Berriak Lehendakaritza

‘Euskal diaspora’ graduondokoaren inaugurazioa: ekintza aitzindaria kanpoan ditugun gizataldeentzako agendan

2021-10-08

Astelehenean, urriaren 4an, 17:00etan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Letren Fakultateko Gradu aretoan, UPV/EHUko 'Euskal Diaspora' unibertsitate espezializazioko graduondokoaren inaugurazio ekitaldia egin zen. Ekitaldia Montse Maritxalar UPV/EHUko Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak zuzendu zuen, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Gorka Álvarez Aranburu Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak eta Oscar Alvarez Gila tituluaren arduradunak hartu zuten parte. Inaugurazio hitzaldia Kingsley Aikins The Networking Institute erakundeko zuzendariak egin zuen.

Graduondoko ikastaro hau 24 ikaslek egiten dute, 12 Euskal Herrikoak eta 12 diasporakoak (Argentina, Uruguai, Txile, Peru eta Venezuelakoak). Aurrez aurre 9 dira, eta online 15.

Diaspora partikularren, kasu honetan euskal diasporarena, azterketaz interesatzen den nazioarteko lehen ekimenetako bat da. Europan bi herrialde bakarrik daude beren diaspora nazionalei buruzko ikasketa baliokideak dituztenak, baina horiek bi "superdiasporak" dira, tradizioz ikusgarritasun eta ospe handia izan dutenak: Italiakoa eta Irlandakoa.

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren hitzetan, Euskal Diasporari buruzko graduondokoa “ekintza aitzindaria” da, eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren jarduera-agendaren parte da.

 “Beraz, ez da kasu isolatu bat, baizik eta ‘Diasporizatu!’ mandatua osatzera dator, eta Euskal Diasporaren Egunarekin edo Euskal Diasporaren Artxiboarekin bat egiten du”, azaldu zuen Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak.

600 urtetik gorako presentzia kanpoan

Ekimen horiek guztiak euskal migrazio-errealitatea ezagutzen eta baliarazten laguntzen ari dira. Fenomeno garrantzitsua da, “XV. mendetik baino lehenagotik datorrena eta, beraz, 600 urtetik gorako euskal presentzia aditzera ematen duena”, adierazi zuen Marian Elorzak.

Jarraian, EAEko Kanpo Harremanetarako arduradunak azaldu zuen euskal migrazio-tradizioa ez dela soilik luzarokoa, baizik eta gizarte osoan oso errotua ere badela, Euskadiko ia familia guztiek baitute emigratu zuen senide edo ezagunen bat.

Amerikako osaba

1910ean jadanik, hau da, XX. mendearen hasieran, Europak Atlantikoaren beste aldera emigratzaile ugari bidali zituenean, Pierre Lhande idazle baionarrak honako hau zioen: “euskaldun ona izateko osaba bat izan behar da Amerikan”. Orain, “111 urte geroago —umorez hausnartu zuen idazkari nagusiak—, munduko edozein lekutan izan daiteke osaba bat, ez Amerikan bakarrik, eta munduko beste edozein lekutatik etorria izan daiteke”.

Hala, Marian Elorzak adierazi zuenez, “gobernu eta gizarte gisa, herri txiki honen diaspora handia aukera bihurtzeko erronka dugu”. Eta Euskal Diasporan Espezializatzeko Graduondoko honen helburua da “hain zuzen ere, gure herrian hain ohikoa den migrazio-errealitate horretan gehiago eta ikuspegi akademiko batetik sakontzeko behar garrantzitsua asetzea” —jarraitu zuen Marian Elorzak—.

Nola “ehuntzen” eta “zabaltzen” diren kanpoko sareak

Hain zuzen ere, 2020-2023ko “SAREGINTZAN” Ekintza Instituzionalerako Lau Urteko Planak (Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarretik dator) 2. helburuan honako mandatu hau ezartzen du: Diasporizatzea eta, horretarako, Euskal Diasporaren errealitatearen ezagutza sustatzea, migrazioei buruzko graduondoko ikasketak sortuta. “Bada —adierazi zuen Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak—, hemen gaude gaur eskaera hori betetzen”.

Marian Elorzak azaldu zuenez, teknologian eta komunikazioetan egindako aurrerapenek “aukera ematen digute Amerikako pertsona eta lekuetara ez ezik, mundu osokoetara ere azkar iristeko”.

Helmugak eta kanalak aldatzen dira

Bizi dugun eraldaketa hau kanpoko euskal komunitatera ere iristen da, ez baita salbuespena. “Euskal migrazio-fluxuak helmugak aldatuz joan dira, eta harreman-moduek bilakaera esponentziala izan dute teknologia berriei esker. Duela 27 urte euskal komunitate bati buruz hitz egin genuen, eta gaur egun euskal komunitate global bat osatzen duten hainbat komunitateri buruz hitz egin dugu”, azaldu zuen Kanpo Harremanetarako arduradunak.

Nazioartekoa eta diziplina anitzekoa

Horregatik guztiagatik, graduondokoak nazioarteko bokazioa du argi eta garbi (ezin bestela izan), baina, aldi berean, zeharkakoa eta gaur egungoa ere bada, euskal diasporaren azterketari diziplina arteko ikuspegitik heltzeko. Euskal diasporarekin lotutako gaietan, bere testuinguru globalean, sakondu nahi duen edozein profesional edo pertsonak bat datozen begiradak aurkituko ditu ikuspegi eta esparru zientifiko desberdinetatik: historia, soziologia, literatura, antropologia, nazioarteko harremanak, komunikazioa...

Hitzaldiaren amaieran, Marian Elorzak eskerrak eman zizkien UPV/EHUko Graduondoko eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreorde Montse Maritxalarri eta proiektuan parte hartzen duten irakasle eta ikasleei, beren interesagatik eta lankidetzagatik, horiei esker gauzatu ahal izan baita ekimen hau. Ondoren, errektoreordeak graduondokoa inauguratu zuen hizlaria, Kingsley Aikins irlandarra, aurkeztu zuen eta hitza eman zion ikastaroa ireki zezan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak