Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratzek diplomak banatu dizkie Gureak Taldeko ikasleei

2021-10-13
  • Desgaitasunen bat duten 22 ikaslek Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak burutu dituzte, Merkataritza-zerbitzuen eta Administrazio-zerbitzuen arloetan
  • Lehen promozioko ikasleen %70 lanean hasi dira ikasketan amaitu ondoren

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, azken bi ikasturteetan Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketak egin dituzten Gureak taldeko ikasleen lehen promozioei diplomak emateko ekitaldian parte hartu du gaur arratsaldean. Zehazki, 22 ikaslek egin dituzte Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak 2018-2020 eta 2019-2021 ikasturteetan, eta gaur jaso dute euren aitortza.

Ikasle hauek guztiek 2.000 orduko prestakuntza teoriko-praktikoa jarraitu eta gainditu dute, bi espezialitatetan: Merkataritza-zerbitzuen arloan edo Administrazio-zerbitzuen arloan. Gainera, 2021-2022 ikasturte honetan, beste 55 ikaslek bide horri jarraitzen diote, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak egiten ari dira Gureak taldearen ikasgeletan.

Gorago aipaturiko hori guztia Gureak taldearen eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetzaren emaitza izan da – 2018an hasi zen –, era guztietako ikasleentzat Lanbide Heziketa eskuragarri bat abian jartzeko, adimen-urritasuna dutenen ikasleak barne. Helburua argia izan da hasiera-hasieratik: ikaskuntzan eta aukeretan emankorrak izango diren ibilbideak eskaintzen jarraitzea desgaitasuna duten pertsonentzat, bereziki laguntza-premia handienak dituzten pertsonentzat, bai sozialki eta bai profesionalki garatu ahal izan daitezen, euren behar eta interesei erantzunez.

%70 lanean

Hitza hartu duelarik, Bildarratz sailburuak gaurkoa harro egoteko eguna dela esan du, bereziki gaur arratsaldean diplomak jaso dituzten ikasleentzat. Era berean, Hezkuntza Sailaren eta Gureak taldearen arteko lankidetza azpimarratu du, enpresa-talde horrengandik eskaera jaso ondoren sortu zen elkarlana.

Baina, Hezkuntza sailburuaren esanetan, gaurko ekitaldiarekin gizarte guztiak ere badu ospakizunerako arrazoirik. “Diploma hauek lagungarri izan behar dira gizarte osoak begiak hobeto ireki ditzan. Hemen denok gara garrantzitsuak. Pertsona bakoitzak zeregin bat betetzen du, funtzio bat. Pertsona guztiok egiten dugu geure ekarpena, eta denok gara garrantzitsuak. Pertsona guztiei beren helburuak lortzen laguntzea da gakoa”, azaldu du.

Bildarratzek nabarmendu du, halaber, Gureak elkarteko langile guztiek egiten duten lana, egunero ahalegintzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonekin batera lanean, horiei laguntza emanez. Gureak elkarteko zuzendaritzako kideek aurretik nabarmendu duten datu bat ere azpimarratu du sailburuak: lehen promozioko ikasleen %70 heziketa-zikloa amaitu ondoren lanean hasi dela.

Ildo horretan, sailburuak bertan zeuden ikasleei gogorarazi die erreferente bihurtu direla, euren atzetik bide bera jarraituz datozen edo etorriko diren gainerako lagunentzat erreferente, titulazio berbera lortzeko hauek ere egin beharko duten ahaleginean.

Diploma-banaketa Gureak enpresa-taldeak Donostian duen egoitza nagusian egin da, eta desgaitasunen bat duten ikasle guztiak omentzeko eta bi ikasturtetan zehar hauek egin duten ahalegina aitortzeko ekitaldi bihurtu da. Gureak taldeko arduradunez gain, ikasleen senideak ere izan dira diplomak banatzeko ekitaldian.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak