Berriak Segurtasuna

Ertzaintza Europako Batzordeak finantzatzen dituen segurtasunaren eta teknologia berrien arloko ikerketa eta berrikuntza proiektuetan parte hartzen ari da

2021-10-17

Europako hainbat herrialdetako bazkide zientifiko eta teknologikoek Iurretako, Berroziko eta Bilboko instalazioak bisitatu dituzte

  • Ertzaintzak tresna teknologikoen hainbat proba pilotu eta bateratze-lan hartu ditu Berroziko eta Deustuko (Bilbo) egoitzetan, I+G+b-ren arloko Europako proiektu batzuen esparruan. Ertzaintza proiektu horietan parte hartzen ari da beste polizia-kidego batzuekin eta teknologiaren eta ikerketa zientifikoaren esparruko hainbat enpresarekin batera. Kidegoak antolatutako lan-jardunaldi hauetan hainbat praktika egin dituzte droneen erabilpenean aplikatutako teknologiarekin, bai eta proba berritzaileak ere Txakur Unitatearekin. Irudiak hartzeko eta aztertzeko erreminta batzuk ere probatu dituzte, larritasun ezberdineko larrialdiak edo hondamendiak kudeatzeko goi-mailako beste teknologia-soluzio batzuekin batera.

Euskadin urriaren 5etik 8rako astean egin ziren jardunaldietan, besteak beste, Alemaniako, Espainiako, Greziako, Herbehereetako, Suediako eta Norvegiako ikerketa-zentroen eta bazkide teknologikoen ordezkariek parte hartu zuten. Bisita Europar Batasunaren proiektuen esparruan, horien artean, Horizon 2020 Research & Innovation proiektuaren esparruan, egin da, Ertzaintza “INGENIOUS” eta “PREVISION” proiektuekin ari baita parte hartzen proiektu horretan.

Proiektu horiek polizia-atal ezberdinetan integratutako hainbat tresnaren garapena eta balidazioa sakontzen dute, ahalmen operatiboa areagotuko duen erantzun bat eman ahal izateko, gertaera larrien kudeaketan goi-mailako soluzio teknologikoak integratuz.

“PREVISION" proiektuaren analisien arabera, Segurtasunerako Europako Agentziak terrorismoaren, krimen antolatuaren eta delitu informatikoen aurkako borroka lehenesten du, EBko polizia-kidego guztientzako mugaz gaindiko erronka moduan. Europako segurtasun integralaren ikuspegi horretatik sortzen da poliziek tresna berritzaileak, segurtasun kolektiborako mehatxuen monitorizazioa, aurreikuspena eta ebaluazioa hobetzen lagunduko dutenak, izateko premia.

Proiektu horien esparruan, Ertzaintzak hainbat lan-multzo lideratu ditu, besteak beste, aipatutako “INGENIOUS” proiektua, eta Europako bazkideen zerbitzura hainbat arlotako ekipamenduak jarri ditu, besteak beste, Laguntza Taktikoko Zentraleko Unitatea osatzen duten Zaintza eta Erreskate Unitatean (droneen lana), Lehergailuak Indargabetzeko Unitatean eta Brigada Mugikorrean, bai eta Erakundeen Segurtasunerako Zentraleko Txakur Unitatean, Babes Unitatean, Erakundeen Segurtasunerako Unitatean eta Esku Hartzeko Unitatean ere.  

Jardunaldi teknikoak eta probak droneekin, eta aplikazio berriak

Ertzaintzak, lan egiteko modu berriak bilatzeko etengabeko prozesuan, eta segurtasunaren arloko Europako proiektu horietako parte-hartzaileek, enpresa eta institutu teknologikoetako arduradunekin batera, hainbat proba teknologiko egin ahal izan dituzte aste honetan, besteak beste, droneekin irudiak hartzeko (indoor eta outdoor), lehenengo esku-hartzaileei zuzenduta. Horien adibideak MIN deiturikoak dira, erdi kolapsatuta dauden eta arriskutsuak diren eraikinetan lehenengo esku hartzen dutenei laguntzeko barruko mikro droneak.

Kanpoko beste prototipo batek bilaketa eta erreskaterako Aireko Kamera Modularraren Sistema probatzeko aukera eman du. Kasu honetan drone batek eta kamera-sistema batek interesatzen den eremuko eta inguruko mapa bat sortzen eta eskaintzen du larrialdia azkar ebaluatu ahal izateko.

Ertzaintzako Txakur Unitateak K9 txalekoa ere probatu du aste honetan Berrozin, txakurrak egiten duen lokalizaziotik abiatuta informazioa ez ezik bideo-irudiak eta soinua ere ematen dituen dispositibo adimenduna.

Berroziko polizia-instalazioek ez ezik Bilboko Ertzain-etxeak ere hartu du “workshop” bat, kasu honetan datuen analisi aurreraturako tresnei eta Interneti, sare sozialei eta abarri buruzkoa, I+G helburuarekin, bai eta “krisi-geletatik” jarduteko ere, prebentziozko polizia-lanen planifikazioan, gertaeren kudeaketan eta arriskuak baloratzean, besteak beste.  

“PREVISION" proiektuari dagokionez, Ertzaintzak proiektu pilotuak garatzeko lana gidatzen du, eta bertan parte hartu dute, bazkide teknologikoez eta zientifikoez gainera, proiektuaren baitan garatzen ari diren tresnen arduradunek. Unitate ezberdinetako pertsona horiek izan dira, besteak beste, Inteligentzia Bulego Nagusiko analistak (sare sozialetakoak), Inteligentzia Operatiboko Laguntza Teknikorako Zerbitzuko kideak, Ardatzekoak (Aginte eta Kontrol Zentroa), Brigada Mugikorrekoak eta Bilboko Ertzain-etxekoak, bai eta Segurtasun Saileko Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzako hainbat arloren arduradunak ere.

Etorkizuneko polizia

“INGENIOUS” proiektuak aztertu eta garatu dituen tresnek teknologiarik aurreratuena eskaintzen dute uniformeetako elementuak eta osagarriak hobetzeko (kaskoak, botak, aurpegia ezagutzeko aplikazioa, gas-sentsorea, etab.). Baliozkotuko eta ezarriko balira, belaunaldi berriko erreminta integratu horiek babes-maila handia bermatuko lukete, bai eta gertaera larri baten ondoren sor daitezkeen agertokietan erantzuteko ahalmen operatibo handiagoa ere.

2 iruzkin
  • 2021-10-17

    Arma eramaileen detekzioa gehiago koordinatzea, kalkulu-errore batek zorigaitza eragin baino lehen. Zaintza-tokitik ateratzen direnean, telezuzentzera behartzea nolabait, baliabideak uneren batean kolapsatu daitezkeenean kontrolatu beharrean, adibidez, barne-ustelkeriagatik.

  • 2021-10-17

    Coordinar más la detección de armas portantes antes de que un error de cálculo pueda suponer una desgracia. Cuando salen del lugar de custodia obligar a teledirigir de algún modo en vez de controlar cuando los recursos puedan colapsar en algún momento por ejemplo por corrupción interna.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan