Euskal Kasazio Zibilerako Errekurtsoaren Legeak hobetu egingo ditu Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko eztabaida judizialetan EAEko Auzitegi Nagusian onartzeko baldintzak

2021-10-18
  • Ekimenari esker, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak “maizago” erabakiko du euskal Zuzenbide Zibilari buruzko gaietan
  • Garamendi Sailburuak bide horretatik auzitegietara jotzeko kasuak zabaltzea planteatzen duen lege-proiektua defendatu du
  • Araudiak zehazten du zeintzuk izan daitezkeen kasazio-errekurtsoa jar dakiekeen arauak eta zeintzuk ez
  • Lege-proiektuak prozesuaren gutxieneko zenbatekoa kentzen du kasazio-errekurtso bat epaitu ahal izateko, eta kasazio interesaren kontzeptua zabaltzen du

 Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, eztabaida judizialek Euskal Zuzenbide Zibilari eragiten diotenean justizia auzitegietan kasazio-errekurtsoa zein kasutan jar daitekeen arautzen duen Euskal Kasazio Zibilerako Errekurtsoaren lege-proiektua azaltzeko. Ekimenak planteatzen du horrelako errekurtsoak onartzeko baldintzak hobetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian (TSJPV).

Garamendi Sailburuak sustatutako ekimenak kasazio-errekurtsoaren berezitasunak bilduko dituen eta Euskal Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara eta beharretara egokituko den arau bat bultzatzeko beharrari erantzuten dio. “Ez du gatazka judizialik sustatzeko asmorik, baizik eta kasaziora iristen diren kasu gehiago egon daitezen eta, horrela, gure Justizia Auzitegi Nagusiak maizago hitz egin dezan. Horrela, gure Zuzenbide Zibila aberastu eta hobetuko lukeen azterketa judiziala eta doktrina izango genituzke”, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko titularrak adierazi duenez, Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean egin duen agerraldian, Sabino Torre Araubide Juridikoaren Sailburuordearekin eta Xabier Unanue Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendariarekin batera.

Gaur egun, eta 1989an Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia sortu zenetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako probintzia auzitegiek emandako epaien edo ebazpenen aurka kasazio-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusian. Hori horrela da Euskadiko instituzioek emandako legeen eta arauen arabera ebatzi beharreko gaiak epaitu nahi direnean. Ordena zibilean, hori onartuta dago dagoeneko Prozedura Zibilari buruzko Legean bertan.

Prozedura Zibilaren Legean aurreikusitako arau prozesal komunek, bai Auzitegi Goreneko kasaziorako bai EAEko Auzitegi Nagusiko kasaziorako aplikagarriak direnek, kasazio-errekurtsoa eskuratzeko bi bide aurreikusten dituzte: bata, 600.000 euroko gutxieneko zenbateko ekonomiko batengatik, gai bat epaitu ahal izateko; eta, bestea, gaiaren eta kasazio interesa dagoenean.

Lege-proiektuak gutxieneko zenbatekoa kentzea planteatzen du, uste baita kopuru hori handiegia dela, eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusira iristen diren kasuak urriak dira Euskadin. Horrela, euskal auzitegi gorenak gehiagotan epaituko du, bere jurisprudentzia-corpusa handituz eta bere doktrina aberastuz. Ildo beretik, ekimenak kasazio-interesa deiturikoa interpreta daitekeen kasuak zabaltzea aurreikusten du, kontzeptu hori gaur egun mugatuegia baita kasu tasatu batzuetarako.

Baldintza horiek oso estuak dira eta, praktikan, zorrotzegiak dira gure Zuzenbide Zibilaren errealitaterako; izan ere, gure gizartearen berezitasunei erantzuten dieten berezitasunak kontuan hartzen ditu, eta Zuzenbide Zibil komunetik nabarmen bereizten dute.

Praktikan, Estatuko araudia gure errealitatera ez egokitzeak eragin du gure Justizia Auzitegi Nagusiaren existentzia urteetan, Arlo Zibileko Salan, Euskal Zuzenbide Zibilaren arloko epai gutxi ematea, kasazioan. Eta epaiketatik kanpo geratu dira, kasazio orokorraren eskakizun zorrotzengatik, errotze eta gatazka sozial handiko foru gaiak. “Orain, gaur aurkeztu dizuegun lege-proiektu honekin, kasazio-errekurtsoa onartzeko baldintzak hobetu nahi ditugu, EAEko Justizia Auzitegi Nagusia gai bakoitzaren mamian sartzeko eta epaia emateko aukerak zabalduz”, azpimarratu du Garamendi Sailburuak.

Lege-proiektu hori Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2021eko ekainaren 1ean, Jaurlaritzaren legegintza egutegian onartutakoa betez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak