Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritza Udal Legea negoziatzeko prest azaldu da

2011.eko irailak 06

Mendiak EAJri Udal Legearen inguruan daukan iritzia «argitzeko» eskatu dio

Lan gatazketan arbitrajea eta bitartekaritza sustatu eta gai jakinetan lanbide arteko hitzarmenak ekarriko dituen Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) lege proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Hala, dokumentuaren berrikuntzen arabera, akordioak eta erabakiak gehiengo sinplez hartuko dituzte beren kideek, eta era horretan, blokeo egoerak saihestuko dira txostenak bozkatzeko garaian. Bestalde, Gobernuko bozeramaileak ziurtatu du «goizegi» dela datorren urteko aurrekontuak eta balizko murrizketak kalkulatzeko, baina ohartarazi du gobernuak lehentasuna emango diela gizarte gastuei.

Eusko Jaurlaritzak laguntza eskaini die alderdi politikoei Udal Legea Legebiltzarrean onar dadin. Idoia Mendia, bozeramaileak esan duenez oposizioko lehen alderdia «udalen alde agertzen da, eta aldi berean, udalen adin nagusitasuna ukatu nahi du». Bere iritziz, Eusko Alderdi Jeltzalea izan beharko da «bere iritzia argitu» beharko duena, nahiz eta onartu duen Eusko Jaurlaritza «prest dagoela Udal Legea negoziatzeko». «Puzzle honi falta zitzaion zatitxoa» da. «Pieza berri bat sartzen duzunean, egitura mugitzen da nahitaez; horregatik ezinbestekoak dira akordioak» gaineratu du. Bozeramailearen ustez «Bizkaiko Foru Aldundiak testua Arbitraje-Kontseilura bidaltzeko eskubidea dauka» baina kritikatu egin du «testua ezagutzen ez dutela» dioten horien jarrera, gobernuak Jokin Bildarratzek (EAJ) zuzentzen duen EUDELen, Euskadiko Udalen Elkartearen, iritziaren zain egon delako, eta hortaz, «argudiatze horiek ez daukatela inongo zentzurik» erantsi du Mendiak.

Gobernuko bozeramailea gaur eguerdian aritu da hedabideen aurrean, Lehendakaritzan asteartero izaten den Gobernu Kontseiluaren ostean prentsaurrekoan. Horretan, Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) udal lege proiektua onartzeari buruzko azalpenak eman ditu.

Testu honen bitartez erakundearen funtzionamendua hobetu nahi da, eta, ildo horretan, LHKak agente sozioekonomikoen arteko etengabeko elkarrizketarako eta kontsultarako goreneko organoa izaten jarrai dezan ahalbidetu nahi da.

Aurreproiektuari jarraiki, LHKak arau eta xedapen gehiagotan izango du aholku emateko aukera, hemendik aurrera lan-eremuan soilik jardungo duela kontuan hartuta. Hala, besteak beste, Kontseiluak informazioa eman behar du, nahitaez, Jaurlaritzak lan-arloan abian jarritako lege-proiektuen eta dekretuen inguruan, eta, ildo horretan, eremu horrekin zerikusia duten proposamen eta irizpenak egin behar ditu.

Lan-gatazketan arbitrajea eta bitartekotza sustatzeko aukera ere izango du erakunde aholku-emaile horrek, baita gai jakin batzuei buruzko lanbide arteko akordioak sustatzeko aukera ere.
Sozietate kooperatiboei eta langile autonomoei lotuta egonik lan-arloarekin zerikusirik ez duten gaiak, aldiz, Kontseiluaren jardun-eremutik kanpo geratzen dira.
Jaurlaritzak gaur onartu duen testuaren arabera, LHKak paritarioa izaten jarraituko du. Nolanahi ere, dokumentuaren berritasun nagusien artean aipatzekoa da akordio eta erabakiak gehiengo soilez hartuko direla, txostenak bozkatzean blokeo-egoerak saihesteko.

Erakunde eta konfederazio sindikaletako eta enpresa-konfederazioetako zazpina ordezkarik osatuko dute Lan Harremanen Kontseilua, eta erakundeak, orain arte bezala, Bilboko egoitzan jardungo du. Alderdi bakoitzak bi urterako hautatuko ditu bere ordezkariak, eta lehendakariak izendatuko ditu.
Proiektuan ezarritakoaren arabera, hautaketan eta izendapenean, ahal dela, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokiak dituzten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da. LHKak osoko bilkuren eta lan-batzordeen bitartez jardungo du, eta hautatutako kide bakoitzak boto bat izango du.

2012ko aurrekontuak

Bozeramaileak ziurtatu du «goizegi» dela Eusko Jaurlaritzako sail guztiek datorren urtean edukiko dituzten aurrekontuak ezagutzeko. Esan duenaren arabera, hil honen amaiera arte itxoin beharko da hirugarren hiruhilekoko diru-bilketaren datuak ezagutzeko, baina onartu du egoera ekonomikoa «zaila» dela, eta ohartarazi du gero eta zailagoa dela ohiko gastuen diru-partidak murriztea, aurreko ekitaldietan egin den bezala.
Idoia Mendiak argi utzi du Eusko Jaurlaritzarentzat «lehentasuna» dela hezkuntzan, osasunean, garraioetan, justizian eta gizarte zerbitzuetan egiten diren inbertsioei eustea, baita familiei ematen zaizkien laguntzei, krisiari aurre egin diezaioten, eta abalen bidez ordaintzeko zailtasunak dituzten enpresei ematen zaizkien diru-laguntzei ere.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.09.06)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-09-06n hartutako erabakiak

Iruzkin bat
  • @gestionpublicav
    2011.eko irailak 09

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco tiende la mano para negociar la Ley Municipal http://t.co/CUc9FaL

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)