Artolazabalek preso-talde batekin jardun du hizketan, Bizkaia espetxeko patioan, haien egonezinei buruz

2021-10-07
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, Radio Euskadiko Boulevard programan izan da, elkarrizketa batean; elkarrizketa Basauriko Bizkaia espetxetik transmititu da
  • Xabier García Ramsden kazetariaren galderei erantzun ondoren, Artolazabal patioan batu diren presoengana joan da, haiei entzun eta dituzten inpresioen berri izateko

 

Vitoria-Gasteiz, 2021/10/07

Beatriz Artolazabal sailburuak, gaur goizean, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eginiko espetxeen eskumenaren transferentziak dakartzan abantaila nagusietako bat adierazi du: hurbiltasuna. Saileko arduraduna bera, aurrez aurre eta bat-batean, Basauriko Bizkaia espetxeko patioan presoek bat-batean eratu duten talde baten erdigunean izan da, zalantzak argitzen.

Artolazabalek barkamena eskatu du, programa ez zelako ari ongi entzuten, bozgorailuak akoplatzen ari baitziren. “Bizitzan, edonork egin ditzake akatsak, baina bigarren aukerak izateko eskubidea eduki behar dugu”, baina “ahalegina egin behar duzue, eta aukera horiek aprobetxatzen jakin”, esan du sailburuak. Galderetako bat izan da gizarteratzea ETAko presoei soilik edo bereziki bideratzen den neurri bat ote den. “Edozein pertsona espetxean egoteko motiboa gorabehera, denek izango dute gizarteratzeko aukera bera”, esan du Artolazabalek.

Ondoren, zenbait eskaera egin dizkiote, besteak beste: zelda bakoitzean txirrina izateko aukera, zerbait behar dutenean deitzeko, edo telebista izateko aukera. “Ereduzko zelda batek nolakoa izan behar duen aztertuko dugu, denek baldintza berak bete ditzaten eta desberdinkeriarik egon ez dadin”, esan du sailburuak.

Arduradun politikoa patioan bertan espetxeratuta daudenekin hizketan erakusten duen ezohiko irudi hori ordu erdi inguruz luzatu da. Artolazabalek izapide burokratikoekin zerikusia duten gaiei erantzun die eta beste prozedura batzuei buruzko zalantzak argitu; hala, berehala erantzun ezin zirenen inguruan oharrak hartu ditu. “Zuon itxaropenei hutsik ez egiteko ahal dugun guztia egingo dugu”, esan du, agur esan aurretik.

Euskadiko irrati publikoko Boulevard programak, gaur, Euskadiko espetxeei buruzko programa berezia eman du. Hartan, Xabier García Ramsdenek, espetxeratuta daudenei eta profesionalei ez ezik, Artolazabali eta Marian Moreno, Vicenta Alonso eta Benito Aguirre hiru lurraldeetako espetxeetako arduradunei ere egin die elkarrizketa.

“Ilusioz bizi dugu eskumen konplexu baina garrantzitsu hau geure gain hartu izana. Eskumen horrek presoen bizi-baldintzak eta gizarteratzeko gaitasuna hobetzea ekarriko du, eta, ondorioz, Euskadiko gizartea hobetzea”, nabarmendu du sailburuak.   “Epailetzak ezartzen dituen epaiak betetzeko modu asko daude”, esan du Artolazabalek, eta, ondoren, honako hau zehaztu du: “Euskadiko espetxe-eredua gehiengoz onartu zen Legebiltzarrean”, eta “gizarteratzea” eta “osasuna hobetzea, prestakuntza hobetzea eta berdintasuna errespetatzea” dakartza; alegia, “zeharka heldu behar zaio, besteak beste Enplegu, Hezkuntza eta Osasun sailetatik”.

Sailburuak “eskumena modu antolatuan eta lasaian” igaro dela nabarmendu du, eta “funtzionarioen lan handia” aintzatetsi du, bai eta “ETAren atentatuen sasoiko sufrimendua” ere.

Pablo Casadok Espainiako Gobernuaren presidentetza lortuz gero espetxeen eskumena leheneratzeko duen asmoa iragartzeko eginiko adierazpenen inguruan galdetu diotenean, Artolazabalek esan du harrituta dagoela bere burua gobernukotzat duen eta legeekin errespetuzkotzat duen alderdi baten ahotik halakorik entzuteaz; izan ere, transferentzia hori Gernikako Estatutuan dago jasota, duela 42 urtetik”. Gainera esan du Casadori galdetuko liokeela “zergatik bere alderdiak ez duen Kataluniako espetxeen eskumena berriz zentralizatu, gobernatu izan duenean”, eta adierazpenak “arduragabeak” direla esan du, mehatxuak egiten baititu, “aurretiaz egingo dugunaren gainean ezer jakin gabe”.

Udaberri 2024 plana dela eta –atzo aurkeztu zuen Madrilen–, pozik agertu da izan duen “harrera oso onagatik”. “Horrek erakusten du norabide egokian ari garela. Tresna oso garrantzitsua da Euskadiko gizartea bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta hobea izateko”, esan du, amaitzeko.

Bestalde, Marian Moreno Gipuzkoako Espetxeen zuzendariak bere erakundea zaharkituta dagoela esan du, “zigor-xedeekin eraiki baitzen” eta mantentze-lan handia behar baitu. “Hori guztia aldatu egingo da, Zubietako zentro berria abian jartzen denean”, esan du.

Benito Aguirre Arabako Espetxeen zuzendariak nabarmendu du nolako garrantzia duen “espetxeratuak beren gizarte-ingurunean integratzea, baita kalera irten aurretik ere; beraz, barruan kalean egingo lituzketen jarduera berak egiteko aukera izan dezaten saiatzen ari gara, dela lana, prestakuntza, aisia edo bestelako tratamendu bereziak”.

Vicenta Alonso Bizkaiko Espetxeen zuzendariak “hirugarren graduaren, bitarteko irekiaren eta eskumuturreko telematikoaren aldeko apustua” nabarmendu du; “izan ere, horiek pertsona bakoitzari bere ingurunean integratzeko aukera ematen diote”.

Espetxeetako hiru arduradunek presoen ingurunearen hurbiltasuna nabarmendu dute, bai eta administrazio publikoaren erantzunaren bizkortasuna eta baliabide irekiaren eta justizia errestauratiboaren alde Euskadiko Espetxe Ereduaren abantaila nagusi gisa eginiko apustua ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak