako suhiltzaileak eta Osakidetzaren helikopteroa mobilizatu ditu lekura.

Bertara iritsi direnean, Ertzaintzako mendiko taldeak eta suhiltzaileek eman diote lehen laguntza biktimari, eta helikopteroan eraman dute inguruko zelai batera. Bertan zain zituen Osakidetzako osasun-zerbitzuek Gurutzetako ospitalera eraman dute helikopteroan.

Bestalde, handik ordubetera, 69 urteko beste emakume bat eraman dute osasun-zentro batera, Gipuzkoako Pagoeta mendian erori eta min hartuta. Kasu honetan Gipuzkoako suhiltzaileak hurbildu dira zauritutako emakumea zegoen lekura, eta Zarauzko anbulatoriora eraman dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan