Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Unda: “Gure iturri berriztagarriak aprobetxatzeko baldintzarik egokienak sortuko ditu Eusko Jaurlaritzak”

2011.eko irailak 06

Industria sailburuak The Climate Group erakundeak antolatutako jardunaldi batean parte hartu du Londresen, ibilgailu elektrikoaren eta sare elektriko adimendunen garapenean abian jarritako euskal eredua azaltzeko.

Lehendakaria aurten hasita The Climate Group erakundeko Europako presidente izango da. Munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat eskualde- eta toki-gobernu biltzen ditu erakunde horrek.

Euskadiren adibidea, "energia garbiaren iraultzaren lidertzaren" eredu gisa erabili dute.

 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak 'energia garbiaren iraultza' deitutakoaren garapenean munduko punta-puntako eskualdeen artean egoteko gakoak azaldu ditu gaur Londresen.

Sailburuak Australiako Hegoaldeko eta Quebeceko ministro homologoak izan ditu mahaikide, eskualde horiek ekitaldia antolatu duen The Climate Group elkartearen presidentetza baitute Asian eta Amerikan. Patxi López Lehendakaria erakundearen Europarako presidente hautatuko dute aurten.

Bere azalpenean, Bernabé Undak Euskadiren Energia Estrategia (3E-2020) epe laburrean onartuko dela iragarri du, eta adierazi du baliagarria izango dela  "energia-hornidura kantitatean eta kalitatean ziurtatzeko, kostu lehiakorrarekin eta ingurumenari dagokionez modu iraunkorrean".

Sailburuak etorkizuneko proiektu horren ildo nagusiak azaldu ditu, eta adierazi du energiaren alorrean lehentasuna "aurreztea, energia gutxiago eta modu eraginkorragoan kontsumitzea" dela. Ildo horretan, azpimarratu du "oso ahalegin handia egin dela industriaren sektorean eraginkortasuna hobetzeko, produkzio-prozesuak hobetuz, ekipoak berrituz, kogenerazio-plantak sartuz, hondar-beroa erabiliz...".

Orain, datozen urteetarako erronka nagusia ahalegin horiek beste sektore batzuetan aplikatzea izango da, adibidez eraikuntzan eta garraioan. Eta Jaurlaritzak esparru horietan bultzatu nahi ditu teknologiak, 'teknologia adimendunak' kontzeptupean bilduta.

Ildo horretan, azken bi urteetan garatu diren bi ekimen zehatz aipatu ditu sailburuak: ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare baten garapena, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE/EVE) eta Repsolek % 50ean osatzen duten enpresa baten bitartez, eta bestetik, sare elektriko adimendunen inplementazioa Bilbon eta Portugaleten, Iberdrolak (% 54) eta EEEak (% 46) sortutako sozietate instrumental baten bitartez.

Unda jaunak mix energetikoa ere aipatu du. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoak gasaren aldeko apustua egin du, erregai fosilen mendetasunetik energia berriztagarrietarako trantsizioaren eroale nagusi gisa. "Gasak eta energia berriztagarriek paraleloan hazi beharko lukete datozen urteetan, energia-estrategia iraunkor baten zutabe gisa", adierazi du.

"Energia berriztagarriek etorkizunean izango duten garrantzi handiaz ziur gaude, muga teknologikoak gaindituko direlako eta energia berriztagarriak gero eta lehiakorragoak izango direlako. Europar batasunaren jarraibideak erreferentzia gisa hartuz, "Eusko Jaurlaritzak gure iturri berriztagarriak aprobetxatzeko baldintzarik egokienak sustatu eta sortzeko politika aktiboa garatu du. Adibidez energia eolikoa, olatuen energia, biomasa, geotermia, eta abar".

Sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza "erabat konprometituta dagoela energiarekin erlazionatuta dauden teknologien I+Garekin". Horren adibidea hainbat proiektu estrategiko dira, gure industriak sektoreko merkatu berrietan duen posizioa hobetzea helburu dutenak, dagoeneko toki nabarmenean badaude ere. Proiektu horien funtsa energia eolikoa, biltegiratzea, sare adimendunak, itsas energia, ibilgailu elektrikoa eta gas ez-konbentzionala ateratzeko teknologien ikerketa dira.

Bernabé Unda jaunak adierazi du "energia garbiaren iraultza' etorkizunerako funtsezkoa dela lehiakortasunerako. Beren enpresa, gobernu eta herritarrengan 'energia garbiaren erabileraren' kultura ezartzeko gai diren herrialde eta eskualdeek bakarrik lehiatu ahal izango dute maila guztietan".

Sailburuak dioenez, Eusko Jaurlaritzarentzat negozio-aukera bat da energia. Hori dela-eta, energiaren sektoreko euskal enpresak bultzatzen ari diren proiektu berritzaileei laguntzeko politikak aplikatzen ari da. Horrela, "Energia Berriztagarrien Garapen Teknologikorako Gune bat bultzatzen ari da Jaurlaritza, enpresa indartsuen sektore batean eta esperientzia duten eta gaituta dauden zentro teknologikoen sare batean oinarritua".

Eusko Jaurlaritzak lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du, eta Energiaren Euskal Erakundeak Iberdrolarekin eta Repsolekin hasi dituen enpresa-ekimenak dira horren adibide. Formula horrekin arriskuak eta kezkak murrizten dira, merkatu hori hasiberria eta oraindik finkatu gabea baita.

 

The Climate Groupen presidentetza

Gaurko jardunaldia baino lehen, sailburua The Climate Group erakundeko zuzendari exekutibo Mark Kenber jaunarekin elkartu da, zeina joan zen ekainean Gasteizen egon zen, eta Lehendakariari eskaini zion munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat eskualde- eta toki-gobernu biltzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundeko Europarako presidentekide izatea.

Haiekin batera, Quebeceko Garapen Iraunkor eta Ingurumeneko ministro Pierre Arcand jauna eta Australiako Hegoaldeko Gobernuko Energia Berriztagarrietarako ordezkari Tim O'Loughlin jauna egon dira.

Jardunaldia, 'Leading a Clean Energy Revolution' (Energia Garbiaren Iraultzaren Buruan) izena duena, Londresen, Britainia Handiko Errege Erakundearen egoitzan egin da. Ondorengo eztabaidan Alstomeko presidenteorde Joan MacNaughton jaunak, Bloomberg New Energy Financeko zuzendari exekutibo Michael Liebreich jaunak eta HSBCko Berriztagarrien zuzendari Siobhan Smyth jaunak ere parte hartu dute.

The Climate Group zer den

The Climate Group (TCG) irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea da, 2004an sortu zena nazioartean jarduteko, enpresa-sektoreko hainbat liderrekin eta gobernurekin batera. Politika eta teknologia jakin batzuk bultzatu eta sustatu nahi ditu erakundeak, testuinguru orokor batean emisioak murrizteko, eta, ildo horretan, 'industria-iraultza garbia' sortzeko, ekonomia-hazkundea eta enpleguak sortuko dituena eta guztiontzako etorkizun garbiagoa, emankorragoa eta hobea ziurtatuko duena.

The Climate Group Europan, Ipar Amerikan, Australian, Txinan, Hong Kongen eta Indian ezarrita dago, eta bulegoak ditu eskualde horietan guztietan. 2010etik, koalizioak munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat gobernu azpinazional biltzen ditu. Guztira, kideak munduko BPGaren % 15 dira. Besteak beste, erakundeak honako kide hauek ditu:

  • Kide korporatiboak: Alstom, Barclays Bank, Bloomberg, British Sky, Cathay Pacific Airways, China Mobile, Cisco, Coca-Cola, Dell, Deutsche Bank, Florida Power & Light Company, GE Energy Europe, Goldman Sachs, Google, HSBC, Johnson Controls, JP Morgan Chase, Nestlé, Nike, Philips, PSA Peugeot Citroen, TNT, Veolia Environment (besteak beste).
  • Gobernuetako kideak: New Yorkeko hiria, Kataluniako Gobernua, Ipar Renania-Wesfaliako Gobernua, Eskoziako Gobernua, Euskadiko Gobernua, Ontarioko Probintzia, Quebeceko Probintzia, Bretainiako Eskualdea, Ille de Franceko Eskualdea, Rhône-Alpeetako Eskualdea, Bavariako Estatua, Kaliforniako Estatua, Hegoaldeko Gales Berriko Estatua, Sao Pauloko Estatua, Upper Austriako Estatua, Galesko Batzarra (besteak beste).

Gainera, 2004an sortu zenez geroztik, nazioartean ospe handia lortu duten zenbait pertsona izan dira The Climate Group erakundeko babesle, hala nola Britainia Handiko lehen ministro ohi Tony Blair jauna, hasiera-hasieratik taldea bultzatu duena, eta Monakoko Alberto II.a, Alberto II.a Printzea Fundazioaren bitartez eta The Climate Group eta Johnson Controls erakundeekin batera, Energia Eraginkortasunaren Foro Euromediterraneoa antolatzen duena.

Besteak beste, The Climate Group erakundeak teknologia-programak garatzen ditu, dagoeneko abian diren teknologietan oinarriturik 2010. urterako emisioak murrizteko lagungarri izan daitezkeenak. Proiektu horien bitartez, teknologia horiek aldi berean praktikoak eta merkeak direla erakutsi nahi da, eta gainera teknologia horiek oro har erabiltzea galarazten duten oztopo nagusiak zein diren jakinarazi nahi da, baita oztopo horiek gainditzeko moduak aurkitu ere.

 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 6a

 

 

Iruzkin bat
  • @ekonomiagoiena
    2011.eko irailak 07

    Comentario de Twitter:
    Bernabe Unda: Gure iturri berriztagarriak aprobetxatzeko baldintzarik egokienak sortuko ditu Eusko Jaurlaritzak http://t.co/PaJUuBi

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)