14,8 milioi euroko laguntzak euskal arrantza- eta akuikultura-sektore jasangarria babesteko (Gobernu Bilera 2021-10-5)

2021-10-05

 

  • Teknologian, energia-eraginkortasunean eta giza kapitalean oinarritutako sektore jasangarria eta berritzailea sustatzeko
  • Zenbatetsi da 9 milioi arrantza jasangarrira bideratuko direla, 3,8 ekoizpen- eta merkaturatze-neurrietara, eta gainerakoa akuikulturara.

Eusko Jaurlaritzak, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aginduaren bidez, 14,8 milioi euroko laguntzak onetsi ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza- eta akuikultura-sektorea babesteko.  Laguntza horien helburu nagusia da teknologian, energia-eraginkortasunean eta giza kapitalean oinarritutako sektore jasangarria eta berritzailea sustatzea.

Honako hauek izan daitezke laguntzen onuradunak: diruz lagundu daitezkeen inbertsio eta gastuak kontratatzen, finantzatzen edo egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, ondasun-erkidegoak, arrantza-erakunde profesionalak, arrantzaleen kofradiak eta haien federazioak, eta organismo zientifiko eta teknikoak.

Onetsitako laguntzetatik, zenbatetsi da 9 milioi arrantza jasangarrira bideratuko direla, 3,8 milioi ekoizpen- eta merkaturatze-plan eta -neurrietara, eta gainerakoa akuikulturara. Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak EAEko funtsetatik (3,7 milioi) eta FEMP Europako Itsas eta Arrantza Funtsetik (11,1 milioi) etorriko dira.

 Laguntza-lerroak, besteak beste, honako eremu hauetara bideratuko dira: arrantza-berrikuntza; arrantza-sektoreko belaunaldien arteko erreleboa, osasuna eta segurtasuna arrantza-ontzietan edo norbanako ekipamenduetan egiten diren inbertsioetan; arrantzak itsas ingurunean duen inpaktua mugatzeko neurriak hartzea eta arrantza espezieak babesteko egokitzea; biodibertsitatea eta itsasoko ekosistemak babestea eta lehengoratzea; arrantza-jarduera jasangarrien esparruko konpentsazio-erregimenak; eta energia-eraginkortasuna eta klima-aldaketa arintzea.

Epeak

2021 ekitaldian laguntza hauek jasotzeko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua indarrean sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Nolanahi ere, epe barruan aurkeztutakotzat joko dira agindua argitaratu baino lehen aurkeztutako proiektuak, betiere 2021 ekitaldian aurkeztu badira.

Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta formulario-ereduak biltzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaera-formulariorako sarbidea ematen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2021/femp-2021/web01-a2arraku/eu/

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko