Kontroleko osoko bilkura (20221/10/15)

2021-10-15

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gobernantza-ereduari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du, gehiengo osoa izan arren, Eusko Jaurlaritzak oposizioko taldeekin hitz egiteko, akordiorako eta lankidetzarako prestutasuna agertu duela. Ildo horretan, adierazi du Eusko Legebiltzarrean legeak eztabaidatu eta onartzeak aukera ematen duela legebiltzar-taldeen eta Jaurlaritzaren arteko akordiorako benetako borondatea kontrastatzeko, bereziki Jaurlaritza sostengatzen ez duten taldeei buruz ari garenean. “Pandemia betean onartutako 2020ko Aurrekontuaren orientazio aldaketa edo 2021eko aurrekontuen legea; edo pandemia kudeatzeko Legea horretarako aukerak izan ziren”, zehaztu du. Hori horrela, 2022ko aurrekontu-proiektuari begira, Lehendakariak parte hartzera eta ahalik eta indar gehien batzera gonbidatu ditu oposizioko taldeak.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, etxebizitzak Euskadin duen egoerari buruz.

Urkullu lehendakariak adierazi du Euskadin etxebizitza gizarte politikak sustatzen direla. Horren adibide, 2021-2023 Etxebizitzaren Gida Plana aipatu du. Plan horrek indartu egiten du Jaurlaritzak etxebizitzarako eskubide subjektiboari erantzuteko; alokairu sozialaren eskaintza handitzeko; alokairu eskuragarria garatzeko; eta birgaitzeko laguntzak bikoizteko duen konpromisoa. Hala eta guztiz ere, lehendakariak aitortu du badagoela hobetzeko tarte bat, eta “prest gaude zuekin batera aztertzeko datorren urteko aurrekontu-proiektuak eskaintzen digun aukera zehatza”.

Espainiako Bankuak etxebizitzaren merkatuari buruz egindako txostenari eta Bilboko edo Donostiako alokairuaren prezio handiari dagokienez, Iñigo Urkulluk aitortu du egia dela, baina azpimarratu du txosten horrek berak adierazten duela alokairuko etxebizitzen eskaintza modu egonkorrean handitzeko neurriak, kolektibo ahulenen eskura jartzeko, eraginkorrenak direla.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskal Y trenbidearen egikaritzearen eta AVE euskal hiriburuetara iristearen inguruko ziurgabetasun gero eta handiagoari buruz.

Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren jarrerak zorrotza izaten jarraituko duela euskal Y trenbidearen egikaritzearen eta AHT euskal hiriburuetara iristearen inguruan lortutako akordioak betetzearekin. Era berean, Urkulluk proiektu horren dimentsio europarra azpimarratu du, eta gaineratu du oso garrantzitsua dela oinarrizko komunikazio-azpiegitura hau burutzea, Europarekin lotzeko.

Hori horrela, lehendakariak aukera eman du berriro ere Eusko Jaurlaritzak azpiegitura horren zatiren baten obrak kudeaketa-mandatu baten bidez gauzatzeko, Gipuzkoako zatiarekin egin zen bezala. “Euskadirentzat eta Estatuarentzat onena dela uste dut, inbertsioei eustea eta aurrekontuak osorik gauzatzea bermatuko lukeelako”, adierazi du.

“Diodan bezala, espero dut zure taldearen laguntza ere izatea, bai eta gizarte, ekonomia eta erakundeetako eragileena ere, Korridore Atlantikoaren defentsan; Mediterraneoko Korridorearekin gertatzen ari den bezala”, amaitu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, lehenengo alarma-egoeran ezarritako isunak ordaintzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, Konstituzio Auzitegiak emandako epaia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, Segurtasun Saileko zerbitzu juridikoek adostu zuten edozein neurri ahalik eta segurtasun juridiko handienarekin hartu behar zela. Premisa horretatik abiatuta, elkarren segidako hiru erabaki hartu dira: oraindik izapidetzen ari ziren administrazio-bideko jarduerei amaiera ematea; Gobernu Kontseiluak auzibidean egiteke zeuden jarduketak amaitzeko hartutako erabakia; eta, ondoren, behar bezalako kontraste juridikoaren ondorioz, Segurtasun Sailak Administrazioak kobratutako zenbatekoak itzultzea erabaki zuen. “Gure jarduera konparaziozko bidegabekeria hori saihestera bideratu da, eta erabaki hori hartzeko berme juridiko eta bideragarritasun guztiak izan ditugun unean egin dugu”, azpimarratu du lehendakariak.

“Itzulketak baliabide publikoen mobilizazio handia eragingo du, kobratzeko unean gertatu zen bezala. Nolanahi ere, Gobernu honen asmoa, pandemian zehar isunak jartzeari dagokionez, ez da inoiz diru-bilketarena izan. Eusko Jaurlaritzaren helburua beti izan da euskal herritarren osasuna zaintzea, eta horretarako Ertzaintzaren eta udaltzaingoen laguntza izan du uneoro”, adierazi du Urkulluk.

Galdera, Josu Estarrona Elizondo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ate birakarien inguruan.

Lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak etika- eta jokabide-kode propioa duela, Gobernuko kide guztiei eragiten diena, baita goi-kargudunei edo zuzendaritza-erantzukizuna dutenei ere; eta kode etikoaren helburua Gobernua osatzen duten pertsona guztiek modu arduratsu eta zintzoan jardungo dutela bermatzea dela. Gainera, jokabide horien jarraipena eta kontrola egiteko mekanismoak badaudela azpimarratu du, bai eta neurri zigortzaile eta zuzentzaileak hartzeko ere. Eusko Jaurlaritzak, zentzu honetan, neurriak hartu dituela eta, beharrezkoa bada, berriro ere hartuko dituela baieztatu du Lehendakariak.

Horrela, Iñigo Urkulluk, alde batetik, Kontroleko Bilkuren bidez Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna kontrolatzera, eta, bestetik, edozein portaera irregular aurreikusi, kontrolatu edo zigortzeko aukera ematen duten neurri berriak proposatzera gonbidatu ditu legebiltzarkideak. “Gainerakoek, hau da, erantzukizun publikoa duten pertsonen gaineko “susmo orokorra, erabatekoa eta etengabea” zabaltzeak, ez du ezertan laguntzen partekatzen dugun helburuan; hau da: herritarren konfiantza bermatzea erakundeen jardunean”, gehitu du.

Galdera, David Soto Rodríguez Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Administrazio publikoko kargudunen interes-gatazkari buruz.

Lehendakariak ziurtatu du Jaurlaritza dela ezarritako printzipio etikoak betetzen direla ziurtatzen lehen interesatua, ez soilik interes- eta bateraezintasun-gatazkei dagozkienak, baita erakunde-errespetuari, gardentasunari, erantzukizunari eta eredugarritasunari dagozkienak ere. Hala, edozein zalantza izanez gero, Kode Etikoaren Batzordean kontsultak egin eta kexak edo salaketak aurkez daitezkeela adierazi du; edozein instantziatatik egin daiteke. “Hori egiaztatzeko arau-esparru bat eta jarraipen- eta kontrol-prozedura bat ditugu, baita auzitegietara jotzea ere”, adierazi du.

Hala ere, kargu publiko bat bete izana ezin dela beste erantzukizun publiko edo pribatu baterako susmo edo desgaikuntzaren kausa izan adierazi du, betiere legezkotasuna betetzen bada. “Ziurtasunik gabe, akusazioaren fokua pertsona jakin batzuengan jartzen denean, kalte pertsonal konponezinaz gain, politikarekiko konfiantza, gure lanarekiko konfiantza ere kaltetzen da”, gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak