22-26 aldirako Ekarpenen Legea onartu da: “Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunaren bizkarrezurra, Estatutuaren, LHL-aren eta Ekonomia-itunaren Oinordeko Zuzena”, Azpiazuren arabera

2021-10-07

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu du 2022-2026 aldirako Ekarpenen Legea, Euskal Autonomia Erkidegoaren barneko finantza-arkitektura publikoaren barruan oso leku zehatza duena. “Lege hau ez da edozein lege, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko ogasunaren bizkarrezurraren zati garrantzitsu bat da, Estatutuaren, LHLaren eta Ekonomia Itunaren beraren oinordeko zuzena, eta lasaitasuna ematen du bizi ditugun egoera ekonomiko asaldatu hauetan”, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk bere hitzaldian azaldu duenez.

Legearen onarpenak Eusko Jaurlaritza babesten duten taldeen —EAJ-PNV eta PSE— aldeko botoak jaso ditu

Sailburuak azaldu duenez, lege honek ezaugarri guztiak batzen ditu “euskal erakunde- eta finantza-egitura konplexuari kohesio handienetako bat ematen dion” legetzat hartzeko.

Ekarpenen Legea onartzeak ziurtasuna ematen die euskal erakunde guztiei, Ekonomia Itunaren kudeaketatik eratorritako baliabideen banaketa behar bezala betetzen duelako, eta euskal erakunde guztiei finantza-egoera egonkorra bermatzen dielako.

Beste gai garrantzitsu bat da lehen aldiz ekin zaiola Ekarpenen Lege bati, 2016an onartutako Euskadiko Toki Erakundeen Legea eta gero udalerriak Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan sartu ondoren.

"Zalantzarik gabe, urte asko igaro dira Ekonomia Itunetik datozen baliabideak banatzeko metodologia berririk gabe, baina, azkenean, 2021eko uztailaren 15ean, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan beharrezko akordioa lortu zen —adierazi du Azpiazuk—. Akordio horrek euskal erakunde-sarea osatzen duten erakunde guztien aho bateko bermea jaso du”.

Ekarpenen Lege berriak modu eraginkorrean biltzen ditu euskal erakunde guztien finantza-asmoak, hiru erakunde-mailen egonkortasun ekonomikoa eta finantzarioa bermatzen du, eta oso-osorik aplikatzen ditu Ekonomia Itunetik datozen baliabideen banaketarako oinarrizko irizpideak. Horrela, kontu publikoei sendotasuna eta ziurtasun handiagoa emango die, susperraldi ekonomikora eta enplegua sortzera bideratutako egoera ekonomikoaren une erabakigarri honetan.

Gainera, urriaren 15eko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren aurretik Legea onartuta edukitzeak erraztu egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-maila guztiek 2022ko aurrekontuak egitea, metodologia berria aplikatuta.

 

22-26 ALDIRAKO EKARPENEN LEGEAREN GAKO NAGUSIAK

Uztaileko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan lortutako akordioak egungo metodologiaren indarraldian erakundeek egin dituzten aldarrikapenak jasotzen ditu, eta, batez ere, Euskadiko Toki Erakundeen Legetik (ETEL) eratorritako manuak sartzeari balioa ematen dio, bereziki udal-finantzaketari buruzko kapitulu batekin.

Hauek dira gako nagusiak:

 Koefiziente bertikala:

Koefiziente bertikala % 70,04tik % 70,81era handitu da, batez ere Eusko Jaurlaritzak azken urteotan bere gain hartu dituen eskualdatze berriak integratu direlako. Koefiziente horrek erakunde-mailen eskumen-banaketa hartzen du kontuan, eta, gainera, Gizarte Zerbitzuen Funtsari dagokion zenbatekoa banaketa bertikalaren ereduan sartzen dela islatzen du, egungo 20 M/€-tik 35 M/€-ra arte zabaltzen baita.

 Koefiziente horizontalak:

Ekarpeneko koefiziente horizontalak kalkulatzeko metodologiari bere horretan eusten zaio.

 Egokitzapenerako Funts Orokorra:

Foru Aldundi bakoitzaren diru-bilketaren pisu erlatiboa euren koefiziente horizontalaren % 99ra iristen dela ziurtatzeko helburuari eusten zaio. Egokitzapenerako Funts Orokorraren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45eraino igotzen da, indarreko ekarpenen legeak % 1ean ezartzen duen bitartean. Egokitzapenerako Funts Orokorraren gehieneko zenbatekoa handitzeak Lurralde Historikoentzako bermeak handitzen ditu.

 

Toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten gutxieneko partaidetza-ehunekoa:

Toki-erakundeek tributu itunduetan duten gutxieneko partaidetza-ehunekoa % 39,23koa izango da. Horrela, hiru Lurralde Historikoetako toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten partaidetzaren ehunekoa 2/2007 Legean indarrean dagoena baino handiagoa izango da.

3 iruzkin
  • @eajpnvbizkaia
    2021-10-07

    Comentario de Twitter:
    RT @PedroAzpiazu: Nos va a permitir afrontar con solvencia y estabilidad el relanzamiento económico de Euskadi.

    https://t.co/1jkDpMfegw

  • @PedroAzpiazu
    2021-10-07

    Comentario de Twitter:
    Nos va a permitir afrontar con solvencia y estabilidad el relanzamiento económico de Euskadi.

    https://t.co/1jkDpMfegw

  • @PedroAzpiazu
    2021-10-07

    Comentario de Twitter:
    Euskadiren bultzada ekonomikoari egonkortasunez aurre egiteko aukera emango digu.

    https://t.co/xU5FGk189Q

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak