Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Argi berdea eman diote blokeoa eta betoak desagerraraziko dituen Lan Harremanen Kontseiluaren Lege proiektuari

2011.eko irailak 06

Gaur, Jaurlaritzaren Kontseiluaren ohiko bileran, Eusko Jaurlaritzak Lan Harremanen Kontseiluaren lege-proiektua onartuko du.

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egindako testua datozen egunetan igorriko da Legebiltzarrera. 1997etik indarrean zegoen araudia aldatuko du testu berriak, Kontseiluaren eginkizunak mugatzeko eta funtzionamendua hobetzeko.

Jaurlaritzak onartutako aldaketak lagungarri izango dira Kontseiluak agente sozioekonomikoen arteko etengabeko elkarrizketarako eta kontsultarako organo gorena izaten jarrai dezan ahalbidetzeko. Aurreproiektuari jarraiki, LHKak bere eginkizun aholku-emailea arau eta xedapen gehiagotan garatzeko aukera izango du, eginkizun horiek lan-eremura soilik bidera daitezkeela kontuan hartuta. 

Hala, LHKak informazioa eman behar du, nahitaez, Jaurlaritzak lan-arloan abian jarritako lege-proiektuen eta dekretuen inguruan, eta, ildo horretan, eremu horrekin zerikusia duten proposamen eta irizpenak egin behar ditu. Besteak beste, lan-gatazketan arbitrajea eta bitartekotza sustatzeko aukera ere izango du organo aholku-emaile horrek, baita gai jakin batzuei buruzko lanbide arteko akordioak sustatzeko aukera ere.

Dokumentuaren berritasun nagusien artean aipatzekoa da akordio eta erabakiak gehiengo soilez hartuko direla, blokeo- eta beto-egoerak saihesteko. Lehen, txostenak aurrera eramateko, gehiengo osoa behar zen, nola bloke sindikalaren hala enpresa-erakundeek osatutakoaren aldetik. Gainera, erakundearen eraginkortasuna bermatzeko eta funtzionamendua optimizatzeko, beren aholkulariak izendatzen ez dituzten erakundeek ez dute eskubide hori izango.

LHK paritarioa (sindikatuak eta enpresa-erakundeak) izango da. Nolanahi ere, Jaurlaritzak soilik lan-arlokoak diren ekimenak bultzatzen baditu, Jaurlaritzak ere izango du esku hartzeko aukera, LHK hirutariko organo bihurturik.

Erakunde eta konfederazio sindikaletako eta enpresa-konfederazioetako zazpina ordezkarik osatuko dute Lan Harremanen Kontseilua. LHKak osoko bilkuren eta lan-batzordeen bitartez jardungo du, eta hautatutako kide bakoitzak boto bat izango du. Orain arte bezala, lehendakariak izendatu eta kargugabetuko du Kontseiluko presidentea, baina, testu berriaren arabera, "Kontseiluko kideei entzun egingo die" presidentea 5 urterako hautatu aurretik.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan