Berriak Lehendakaritza

Energiaren kostu handiari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak erakunde-maila guztietan eta enpresen eskutik lankidetzan aritzeko beharra adierazi du

2021-10-13

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Arantxa Tapia sailburuak aukera baliatu du energia-kostuen balorazioa eta azterketa egiteko. Hala, industria energia eskuratzeko baldintzen mende dagoela azaldu du, eta prezioen gorakadak susperraldia eta enplegua arriskuan jartzen dituela. “Eztabaida honi aurre egiteko moduaren ondorioa izango da gure lantegiek nola jarraituko duten aurrera”, azpimarratu du. Ildo horretan, euskal industriaren errealitatea defendatuko duen energia-estrategia bat proposatzeko asmoa agertu du, eskaria murrizteko, eskaintza handitzeko eta merkatuaren aldakortasuna konpentsatzeko jarduketekin, egonkortasuna ekarriko duen baterako jarduera-planteamendu batekin.

Txosten horrek epe laburreko eta ertaineko/luzeko neurri teknikoak biltzen ditu hiru jarduera-mailetan (Europa, Espainia eta Euskadi), eta Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari helaraziko zaie.

Hala ere, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azpimarratu du ez dela Eusko Jaurlaritzaren asmoa behatzaile soilak izatea, eta ez dela ezkutatuko energiaren prezioaren eraketa beste batzuei dagokiela dioen argudioaren atzean. Horregatik, Euskadik sistema egonkorragoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa diseinatzen lagunduko duela ziurtatu du, eta Europako gomendio eta jarraibideekin bat datorren epe ertain-luzerako energia-estrategiaren aldeko konpromisoa areagotuko dela. Horrela, bi lan-ildo landuko dira nagusiki: eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena; eskariaren gainean jardungo da, eraginkortasun energetikoa hobetuz murriztuz, eta eskaintzan jardungo da, berriztagarriaren sorrera eta biltegiratzea indartuz.

Jardun egin behar dugu, eta erakunde-maila guztietan aktibatu eta lagundu behar dugu, eskariaren eta eskaintzaren parte diren enpresen eskutik. Aurreiritzirik eta demonizaziorik gabe, konstruktiboki eta errealistikoki”, azpimarratu du.

EKONOMIA ZIRKULARREKO ETA BIOEKONOMIAKO 2024 PLANA

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak gaurko Gobernu Kontseiluak onartu duen Ekonomia Zirkularreko eta Bioekonomiako 2024 Plana aurkeztu du, lehengaien kontsumoaren eraginkortasuna sustatzeko, hondakinak murrizteko eta ekoizpen garbia optimizatzeko. Tapia sailburuak azaldu duenez, Plan horrek bioekonomiaren bultzada jasotzen du aurreneko aldiz, teknologia berritzaileak bitartekotzat hartuta, eta ekoizpen zein kontsumo eredu berri baten alde egiten du, Euskadi ekonomia efizienteagora eramateko xedez. Plan honek produktibitate materiala % 30 handitzea eta hondakinen sorrera-tasa % 10 murriztea aurreikusten du, eta Euskadi ekonomia zirkularraren liderren artean kokatzen du Europan.

2024rako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana inplementatzeko aurreikusitako aurrekontua 31,9 milioi eurokoa da, baliabide propioekin, eta horiei Next Generation funts europarretatik datozen 13 milioi euro gehitu behar zaizkie. Funts horiek Europako Erkidegoak udal-hondakinen eta ontzien  kudeaketaren arloan dituen helburu berriak betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak bizkortzeko erabiliko dira. Horrela, urriaren 21ean irekiko da toki-erakundeentzako eta enpresentzako laguntza-programa berri baten epea. NEXT funtsetatik datozen 13 milioi euroko zuzkidura izango du programa horrek, eta proiektu zirkular berriak eta hondakinak kudeatzeko proiektu berriak finantzatuko dira.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak adierazi du administrazio publikoek etxebizitza lehentasunez erosteko eta inbertsio-funtsen jarduera mugatzeko lege-proposamena kontuan hartzearen aurkako irizpidea duela. EH Bildu legebiltzar taldeak egindako ekimenak administrazio publikoen lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea arautzen du, alokairu sozialeko etxebizitzen kopurua handitzeko bide gisa.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak urriaren 21ean beste epe berri bat irekiko du COVID-19ak eragindako enpresen eta autonomoen kaudimenari laguntzeko zuzeneko laguntzetarako eskabideak aurkezteko. Epe berri hori 2021eko azaroaren 5eko 12: 00etan amaituko da. Hala jasotzen da gaur Gobernu Kontseiluak onartutako aldaketa-aginduan, eta ekainaren 29an onartutakoarekin alderatuta zenbait berrikuntza jasotzen ditu.

Halaber, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 150.000 euroko dirulaguntza zuzenari Gosearen Aurkako Ekintza erakundeari. eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren ekarpena erabiliko da inplementazio-mekanismo bat abiarazteko, gatazka-eremuetako indarkeria-ekintzen eta elikadura-segurtasun ezaren arteko lotura ulertzeko.

Hezkuntza arloari dagokionez, Gobernu Kontseiluak, 2022ko udan Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntza ikastaroak egiteko egonaldietarako deialdia egiten duen Agindua onartu du. 548 plaza deitzen dira, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta. Deialdi honek 847.038 euroko diru-kopurua du. 

EUROPAR BATASUNAK MADRILEN DITUEN ENBAXADOREEN BISITA

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du, aste honetatik aurrera, hilaren 17tik 18ra bitartean, Europar Batasunak Madrilen dituen enbaxadoreen kidego diplomatikoa Euskadin izango dela. Bisita honetan, besteak beste, Eusko Legebiltzarra, Gernikako Juntetxea, Mimarongo Parke Teknologikoa, Teknika zentroa, Euskadiko Biodibertsitatearen zentroa, Chillida Leku edo Base Culinary Center bisitatuko dituzte eta Lehendakariak hartuko ditu. Guztira, Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Kroazia, Danimarka, Slovakia, Estonia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Suedia, Eslovenia eta Europar Batasuneko ordezkaritza diplomatikoko enbaxadoreak izango ditugu gure artean.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2021-10-14

    Adibidez, ekimen oportunistak sortzea sare propiodun txikizkako energia-salmentan, unitate mugikorrekin hainbat teknologia ustiatuz, eta, gainera, energia xahutu behar ez denean eta ziurtatu behar denean, potentzia benetan kontratatuta dagoenean. Dirudienez, gaitasun logistikoa duten esku aberatsenen eskura egongo da, eta ezin da zalerik sartu, horiek maneiatzeak arriskua baitakar.

  • 2021-10-14

    Como que surgieran iniciativas oportunistas venta de energía al por menor con red propia explotando distintas tecnologías con unidades móviles cuando además la energía no se debe derrochar y hay que asegurarse se tiene contratada la potencia realmente se necesita. Parece va a estar a disposición de las manos más pudientes con capacidad logística no cabe entrada personas aficionadas debido al riesgo que supone su manejo.

Ekitaldiko kargudunak