Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Europar Batasuneko 21 herrialdetako kidego diplomatikoari harrera egingo dio

2021-10-15
  • Astelehenean, urriak 18, izango da bilera Lehendakaritzan
  • Urkullu Lehendakariak 2013. urteaz geroztik Europako talde diplomatikoarekin egindako bostgarren bilera da

Iñigo Urkullu Lehendakariak Europar Batasuneko estatu kideek Madrilen duten kidego diplomatikoa hartuko du. Urriaren 18an, astelehenean, Lehendakaritzan egingo den bileran, Europako 21 herrialdetako ordezkariak izango dira, Esloveniako Robert Krmelj enbaxadorea buru dutela. Europako Batasuneko txandako lehendakaria da Robert Krmelj. Bilera horretan izango dira, halaber, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendaria eta Esloveniako ohorezko kontsula Donostian, eta Europan gaurkotasun handia duten gaiak bateratzeko balioko du, hala nola pandemia osteko susperraldi ekonomikoa eta soziala, Europako Funtsen kudeaketa edo trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa. 

Hori izango da Urkullu lehendakariak Europako talde diplomatiko horrekin 2013az geroztik egingo duen bosgarren lan-bilera. Oraingoan, Alemania, Austria, Bulgaria, Zipre, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal eta Suediako enbaxadoreek bisitatuko dute Euskadi, baita Europako Batzordearen ordezkaritza batek ere. 

Agenda 

Kidego diplomatikoak urriaren 17an, igandearekin, hasiko du Euskadira egingo duen bisitaldi ofiziala, eta hilaren 19an, asteartearekin, amaituko da bisitaldia. Lehendakariarekin izango duten harreraz gain, Eusko Legebiltzarreko presidente Barkatxo Tejeriarekin bilduko dira eta Gernikako Batzar Etxea –Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak hartuko ditu–, Chillida Leku museoa eta Basque Culinary Center ere bisitatuko dituzte. Teknologiaren arloan, ordezkaritzak aukera izango du Euskadiko LHko Ikerketa Aplikatuko Zentroa-Tknika, Miramongo Teknologia Parkea eta Viralgen enpresa bioteknologikoa ezagutzeko. Terapia genikorako bektore biralen ekoizpenean espezializatua da Viralgen enpresa. 

Halaber, taldeak Euskadiko Biodibertsitate Zentroa bisitatuko du (Busturiako Madariaga Dorretxea), eta bertatik bertara ezagutuko du Basque Green Deal ekimena, garapen ekonomiko bidezko eta iraunkorrerako euskal eredua, industria eta teknologia palanka nagusi direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak