Berriak Hezkuntza

175.000 euro doktoretza-aurreko ikertzaileen egonaldietarako dirulaguntzatan (Gobernu Bilera 2021-10-13)

2021-10-13

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du, Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko dirulaguntzak deitzen dituen agindua.

175.000 euroko diru-kopurua duen deialdi hau gorago aipaturiko Doktoretza-aurreko Programaren onuradun diren ikertzaileei zuzendua da. Ikertzaile hauek lan-kontratu bidezko harremana dute ikerketa zentroekin (unibertsitate edo ikerketa erakundeak, I+G+b-n ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak). Ikerketa zentro horiek Doktoretza-aurreko programarako aplikazio-zentrotzat hartzen dira. Hala ere, maiz, doktoretza-aurreko ikertzaileek aplikazio-zentroa ez den beste zentro batean egin ohi dituzte unean-uneko egonaldiak, euren ikerketa-lanak hala eskatuta.

Horrela bada, Hezkuntza Sailak dirulaguntza deialdi hau irekitzen du, lekualdatzeak edo aldi baterako egoitza-aldaketak egin behar izaten dituzten doktoretza-aurreko ikertzaile horiei osagarri ekonomikoak eskaintzeko helburuz. Egonaldiak unibertsitateetan, ikerketa edo garapen teknologikoko zentroetan eta I + G +b-ko jarduera duten enpresetan egin ahal izango dira, atzerrian zein Estatuan, betiere aplikazio-zentroarena ez den beste herri batean kokatuta badaude eta dirulaguntza ematea justifikatuko duen aldi baterako egoitza-aldaketa badakar.

2021ean, doktoretza-aurreko 58 ikertzaile izan dira laguntza hauen onuradun iazko deialdiaren bidez, eta horrela, aldi bateko egonaldiak egin ahal izan dituzte euren aplikazio zentroa ez den beste zentroren batean.

Egonaldien helburua izango da ikertzaileek beren ikerketa zientifiko eta teknikoan izan beharreko prestakuntza hobetzea, ikerketa-jarduerak burutuz, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikasiz, edo gauzatzen ari den tesi-proiektuaren testuinguruan, prestakuntza zientifikoaren mesedetan izango den eta tesia garatzeko prozesua sustatuko duen beste edozein ikerketa-jarduera garatuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko