Euskal sorkuntza literarioari leihoa irekiko dio Quebecek

2021-10-06
  • Literatura eta eleaniztasuna ardatz izango dituen kongresua egingo da Laval Unibertsitatean

  •  ‘Québec en toutes lettres’ jaialdiak euskal literaturari eskainiko dio gau bat

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko lehendakariak eta Itxaro Borda idazleak Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 egitasmoaren baitan egingo diren hainbat ekitaldi azaldu dituzte Donostiako Tabakaleran, literatura ardatz izango dutenak.

Kongresua Laval Unibertsitatean

Laval Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuak, Quebeceko PEN Klubak eta Euskal PEN Klubak urriaren 13an eta 14ean egingo den ‘La voix des autres-Besteen ahotsa, Eleaniztasuna eta literatura: Euskal Herria eta Quebec’ kongresua antolatu dute, pandemia dela eta online egingo dena. Egunero aurkezpenak egingo dira, eta mahai-inguruak izango dira saio bakoitzaren amaieran. Parte hartuko duten adituen hitzaldietan sorkuntza literario hauek partekatzen dituzten ezaugarriak identifikatuko dira eta ondorengo gaiak landuko dira, besteak beste: hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatura ekoizpena Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan. 

Quebec en toutes lettres

Urriaren 14tik 24ra egingo den  ‘Québec en toutes lettres’ jaialdi entzutetsuaren baitan euskal literaturari eskainitako gaua antolatu dute Quebec hiriko Zibilizazioaren Museoan. Urriaren 16an izango da, 19:00etan, ‘Soirée découverte Accent basque’ izenburupean.

Batetik, euskal literaturari buruzko mahaingurua egingo da Itxaro Borda eta Kirmen Uribe idazleen eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren parte hartzearekin. Mélissa Verrault idazle eta itzultzaileak gidatuko du mahaingurua.

Bestetik,  ‘Chejov vs. Shakespeare’ egitasmoaren edizio berria aurkeztuko da. Oraingoan, Aurelia Arkotxa euskal idazlea eta Jean Désy idazle quebectarra izan dira protagonistak. Urtebetez mantendu duten korrespondentzian akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasuna bezalako gaiak izan dituzte mintzagai, baita pandemia ere. Gutun-truke horren emaitza liburu bihurtu eta jaialdi horretan aurkeztuko da Désy eta Arkotxaren eskutik. Ekitaldian pasarte batzuk ere irakurriko dira Trío Zukanen musikaz lagunduta. Aipatu beharra dago, ere berean, Maria Zubimendi, Gorka Catediano eta Jon Ansorenak osatutako hirukote honek beste kontzertu bat ere emango du urriaren 20an, Montrealen, bertako Quasar Saxophone Quartet taldearekin.

‘Chejov vs. Shakespeare’-en edizio honen azala egiteko hautatutako artista Higinia Garay irudigilea izan da, eta liburua Euskal Herrian azaroan aurkeztuko da, Literaktum jaialdiaren baitan, Donostian.

Bestalde, ‘Québec en toutes lettres’ jaialdian bertan, Itxaro Bordak Quebeceko literatura eszenan hitzordu saihestezina bihurtu den ‘Poesiaren gaua’ ekitaldian hartuko du parte, literaturako hainbat ahots konsagratu eta emergenterekin batera.   

Itzultzaile Berriak

Literaturaren ildotik jarraituz, baina ‘Québec en toutes lettres’ jaialdia alde batera utzita, ‘Itzultzaile berriak’ proiektuaren berri ere eman dute Tabakaleran. Nazioarteko literatura itzultzaileak euskaraz trebatzea eta nazioarteko literatura itzultzaileen eta bertakoen arteko zubiak eraikitzea da egitasmoaren xedea. Yannick Bédard eta Michel Usereau itzultzaile quebectarrak Aiora Jaka EIZIEko kidearen gidaritzapean hurrengo laginen itzulpenak ari dira burutzen: Garazi Arrularen ‘Abian’ eta ‘Ederra eta piztia’; Uxue Alberdiren ‘Oreina’ eta ‘Ezertan lagun diezazuket?’;  eta Harkaitz Canoren ‘Arrokarik altuena’ eta ‘Safaria’ lanenak. Abendurako laginak amaitutzat eman ondoren, Bilboko ‘Gutun zuria’ jaialdian aurkeztuko dute hilabetetako lanaren emaitza. Gainera, aurreikusita dago itzultzaileek egonaldia egitea, 2022an, Euskal Herrian.

Saison Québec - Pays Basque

Udaberrian eta udan zehar euskal eta quebectar zinema zikloen lekukoa hartzera dator udazkeneko eskaintza literario hau. Euskadiko Filmategian egindako Quebeceko zinema zikloari segida emanez, irailean Basques contemporains zikloa egin da Cinémathèque Québécois-en, 11 euskal film proiektatuta.

Joan-etorriko izaera duen Saison Québec – Pays Basque programaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea.

Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du. Proposamen honen bidez euskal kultura eta sorkuntzaren aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Quebeceko publikoak eta Quebeceko sorkuntzaz gozatzeko parada izango du euskal ikuslegoak. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu emana sustatuko da.

Quebec: lehentasunezko lurraldea

Saison Québec – Pays Basque egitasmoak 2017. urtean, Iñigo Urkullu lehendakariak Quebecera egindako bidaia instituzionalean, hango Lehen Ministro zen Philippe Couillardekin sinatutako MOU edo Elkar-Ulermenerako Memorandumean du jatorria. Izan ere, Quebec, Euskadiren nazioartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea baita, besteak beste, Euskadirekin, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, eta ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromisoa partekatzen dituelako. Akordio horretan, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera, kultur esparruan bi herrialdeen arteko lankidetzan sakontzeko helburua jasotzen da, eta Saison Québec – Pays Basque da, hain zuzen, bi  herrialdeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat.

Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak hiru aldiz egon dira Quebecen egitasmoari forma emateko, eta 2019ko uztailean Euskadi-Québec kultur topaketa profesionalak burutu ziren Gasteiz, Bilbo eta Donostian bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatu eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin. Hori izan zen Saison Québec – Pays Basque antolatzeko lehen urratsa. Halaber, Lehendakaritzak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak dirulaguntza deialdiak atera dituzte egitasmo honen baitako kultur jarduerak laguntzeko.

Kultur Konexioak: kulturaren bidez herrialdeen arteko elkarrizketa sustatzen

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren kanpo harremanetarako eta nazioartekotzerako estrategikotzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu, herrialde eta kultura horiekin loturak estutu eta harreman iraunkorrak bideratu, sortzaile eta kultur eragileen artean zubiak eraiki eta lankidetza sendotu, eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak