Eusko Jaurlaritzak amore eman du lehen alarma egoerako isunengatiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoetan (Gobernu Bilera 2021-10-5)

2021-10-05
  •  Bide hori erabili duten kaltetuek ez dute Segurtasun Sailak 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era bitarte ezarritako isuna ordaindu beharko
  • Amore ematea Konstituzio Auzitegiak emandako epaiaren ondoren gertatu da. Epai horretan, Konstituzioaren aurkakotzat eta baliogabetzat jo zituen alarma egoeraren Errege Dekretuaren hainbat atal 

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari 2020ko martxoaren 14an dekretatutako lehen alarma egoeran zehapen-prozedurak ireki eta izapidetu zaizkien pertsonek eskatutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoetan amore emateko. Horrela, Eusko Jaurlaritzak atzera egin du eta horrek prozesu judizialaren amaiera dakar. Ondorioz, auzibide horretara jo duten dozenaka kaltetuek ez dute isuna ordaindu beharko. 

Konstituzio Auzitegiak, 2021eko uztailean emandako epai batean, Konstituzioaren aurkakotzat eta baliogabetzat jo zituen 463/2020 Errege Dekretuaren hainbat atal. Dekretu horrek Covid-19ak eragindako osasun krisiaren egoera kudeatzeko alarma egoera arautzen zuen, eta, horren arabera, herritarren mugikortasuna nabarmen murrizten zen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila zigor espedienteak hasten aritu da 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era bitarte etxeko konfinamendua ez betetzeagatik. 

Konstituzio Auzitegiaren epaia ikusita, Eusko Jaurlaritzak ondorioztatu du administrazio-jarrerak ez duela bideragarritasun juridikorik, eta, beraz, Zerbitzu Juridikoei eskatu zaie amore emateko administrazioarekiko auzibidean aurkeztutako errekurtsoetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko