Eusko Jaurlaritzak laguntza-lerro berri bat jarri du abian Euskadiko zinema-aretoetarako

2021-10-15
  • 200.000 euroko partida berri hori sektoreak pandemiaren ondorioak arintzeko urtean zehar jaso dituen 640.000 euroei gehitu behar zaie.
  • Laguntzak filmen estreinaldiekin lotuta egongo dira, eta 15.000 eta 25.000 euro artekoa izango dira, proiekzio-aretoen tamainaren arabera.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan iragarri duenez, zinema-aretoei laguntzak emateko deialdi berri bat jarriko da abian, pandemiaren ondorioz izan den ikusleen beherakadari eta COVID hedatzearen aurka borrokatzeko hartu diren neurrien ondorioz sortu diren kalteei aurre egiteko.

“Gure kezketako bat da pandemiak eragin dituen kalteak arintzea eta kultura-jarduera bermatzea. Eta horrek zinemari ere eragiten dio” adierazi du sailburuak bere agerraldian.

Deialdi berri hau 2021eko urriaren 27an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, aurrekoan bezala, Europako eta/edo Latinoamerikako filmen proiekzioari lotuta dago. Ezarritako oinarrien arabera, laguntza jasotzeko, zinema aretoek 10 estreinaldi eskaini beharko dituzte (film europarrak edo latinoamerikarrak) 2022ko martxoaren 31 baino lehen, eta gehienez 15.000 euro jaso ahal izango dituzte 3 areto baino gutxiagoko zinemek eta 25.000 euro baino gehiagokoak 3 areto baino gehiagokoek.

Deialdi honi 2021ean sektore honetara bideratu diren beste laguntza batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola Zinemazale Berriak programa (400.000 euro) edo Zineuskadik zinema-aretoetara bideratzen dituen diru-laguntzak 240.000 eurora arte handitzea, besteak beste.

“Jabetzen gara sektoreak egin duen eta oraindik egiten ari den ahaleginaz. Eta uste dugu Jaurlaritza garen aldetik ahalegin horretan lagun dezakegula. Pandemia osoan egin dugu, eta egoerak hala eskatzen duen bitartean egiten jarraituko dugu”, adierazi du Bingen Zupiria sailburuak Legebiltzarrean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak