Nikaraguako Artikulazio Feminista eta Madres de Abril elkartea 2021ko Ignacio Ellacuría Saria, nikaraguar emakumeen eskubideen alde borrokatzeagatik

2021-10-11
  • Ignacio Ellacuría Saria eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ematen du, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailaren parte dena
  • Egitarau bat egongo da non bi elkarteetako ordezkariek parte hartuko duten

 

Eusko Jaurlaritzak, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez, garapenerako lankidetzako 2021eko Ignacio Ellacuría Saria Nikaraguako Artikulazio Feministari eta Madres de Abril (AMA) elkarteari ex aequo emango die. Elkarte horiek emakumeen eskubideen alde eta bakegintzan dihardute Erdialdeko Amerikako herrialdean. Iñigo Urkullu Lehendakariak emango du saria, datorren asteartean, urriaren 26an, Lehendakaritzan egingo den ekitaldian.

Nikaraguako emakumeen mugimenduak beti salatu ditu herrialdean emakumeek bizi dituzten desberdintasun baldintzak eta bidegabekeriak, eta lehen lerroan daude egungo egoera zailean. 2018ko apirileko Nikaraguan izandako protesten ostean, errepresio-uholdeak eragin berezia izan du erakunde feministengan eta giza eskubideen aldeko emakumeengan.

Horregatik guztiagatik, epaimahaiak aitortu nahi izan du “emakumeen eta Nikaraguako herriaren eskubideen eta justiziaren aldeko borrokan egindako lana, jarduera horrekin euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzen lagundu dutelako”. Nikaraguako Artikulazio Feministari 2018ko apirileko matxinada zibikoan emakumeen parte-hartzearen funtsezko sustatzailea izateagatik, eta Madres de Abril (AMA) elkarteari egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatzen dituen ahots nagusia izateagatik.

Saritutako erakundeak

Nikaraguako Artikulazio Feminista 2004an sortutako plataforma da emakumeen eskubideak aldarrikatzeko ekintzak egiteko. Erakundeak 19 lurralde-kolektibo eta 5 sare nazional osatzen dute. 2018tik, protestetako buru izan da eta gobernu-errepresioaren biktimei babes humanitarioa ematen aritu da. Egun, artikulazioa osatzen duten mugimendu gehienek zailtasunak dituzte eragin feministako lana egiteko.

Madres de Abril (AMA) elkartea 2018ko irailaren 30ean jaio zen, eta urte bereko herri-protestetan eraildako gazteen 100 familia biltzen ditu. Egia, justizia eta memoriaren eraikuntza bilatu eta eskatzea du helburu. Senideen hilketak dokumentatzen dituzte, haien egoera ikusarazteko ahal dituzten espazio guztietan intzidentzia egiten dute, eta inpunitatearen aurkako AMA y NO OLVIDA memoriarako museo birtuala eraikitzen dute, Nikaraguako estatu-indarkeriaren  biktimei buruzko informazioa biltzen duena.  

Bestalde, egitarau berezia prestatu da urriak 27tik 29ra.  Egun horietan, saritutako elkarteen ordezkariek parte hatuko dute hizketaldi feminista batean, euskal GGKEekin topaketa batean eta Nikaraguako egungo testuinguruari buruzko mahai-ingurua batean. Gainera, “Film sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan, “Nicaragua, patria libre para vivir” dokumentala ikusi ahal izango da zuzendariaren eskutik hiru hiriburuetan.

Ignacio Ellacuría Saria

Ignacio Ellacuría Sariaren helburua da publikoki aitortzea herrien artean berdintasuna eta justizia sustatzen, pobrezia gainditzen eta ekarpen hori hedatzen laguntzen duten pertsonei, antolakundeei, taldeei edota ekimenei. Era berea, sariak ekimen hori ezagutaraztea eta gizartea sentsibilizatzea ere du helburu. Eusko Jaurlaritzak ematen du eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak