Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak adierazi du beharrezkoa dela Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian aztertzea konstituzio-eskualdeak nola txertatu EBren gobernantzan

2021-10-14

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia online parte hartzen ari da EBko Eskualdeen Europako Komiteak Bruselan egun hauetan duen osoko bilkuran. 

Bruselan aurrez aurre nahiz modu birtualean egiten ari diren saioetan, urteko eskualdeko eta tokiko barometroari buruz eztabaidatzen ari dira Erakunde arteko Harremanen eta Prospektiba Arloaren arduradun Maroš Šefčovič presidenteordearekin; Esloveniako presidentetzak EBko Kontseiluan dituen lehentasunei buruz, Esloveniako lehen ministroarekin; “Glocal” Itun Berdeari buruz, Ingurumen, Ozeano eta Arrantzako komisario Virginijus Sinkevičius-ekin; eta hondamendi naturalei buruz, Krisia Kudeatzeko komisario Janez Lenarlos‑ekin. 

Osoko bilkura amaitzeko, Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziari buruzko eztabaida egingo da Demokrazia eta Demografia arloko arduradun Dubravka Šuica presidenteordearekin. Eztabaida horretan, Marian Elorzak, Eusko Jaurlaritzaren eta Renew Europe talde politikoaren izenean, maila anitzeko gobernantza eraginkorraren beharra defendatuko du, eta hausnarketa bat egiteko eskatuko du, konstituzio-eskualdeak egoki txertatzeko EBko erakunde-arkitekturan. 

Oraingo honetan, Eskualdeen Komiteak 7 irizpen eta 2 ebazpen bozkatu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 16 zuzenketa aurkeztu dizkie horiei. 

2021-2027 aldirako elkartze-akordioak eta programa operatiboak prestatzen parte hartzeari buruzko irizpen-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du eskualdeko eta tokiko erakundeei ez zaiela behar adinako garrantzia eman berreskurapen- eta erresilientzia-plan nazionalak egiteko orduan eta horrek funtsak hobeto erabiltzea kaltetzen duela. 

Era berean, Europar Batasunak Haurren Eskubideei eta Europako Haurren Bermeari buruz egindako irizpen-proiektuan, euskal zuzenketek azpimarratu dute beharrezkoa dela familien inklusio sozioekonomikoa indartzea; gizarte-desabantailako egoeran dauden haurrei eskolaz kanpoko laguntza eta prestakuntza digitala ematea; adingabeak babesteko sistema uzten duten gazteei laguntza-baliabideak ematea, bizi-proiektu autonomo bat garatzeko; haurrak prozesu guztietan behar bezala informatzea; eta haurrak migratzaile izateagatik barneratze zentroetan sartzea saihestea.  

Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziari (COP26) buruzko irizpen-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu egin du eskualdeko eta tokiko itun berdeen balioa, klima-aldaketaren inpaktura egokitzeko analisiarena eta klima-berrikuntzako tokiko programa sortzearena. 

Osoko bilkurarekin batera, Europako hiriburuan egiten ari dira 2021eko Eskualdeen eta Hirien Europako Astea –Jardunbide egokiak eztabaidatzeko eta trukatzeko urteroko hitzordua–, eta Euskadik hainbat tailerretan parte hartzen du. Hala, Euskadik Bruselan duen ordezkariak EBren araudia hobetzeari buruzko mintegian parte hartu du; Trantsizio Sozialeko eta Agenda 2030eko idazkari nagusiak, Garapen Jasangarriko Helburuak kokatzeari buruzko mintegian; eta EEEk, Arlo Atlantikoko ekonomia urdinari eta RIS3ri buruzko mintegian.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)