Eusko Jaurlaritzak balio publikoa sortzea sustatzen duten proiektu berritzaileentzako Elkarlan Sarien zazpigarren edizioa deitu du

2021-10-07
  • 9.000 euroko lau sari emango ditu osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikaskuntza/kultura, gizarte-kohesioa eta erabaki publikoetan parte hartzea arloetan gizartearen premiak eta erronkak asetzen dituzten proiektuentzat
  •  Eskaerak azaroaren hasierara arte aurkeztu ahal izango dira, eta proiektuek ezarrita edo fase pilotu aurreratuan egon behar dute

Aurten ere, zazpigarrenez jarraian, Eusko Jaurlaritzak Elkarlan Sarietarako deialdia egin du balio publikoa sortzea sustatzen duten proiektuak bultzatzeko. Sariak ekimenen izaera berritzailea, eredugarritasuna eta herritarren ahalduntzea balioesten ditu. Hain zuzen ere, parte-hartzea indartzen duten formulak beste eragile batzuei transferitzea bultzatzea du helburu, Euskadin balio publikoa batera sortzeko ikaskuntza  eta lankidetza sare bat sendotuz joan dadin. Azken finean, ekimen honekin herritarren parte-hartzea eta lankidetza sustatzeko konpromisoari eutsi nahi dio Jaurlaritzak.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletarako Zuzendaritzaren bitartez, 9.000 euroko lau sari banatuko dizkie hobekien baloratutako proiektuei. Hauek gizartearen premiak eta erronkak asetzen ote dituzten eta balio publikoa sortzeko duten gaitasuna hartuko da kontuan. Proiektuak arlo ezberdinetan oinarritu ahal dira, hau da, osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikaskuntza/kulturaren, gizarte kohesioaren eta, azkenik, gobernantzaren, kultura demokratikoaren eta erabaki publikoetan parte hartzearen arloetan. Halaber, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko gaitasuna ere baloratuko da.

Prestazio ekonomikoaz gain, saritutako lau proiektuek kanpoko aholkularitza jasoko dute beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan. Gainera, saritutako proiektuak komunikabideetan hedatuko dira.

Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako proiektuak eta gehienez 10 puntu emango dizkie. Helburu orokorrez gain, proiektuetan genero ikuspegia txertatzea ere baloratuko da, bai eta proiektuaren koherentzia eta argitasuna ere. Hautaketa Batzordearen balorazioa osatzeko, parte hartzeko prozesu bat irekiko da Irekia atarian, eta herritarrek gehienez lau proiektu bozkatu ahal izango dituzte. Bide honetik bi puntu gehiago lortu ahal izango dute proiektuek.

Eskabidea www.euskadi.eus/servicios/1027607 helbidean egin beharko da eta aurkezteko hilabeteko epea izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urriaren 1ean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Aurkeztutako proiektuek ezarrita edo fase pilotu aurreratuan egon behar dute, eta lankidetzan parte hartzeko ikuspegia izan behar dute. Eskabidea aurkezten den egunean egoitza soziala eta jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoen egiten duten pertsonek bakarrik aurkeztu ahal izango dute proiektua.

Aurreko edizioan hainbat arlotako 30 proiektu aurkeztu ziren. Sarituetako bat Parkinson Bizkaia Elkartea (Asparbi) izan zen, musikoterapiaren eta on line ahots-terapiaren bidez Parkinsonek erasandako familiei errehabilitazio terapiari jarraipena emateko whatsapp talde bat sortzeko proiektuarekin. Ai Laket!! Euskadi Elkarteak ere Elkarlan Saria jaso zuen Punto Fijo de Información y Análisis de Drogas  izeneko proiektuarengatik. Beste bi sarituak Zubietxe elkartea eta Hiritarron Harrera Sarea-SOS Arrazakeria izan ziren. Lehenengoa, Bilboko Alde Zaharra-Abusu eremuan baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako liburudenda sozialagatik; eta, bigarrena, egoera zaurgarrian dauden migratzaile gazteei harrera ematen egindako lanagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak