EUSKADIKO GAZTEEK PIRINIOEZ HARAINDIKO GAZTEEN I. FOROAN PARTE HARTU DUTE, NOUVELLE AQUITANIE, OCCITANIE, ARAGOI, ANDORRA, NAFARROA ETA KATALUNIAKO ORDEZKARIEKIN BATERA

2021-10-05


Foroak lan-mailan eta kirol- edo kultura-mailan gazteen arteko trukeak sustatzea proposatu du, bai eta Pirinioetako mugaz haraindiko parke bat sortzea ere

Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak, Foroan, hizkuntzek “herri baten bizimodua” ulertzeko duten balioa nabarmendu du

Euskadi, datorren abendutik aurrera, Foroaren sustatzaile den Pirinioetako Lan Elkartearen presidente izango da

Euskadiko gazteek, oraingo asteburuan, Pirinioez Haraindiko Gazteen lehen Topaketan parte hartu dute. 19 eta 29 urte bitarteko lau neska eta sei mutil –Irun, Mungia, Trokoniz, Bilbo, Barakaldo, Erandio, Vitoria-Gasteiz eta Algortakoak– Huescako Biescas herrira joan dira, Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariarekin batera.

Bileran, guztira, mugakide diren zazpi lurraldeetako 60 gaztek baino gehiagok eta dozena bat kargu publikok eta ordezkari politikok parte hartu dute, honako hauetakoek, hain zuzen ere: Nouvelle-Aquitaine, Occitanie, Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Katalunia eta Andorra. Eztabaidetan, beren arazo eta beharrizan nagusiak partekatu dituzte.

Pirinioz Haraindiko Gazteen I. Foroa Europar Batasunaren Erasmus+ proiektu bat da, eta Pirinioetako Lan Elkartea da proiektuaren buru. Eusko Jaurlaritzak hartuko du, datorren abendutik aurrera, Pirinioetako Lan Elkartearen presidentetza.

Foroan, parte-hartzaileek zenbait arlo tematikoren inguruan hausnartu dute, batzordeen bidez. Lan eta emantzipazio Batzordeak oinarrizko arazo bat dagoela adierazi du, enpleguaren eta etxebizitzaren eskaintzan zuzenean eragiten duen ekonomia zentralizatua planteatzean, eta klase politikoari neurri berriak ezartzeko eskatu dio, besteak beste laneko trukeak.

Bestalde, Feminismo, arrazismo eta LGTBIQ eskubideen eta beste kontu sozial batzuen Batzordeak mahai gainean zenbait kontu jarri ditu: arrazismo instituzionala dagoela, emakumezko-gizonezko sistema binarioarekin dagoen gatazka, hizkera inklusiboa eta goi-karguetako desberdinkeria; kristalezko sabaiak aipatu ditu.

Kultura, hizkuntza eta identitatearen Batzordean eta Turismo eta mugikortasunaren Batzordean komunikazio-arazoa dagoela azaldu da, eta informazio eza lurraldeen kultura-eskaintzaren inguruan. Era berean, batzordeak berezko hizkuntzen aldeko apustua ere egin du, konektatzeko eragile eta tresna gisa. Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak esan duenez, “oso garrantzitsua da gure hizkuntzak balioestea; izan ere, herri batek bizitzeko duen modua ulertzeko aukera ematen dute. Funtsezkoa da hizkuntzak eztabaida politikotik areatzea”.

Azkenik, jasangarritasuna dela eta, gazteek politika energetikoak aurrera eramateko orduan mendiko lurraldeak kontuan izateko beharra nabarmendu dute. Gainera, baso-lursailen eta espezie autoktonoen kudeaketa egokia eskatu dute.

Europako “Pyrenean Youth” lankidetza-proiektuaren barruan –Pirinioetako Lan Elkartea da buru eta Erasmus+ programak zati batean finantzatzen du–, Pirinioz Haraindiko Gazteen I. Foroaren helburua Pirinioetako gazteen eta haien erakunde publikoen ordezkari direnen artean elkarrizketa egituratua sustatzea izan da, mugaz haraindiko agenda publikoaren barruan gazteen ahotsari dagokion lekua emateko.

Zenbait ondorio atera dira, besteak beste lan-, kirol- edo kultura-mailako gazteen arteko trukeak sartzea, Pirinioetako mugaz haraindiko parke bat sortzea edo ekoturismoaren aldeko behin betiko apustua egitea.

Parte hartu duen Euskadiko gazte-taldearen iritziz, “Foroak potentziala du; izan ere, hainbat lurraldetako gazte asko batzen ditu, gazteriarekin zerikusia duten gaien gaineko interesa dutenak eta, beraz, ikuspuntu eta iritzi desberdinak dituztenak”. “Oso ongi" egon zela nabarmendu dute, eta, beren iritziz, “eztabaidatzeko eta adosteko” denbora gehiago emanez gero, emaitza hobea izango litzateke.

Bestalde, Agurtzane Llanok honako hau esan du: “Pirinioz Haraindiko Gazteen I. Foroa Pirinioetako Lan Elkarteko lurraldeen proiektu bat lortzeko abiapuntuko bidea da; bertan, gazteak politika publikoen erdigunean daude, eztabaida eta proposamenetan egiten duten partaidetzaren bidez”. Gazteriako zuzendariak, amaitzeko, honako hau esan du: “oso balorazio positiboa egin dezakegu, eta urtero egiten jarraituko dugu”.


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak