Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Haur eta Gazteentzako Eguneko Ospitale Psikiatriko berria inauguratu du Bizkaian

2021-10-08
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Bizkai osoko ume eta nerabeentzako Osakidetzaren eguneko ospitale psikiatriko berriaren instalazioak bisitatu ditu, Osasun Mentalaren Mundu Egunaren –urriaren 10a– atarian; urriaren 13an jarriko da eguneko ospitalea martxan. Bilboko Saralegi plazan dagoen zentro berria irekitzeko, 250.000 euroko inbertsioa egin da, eta 15 plaza izango ditu.

Eguneko ospitale hori intentsitate handiko baliabide anbulatorioa izango da, eta osasun mentaleko nahasmendu larria duten ume eta nerabeei arreta emateko baliatuko da; hala, ospitaleratzea saihestuko da, eta egonaldi laburragoak egiteko aukera emango da, eta beren ohiko ingurunean egoteko eta, hala, bizitza normalean berriro integratzeko bide emango da.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du ume eta nerabeen osasun mentalari eta arretari lehentasuna emateko gailu berri hori abian jartzea zer garrantzitsua den. Iñigo Urkulluk gogorarazi du pertsona ororen osasuna bermatzea Gobernu Programan jasotzen den konpromisoetako bat dela, eta konpromiso horren adibide gisa haur eta gazteentzako eguneko ospitale psikiatriko berri honen irekiera jarri du.

XEDE-POPULAZIOA

Hala, instalazio horiek erabiltzeko xede-kolektiboa Bizkaiko osasun mentaleko sarearen osasun mentaleko zentroetatik tratamendu intentsiboagoa jasotzeko bideratzen dena da. Eguneko ospitale psikiatrikoa, halaber, ospitalizazioa amaitu baina tratamenduarekin etengabe jarraitu behar dutenei eta kontsulta anbulatorio baten bitartez nahikoa ez dutenei zuzentzen zaie.

Eguneko ospitale psikiatrikoaren bidez, pazienteari bere ohiko ingurunean egoteko bide emango dion eta, aldi berean, tratamendu intentsiboagoa jasotzeko bide emango duen espazioa sortu nahi izan da. Aipatu behar da nahasmendu mental gehienak 18 urte bete aurretik hasten direla.

ERABILERA ANITZEKO ESPAZIOA

Saralegiko haur eta gazteentzako eguneko ospitaleak 290 metro koadro ditu; psikiatriako 3 kontsulta eta hainbat jarduera egiteko erabilera anitzeko eremuak izango ditu. Instalazioek espazio zabalak eta egokituak dituzte, eta, hala, egokiro egin ahalko dira hainbat jarduera, besteak beste banako eta taldeko elkarrizketak eta senideekiko elkarrizketak.

09:00etatik 14:00ak artekoa izango da ordutegia, eta 6 profesional izango ditu (psikiatriako pertsona bat, psikologia klinikoko beste bat, erizain bat, psikiatriako bi laguntzaile eta administrazio-arloko pertsona bat).

Gailu berri horrez gainera, badaude Araban Vitoria-Gasteizko haur eta gazteen osasun mentaleko zentroa (10 plaza) eta Gipuzkoako arreta goiztiarreko unitatea, Aieteko osasun-zentro berrian dagoena (14 plaza).

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2021-10-08

    Garrantzitsua da detekzio goiztiarra eta emozioen heziketa goiztiarra ez uztea arazo-sorta bat egin dadin, pribatutasun bermatua hitz egiteko konfiantzarik ez izateagatik, eta, gero, adin batean gaixotasun mentala sortzen denean, konpondu gabeko arazoen bola lehertu egiten da, gauzak bereziki adin horietan ulertzeko heldutasunik ez dagoenean.

  • 2021-10-08

    Importante la detección precoz y la educación temprana emocional no dejar se haga una bola de problemas por no tener confianza para conversar privacidad garantizada y luego a una edad salga desencadenante enfermedad mental la bola de problemas sin solucionar reventase a falta de madurez para entender las cosas especialmente a esas edades.

Ekitaldiko kargudunak