Berriak Kultura
Eu

Moreda Arabako Santa Maria Eliza eta Gaubeako Villanuevako presa, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura-Ondasun deklaratu dira (2011-09-06(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko irailak 06

Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bana onartu ditu, Moreda Arabako Santa Maria eliza eta Gaubeako Villanuevako presa, monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko. Kultura Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko ditu elementu biak.

Dekretuetan ondasun horien mugaketak ere ezartzen dira, Santa Maria elizaren kasuan justifikatzen baita elizaren ingurumariko ingurumen-balioak, estetikoak eta bisualak babestu behar direlako, zeren eta Herriaren egituraren barruan, hiri-inguruaren zati bat baita, muinoaren goialdean nabarmen. Ondasuna behar bezala babesteak eta balioesteak zera dakar, elizaren ondoko inguruak ere babestea, bestela ez baita ulertzen ondasunaren jatorrizko izaera zeremoniala, ezta multzoaren batasuna bera ere edo hiri-bilbearen barnean egotea. Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikina bera hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.

Villanuevako presari dagokionez, babes-inguruaren mugaketak ondasuna bera hartzen du, alde batetik, eta haren ingurumaria, bestetik, eta gutxieneko distantzia batzuk markatzen ditu, elementuaren kontserbazioa eta haren ezaugarriak bermatze aldera.

Santa Maria eliza

Moredako Santa Maria elizaren egituran hainbat eraikuntza-etapa gainjartzen dira. Lehenengo etapari lotzen zaizkio oraingo elizaren aurreko beste baten aztarnak, seguru asko Erdi Arokoak; bigarren etapan (XVI. mendea) oraingo nabea eraiki zen, haren ganga-formako bi atalak, aurrealdea eta elizako koroa barne; hirugarren fasekoa da dorre-burua; XVII. mende bukaera eta XVIII.aren hasierakoak dira, azkenik, burualdea, gurutzadura eta hormetako pinturak. Geroztik egin diren aldaketek ez dute eraginik izan elizaren eite orokorrean.

Eliza harlanduzkoa da. Gurutze latinezko oinplanoa du, bi nabe-atalekin, gurutzadura, burualdea eta dorre atxikia, nabearen oinaldean kokatua. Beharbada aurreko eraikinen baten gainean altxatu zen. Nabearen barnean kontrahormak eta arku zorrotzeko hormak altxatzen dira, non Gotikotik Errenazimentura bitarteko trantsizioko leiho zabalak dauden, berriki zaharberrituak. Hori dela eta, zenbait leiho gotiko biki ikusten dira, arku trilobulatudunak. Gurutzadurak burualdean ganga semiesferikodun kupula bat dauka, petxinetan bermatua eta alboetan ertz-gangak dituena, eta kapera nagusia bezala pinturaz apainduta dago.

Dorrea oinplano karratukoa da, harlanduzkoa. Bi gorputz ditu eta elizaren behealdea erabiliz eraiki zen nagusiki. Goiko gorputzak kanpai-arkuak ditu, eta burualdean kupula semiesferikoak.
Elizaren sarbidea XVI. mende aurreratuxeko portada plateresko bat da. Kapitel korintoarra duten bi koloma ildaskatuk eusten diote arkitrabeari, eta bertan frontoi triangeluarra bermatzen da, Aita Betikoaren figura bat duena hiru pitxar estilizatuz lagunduta. Multzo honek arku erako atalburu bat du, pilastren gainean, gruteskoz apaindurik. Frisoa arkitrabetik aingeru-burudun frontoiraino doa.

Barruan korua dago, bigarren fasean eraikitako arku kakotu baten gainean. Behe-ganga izardun bat du, lerro makurrak eta giltzarri laua dituena. Handik hara, 1.801. urtean, oraingo burdinazko baranda erantsi zitzaion. Sakristia oinplano angeluzuzenduna da, beheratutako kupula obaldun sabaiarekin.
Elizaren mendebaldean gorputz exentu bat dago, agian aurretik eraikitako hiru ferra-arkurekin, inguruko ermita zahar batetik ekarria.

Villanuevako presa

Presa Gaubeako udalerriko Villanueva herrian dago, Omecillo ibaian, urez hornitzen zuen errotatik 500 metrora HMrantz, zeina XVIII. mendean jada dokumentatuta baitago. Presaren eginbeharra ibaiaren ur-maila igotzea zen, aipaturiko errota kanalerantz indarrean jarri ahal izateko.

Presak ibaiaren ibilguarekiko angelu txiki bat eginez eraikia dago; zurezko eta harrizko egitura bat da, tamaina eta malda ezberdinetako bi planok eratua. Beraz, urari goiti dagoen arranpala motzagoa da, malda handiagokoa; urari beheiti dagoena, aldiz, leunago jaisten da, presa-oinarria zulatu dezakeen ur-kolpea ekiditeko.

Eraketa honek zurezko estalki baten eraikuntza-moldea gogorarazten du, nahiz eta urari beheiti dagoen zatian egurra harrizko kordoiekin nahasirik agertzen den, kontrahorma moduan. Arrapalak azkentzen dituen gailurra 2,10 metro garai da eta 10,75 metro luze, eta piezaren sekzioa 0,35 metro.

Urari goiti dagoen aldean, egituraren armazoia babesten duen zurezko estalkia ikus daiteke. Urari beheiti dagoena 3,5 metroko luzerako eta 0,25 metroko sekziodun enborrez osatua dago, tobazko harri-blokeekin nahastuta.

Urari beheiti dagoen arranpalatik, udaldian, presa ohantzean finkatzen duen zurezko "parrilladura" ikus daiteke. Gutxi gorabehera metro bateko aldea duen erretikulua da, barnealdea harri-blokez beterik duena. Zurezko erretikulua burdinazko iltze batzuen bitartez tinkatuta dago, edota iltzeok arroka naturalaren irtenguneen kontra bermatuta.

Presaren gailurretik 1,8 metrora, ezkerraldean, ura kanalera bideratzen zuen uhatea dago, gutxi gorabehera 1,10 metroko zabalera duena.

Presa zurez eta harriz egindako egitura berezia da, Arabako Lurralde Historikoan dagoen bakarra. Zurezko presak sarri erabili bide ziren garai batean, gelditu diren arrasto ugariei eta dokumentazioari erreparatuz gero, baina gerora harrizkoek hartu zuten haien lekua. Horregatik, ez da ohikoa zur hutsezkoak edo tipologikoa mistoa dutenak -aztergai dugun honetan bezala- aurkitzea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun "in situ" ezagutzen eta kontserbatzen den bakarra dugu. Presa mota hau arkeologia industrialaren benetako erlikia dugu, jada desagertu diren antzinako eraketa eta tekniken testigu bakana. Azpimarratzekoak dira, bestalde, presaren eraikuntza-sistema mistoa -zura eta harria konbinatzen baititu-, haren kontserbazio egoera balekoa baina delikatua, eta haren interes historiko eta etnografikoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan