Eusko Jaurlaritzak World Maritime Week-en parte hartuko du, ontzigintza-, arrantza-, portu- eta energia-sektoreen nazioarteko topaketan

2021-10-05
  • EEEk, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila ordezkatuko dute ekitaldian
  • Arantxa Tapia sailburuak honako hau nabarmendu du: “itsasoak funtsezko zeregina izango du trantsizio energetikoan eta klimatikoan, eta, horregatik, gure inbertsio-planean jarduera ekonomikorako jarduketa espezifikoak aurreikusten dira naturagune horretan”

Gaur hasi da Bilbao Exhibition Centre-n World Maritime Week topaketa, foro berean honako sektore eta gai hauei buruzko bost nazioarteko kongresu biltzen dituena: ontzigintza (SINAVAL), arrantza (EUROFISHING), portua (FUTUREPORT), petrolioa eta gasa —bi alderditan—: Upstream eta Downstream (OIL & GAS CONFERENCE) eta Olatuen, Mareen eta Korronteen Energia (OCEAN ENERGY CONFERENCE).

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak irekiera-ekitaldian hartu du parte, eta pozik agertu da “ia bi urteren ondoren gure enpresa-sareari hainbeste aukera eskaintzen dizkioten hitzordu horiek berreskuratu daitezkeelako”.

“Azoka honek —esan du Tapiak— bakoitzaren errealitatetik urrun dauden baina hain preziatua eta maitatua den zerbait —itsasoa (lekuko gisa eta jarduera ekonomikorako potentzial gisa diharduen naturagunea)— partekatzen duten sektoreak barne hartzen ditu”.

Tapiak nabarmendu du itsasoak berebiziko garrantzia duela energia-trantsizioan eta trantsizio klimatikoan, “espezieen gehiegizko ustiapena saihestu behar delako, eta itsasoen eta ozeanoen garbitasuna ziurtatu behar delako, baita gure kostaldeko portuetan dikeen jarduketak ezarri behar direlako, eta off-shore plataforma eolikoen bidez eta itsasoko olatuen bidez energia berriztagarria sortu behar delako ere; eta hori guztia adimen artifizialeko teknologiekin gero eta erlazionatuagoak dauden garapen teknologiko berriei lotuta”.

Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza klima-aldaketaren aurkako ekintzarako inbertsio publikoen plana amaitzen ari da. “Portuetako eta itsasertzeko eremuetako jarduketez ari naiz; uholde-arriskuak saihesteko obrez, hondakinen kudeaketaz edo industria-prozesuetako sistema berriez, ekonomia zirkularrari eta bioekonomiari ere lotuta; lurzoruak deskontaminatzea, energia berriztagarriak sortzea eta abar dakarren guztiaz ari naiz”. 

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2022ko aurrekontuak lehentasuna emango dio industria suspertzeari eta bere lehiakortasuna hobetzeari, jasangarritasunaren eta klima-ekintzaren alde apustua eginez.  “Klima-aldaketaren aurkako ekintza euskal industriarentzako aukera gisa hartzea nahi dugu”.

Sailburuak ez ezik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko beste kargu batzuek ere parte hartuko dute gaur hasi eta osteguna —hilak 7— bitartean egingo diren saioetan.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak hasieratik —duela 30 urte— hartu du parte azokan —lehendabizi SINAVAL izena zuen—. Aurtengo edizioan, FUTUREPORT kongresuan hartuko da parte. Bertan Green Deal eta Digitalizazioa/automatizazioa gaiak jorratuko dira. Portu eta Itsas Gaietako zuzendari Aitor Etxebarria arduratuko da kongresu hori ixteaz.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak standa partekatuko du Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzarekin; azken horrek ere parte-hartze nabarmena izango du EUROFISHING Kongresuaren —nazioarteko arrantza-industria ardatz hartzen du— barruan antolatzen diren jardunaldi eta topaketa sektorialetan.  

Arrantzaren esparruan, hainbat gai eztabaidatuko dira, besteak beste, arrantza-ontzi berrien digitalizazioaren eta elektrifikazioaren garrantzia. Gainera, euskal arrantza-sektoreetako ordezkariek euren ontzidien —freskotarako alturako, baxurako, atunontzi izozkailuetako eta bakailao-ontzietako sektoreak— erronkak azaldu eta jorratuko dituzte.

Bestalde, Energiaren Euskal Erakundeak Ocean Energy Conference izango du ardatz.

Olatz Ajuriak, itsas energien proiektuen arduradunak, hitzaldi bat eskainiko du “Atlantikoko Ekintza Plana 2.0 – Itsas Energia Berriztagarriak” Izenburupean. Bertan, karbonoaren neutraltasunari ekarpena egiteko eskualde atlantikoan itsas energia berriztagarrien hedapena bizkortzeko ideia garatuko du.

Gainera, urriaren 7an bisita bat egingo da Bimep-ek Armintzan dituen instalazioetara. Bertan parte hartuko dute MARE DGko itsas espazioaren antolamendu eta itsasoko energia berriztagarrien taldeko buruak, DG Mare Europe-ko Directorate General of Maritime Affairs and Fisheries-ek eta Ocean Energy Europe-ko (ozeanoetako energien industriaren Europako elkartea) Policy Director-ek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak