Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Lan Harremanen Kontseiluaren Lege Proiektua onartu du (2011-09-06(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko irailak 06

Lan Harremanen Kontseiluaren Legeari buruzko proiektua.

Gobernu Kontseiluak Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) lege-proiektua onartu du gaur. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egindako testu berrian zenbait aldaketa ikus daitezke 1997ko legearen aldean; aldaketa horien bitartez erakundearen funtzionamendua hobetu nahi da, eta, ildo horretan, LHKak agente sozioekonomikoen arteko etengabeko elkarrizketarako eta kontsultarako goreneko organoa izaten jarrai dezan ahalbidetu nahi da.

Aurreproiektuari jarraiki, LHKak arau eta xedapen gehiagotan izango du aholku emateko aukera, hemendik aurrera lan-eremuan soilik jardungo duela kontuan hartuta. Hala, besteak beste, Kontseiluak informazioa eman behar du, nahitaez, Jaurlaritzak lan-arloan abian jarritako lege-proiektuen eta dekretuen inguruan, eta, ildo horretan, eremu horrekin zerikusia duten proposamen eta irizpenak egin behar ditu.

Lan-gatazketan arbitrajea eta bitartekotza sustatzeko aukera ere izango du erakunde aholku-emaile horrek, baita gai jakin batzuei buruzko lanbide arteko akordioak sustatzeko aukera ere.

Sozietate kooperatiboei eta langile autonomoei lotuta egonik lan-arloarekin zerikusirik ez duten gaiak, aldiz, Kontseiluaren jardun-eremutik kanpo geratzen dira.

Jaurlaritzak gaur onartu duen testuaren arabera, LHKak paritarioa izaten jarraituko du. Nolanahi ere, dokumentuaren berritasun nagusien artean aipatzekoa da akordio eta erabakiak gehiengo soilez hartuko direla, txostenak bozkatzean blokeo-egoerak saihesteko.

Erakunde eta konfederazio sindikaletako eta enpresa-konfederazioetako zazpina ordezkarik osatuko dute Lan Harremanen Kontseilua, eta erakundeak, orain arte bezala, Bilboko egoitzan jardungo du. Alderdi bakoitzak bi urterako hautatuko ditu bere ordezkariak, eta lehendakariak izendatuko ditu.

Proiektuan ezarritakoaren arabera, hautaketan eta izendapenean, ahal dela, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokiak dituzten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da. LHKak osoko bilkuren eta lan-batzordeen bitartez jardungo du, eta hautatutako kide bakoitzak boto bat izango du.

Orain arte bezala, lehendakariak izendatu eta kargugabetuko du Kontseiluko presidentea, baina, testu berriaren arabera, Kontseiluko kideei entzun egingo zaie presidentea 5 urterako hautatu aurretik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan