Javier Hurtado sailburuak eta Abanto-Zierbenako alkateak turismo-aktiboak sustatzeko hitzarmena sinatu dute

2021-10-04
  •  Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Abanto-Zierbenako alkate Maite Etxebarriak sinatu egin dute lehentasunezko jarduketa-eremuetako (LJE) turismo-aktiboak bultzatzeko eta balorizatzeko planean sartutako akordioa

 Abanto-Zierbenako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak turismo-aktiboak sustatzeko eta balorizatzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmena lehentasunezko jarduketa-eremuetako (LJE) turismo-aktiboen planaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren 6,5 milioiko aparteko ekarpenarekin egikarituko da. Horren bidez, jarduera turistikoak egin nahi dira hainbat udalerri eta eskualdetan.

Abanto-Zierbenan 500.000 euro inbertituko dira Burdinazko Mendien Bide Berdea egokitzeko. “Antzinako trenen arrastoari jarraituz, meatze-paisaiak zeharkatzen dituzten 42 kilometroak berroneratzea funtsezkoa da Bizkaiko bide berde zabalena bultzatzeko”, gogorarazi du sailburuak.  

Sailburuak azaldu duenez, “Bide berdeak berreskuratzea, bultzatzea eta sustatzea oso esanguratsua da EAEko jasangarritasun turistikoaren estrategiaren barruan eta bertako ondarearen balioa nabarmentzeko estrategiaren barruan. Bide berdeak irisgarritasunaren, mugikortasun ez-motorizatuaren eta gure memoria industriala berreskuratzearen adibide dira eta, horrez gain, beren inguruan zerbitzuak eta enpresak sortzeko aukera ematen dute”.

Gainera, Javier Hurtadok adierazi duenez, “Bide berdeek sustatu egiten dute naturarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin lotura handiagoa duen turismo aktiboa. Eta, batez ere, jasangarritasun turistikoaren funtsezko 2 zutabe bultzatzen dituzte: turismoa lurralde osoan banatzea eta urtarokotasuna ezabatzea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak