Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak defendatu du 18 hilabete hauetan hartutako neurriek pandemia gelditzeko eraginkorrak direla erakutsi dutela

2021-10-05

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, LABIren Aholku Batzordearen arratsaldeko bileraren zain, azaldu du, azken datuek pandemiaren atzerakadaren joera islatzen dutela, "Intzidentziak eta ospitaleratzeek behera egin dute, eta herritarren % 90ek jaso dituzte txertoaren bi dosiak”, esan du. Hori horrela, adierazi du helburu gehienak bete direla eta, beraz, erabaki berriak hartzeko eta normaltasunerantz aurrerapausoa emateko unea dela. Gainera, Bingen Zupiriak defendatu du 18 hilabete hauetan hartutako neurriek pandemia gelditzeko eraginkorrak direla erakutsi dutela.

Nolanahi ere, bozeramaileak gogorarazi du, "zientziak ez du oraindik gaixotasunaren jatorria aurkitu, ezta gaixotasunari aurre egiteko tratamendurik ere", eta txertoak kutsatzeak gelditzeko erabilgarri dagoen tresnarik onena izaten jarraitzen duela. Hala, pandemiaren egoera nazioartekoa dela azpimarratu du, eta, beraz, "zuhurtziari eustea" komeni dela.

Zupiriak aukera hau aprobetxatu du hildakoak, haien familiak eta oraindik sendatu ez diren kaltetuak gogoratzeko.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onatutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari amore emateko, hau da, bertan behera uzteko, Alarma Estatua arautu zuen Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea betez zigorrak ireki eta izapidetu zitzaizkien pertsonek aurkeztutako administrazio-errekurtsoak.

Eusko Jaurlaritzak, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aginduaren bidez, 14,8 milioi euroko laguntzak onetsi ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza- eta akuikultura-sektorea babesteko.  Laguntza horien helburu nagusia da teknologian, energia-eraginkortasunean eta giza kapitalean oinarritutako sektore jasangarria eta berritzailea sustatzea.

Horrez gainera, Bingen Zupiriak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak txosten hauen berri izan duela gaur: Euskadiko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko 2020rako Zifrei buruzko Txostena eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana gauzatzean botere publikoek izan duten jarduera-memoria.

Hezkuntza arloari dagokionez, Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran onartu du 2021-2022 ikasturtean unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateentzako eta Goi-mailako Arte eta Kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egiten duen agindua. Dirulaguntza deialdi honek 2,2 milioi euroko zenbatekoa du.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak onartu du 500.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea Euskampus Fundazioari, R-LTC ekimena garatu dezan, hau da, Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategien Sarea.

Halaber, Hezkuntza sailari lotuta, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, bi dirulaguntza zuzen ematea BCBL eta Achucarro bikaintasuneko ikerketa zentroei. Orotara 479.684 euroko kopurua egiten duten laguntza hauek, Neurobiozientzien eremuan egiten duten ikerketa lanerako ekipamendu zientifikoa eskuratzeko erabili beharko dituzte aipaturiko bi ikerketa zentroek.

Turismo sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak 1.920.000 euroko programa onartu du, Euskadiko OTCei (Merkataritzako Bulego Teknikoei) euskarria emateko. Programa honen helburua da berrikuntzarekin, kalitatearekin eta teknologia berriekin lotutako prozesuak bultzatzea, langile kualifikatuen laguntzarekin, eta maila anitzeko lankidetza-estrategiak sustatzea.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak jakinarazi du gaurko Gobernu Kontseiluak onartu egin duela HABE- Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena. Akordioaren arabera Gipuzkoan helduen euskalduntzean B2 mailara bitarteko ikaskuntza prozesua doakoa izango da.

Gainera, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoaren osaera, antolaketa, funtzionamendua eta zereginak arautzen dituen dekretua.Organoa hau arduratzen da hiru administrazio-mailen arteko komunikazioaz, lankidetzaz eta laguntzaz, euskal kultura-ondarea babesteko sistema homogeneo bat lortzeko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak