Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadi, Quebec eta Australiako Hegoaldea Londresen erakusgai, “energia garbiaren iraultzaren lidertzaren” eredu gisa.

2011.eko irailak 05

Bihar, Bernabé Unda sailburuak parte hartuko du The Climate Group erakundeak antolatutako jardunaldi batean, Euskadik ibilgailu elektrikoaren eta sare elektriko adimendunen garapenean abian jarritako eredua azaltzeko. 

Lehendakariak onartu du aurten hasita The Climate Group erakundeko Europako presidente izatea. Munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat eskualde- eta toki-gobernu biltzen ditu erakunde horrek. 

The Climate Group eremuan EV20 programa sortu zen, hain zuzen ere munduan ibilgailu elektrikoa bultzatzen duen 'lobbya', eta Eusko Jaurlaritza programa horretako kide da, sortu zenez geroztik.

 

Euskadiko, Quebeceko (Kanada) eta Australiako Hegoaldeko eskualde-gobernuak protagonista izango dira bihar Londresen, Britainia Handiko Errege Erakundearen egoitzan, 'Leading a Clean Energy Revolution' (Energia garbiaren iraultzaren buruan) izeneko jardunaldiaren esparruan. 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak, antolatzaileen gonbidapenari erantzunez, Euskadik ibilgailu elektrikoaren edo sare elektriko adimendunen garapenean abian jarritako eredua azalduko du, bi ekimen horietan Euskadi munduko onenen artean kokatu dela aintzat hartuta. 

Une honetan, Quebeceko eta Australiako Hegoaldeko gobernuak daude The Climate Group erakundearen buruan, eta bi eskualde horietako ordezkariek ere azalduko dute, euskal sailburuarekin batera, arlo horretan abian jarri duten eredua. 

Lehendakaria, presidentekidea 

Joan den ekainean, The Climate Group erakundeko zuzendari exekutibo Mark Kenber jauna Gasteizen egon zen, eta Lehendakariari eskaini zion munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat eskualde- eta toki-gobernu biltzen dituen erakundeko Europarako presidentekide izatea. Eusko Jaurlaritzak baietz erantzun dio. 

"Energia garbiaren iraultza" gauzatzeko beharrezko mekanismoei eta politikei buruzko eztabaidan aurrera egiteko helburuarekin antolatu da jardunaldia. Mark Kenber jaunak ekitaldia aurkeztu ondoren, 'Energia garbiaren iraultza: lidertza hartzeko bidean' izeneko hitzaldia emango da, eta Bernabé Unda jaunak irekiko du hitzaldi hori. Unda jaunarekin batera, Quebeceko Garapen Iraunkor eta Ingurumeneko ministro Pierre Arcand jaunak eta Australiako Hegoaldeko Gobernuko Energia Berriztagarrietarako ordezkari Tim O'Loughlin jaunak parte hartuko dute, baita Galesko Batzarreko Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko ministro John Griffiths jaunak ere. 

Jarraian, eztabaida bat antolatu da, energia garbia indartzeko gobernuek ezarri beharreko politikaren eta sektore pribatuak bete beharreko zereginaren inguruan. Alstomeko presidente Joan MacNaughton jaunak, Bloomberg New Energy Financeko zuzendari exekutibo Michael Liebreich jaunak eta HSBCko Berriztagarrien zuzendari Siobhan Smyth jaunak ere parte hartuko dute eztabaida horretan. 

Britainiar Gobernuko Energia eta Klima Aldaketako ministro Greg Barker jaunak jardunaldiari amaiera emango dio. 

Eusko Jaurlaritzak Londresko foro horretan parte hartzeak zera esan nahi du, Euskadik klima-aldaketaren aurkako borrokaren alde abian jarritako politikak berriz ere aintzat hartu dituztela. Aldez aurretik Unda sailburuak parte hartu du EV20 taldea sortzeko antolatu diren bi goi-konferentzietan. Munduan ibilgailu elektrikoa bultzatzen duen 'lobbya' da EV20, eta The Climate Group erakundearen eremuan sortu da. 

The Climate Group zer den 

The Climate Group (TCG) irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea da, 2004an sortu zena nazioartean jarduteko, enpresa-sektoreko hainbat liderrekin eta gobernurekin batera. Politika eta teknologia jakin batzuk bultzatu eta sustatu nahi ditu erakundeak, testuinguru orokor batean emisioak murrizteko, eta, ildo horretan, 'industria-iraultza garbia' sortzeko, ekonomia-hazkundea eta enpleguak sortuko dituena eta guztiontzako etorkizun garbiagoa, emankorragoa eta hobea ziurtatuko duena. 

The Climate Group Europan, Ipar Amerikan, Australian, Txinan, Hong Kongen eta Indian ezarrita dago, eta bulegoak ditu eskualde horietan guztietan. 2010etik, koalizioak munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat gobernu azpinazional biltzen ditu. Guztira, kideak munduko BPGaren % 15 dira. Besteak beste, erakundeak honako kide hauek ditu: 

  • Kide korporatiboak: Alstom, Barclays Bank, Bloomberg, British Sky, Cathay Pacific Airways, China Mobile, Cisco, Coca-Cola, Dell, Deutsche Bank, Florida Power & Light Company, GE Energy Europe, Goldman Sachs, Google, HSBC, Johnson Controls, JP Morgan Chase, Nestlé, Nike, Philips, PSA Peugeot Citroen, TNT, Veolia Environment (besteak beste).

 

  • Gobernuetako kideak: New Yorkeko hiria, Kataluniako Gobernua, Ipar Renania-Wesfaliako Gobernua, Eskoziako Gobernua, Euskadiko Gobernua, Ontarioko Probintzia, Quebeceko Probintzia, Bretainiako Eskualdea, Ille de Franceko Eskualdea, Rhône-Alpeetako Eskualdea, Bavariako Estatua, Kaliforniako Estatua, Hegoaldeko Gales Berriko Estatua, Sao Pauloko Estatua, Upper Austriako Estatua, Galesko Batzarra (besteak beste).

 

Gainera, 2004an sortu zenez geroztik, nazioartean ospe handia lortu duten zenbait pertsona izan dira The Climate Group erakundeko babesle, hala nola Britainia Handiko lehen ministro ohi Tony Blair jauna, hasiera-hasieratik taldea bultzatu duena, eta Monakoko Alberto II.a, Alberto II.a Printzea Fundazioaren bitartez eta The Climate Group eta Johnson Controls erakundeekin batera, Energia Eraginkortasunaren Foro Euromediterraneoa antolatzen duena. 

Besteak beste, The Climate Group erakundeak teknologia-programak garatzen ditu, dagoeneko abian diren teknologietan oinarriturik 2010. urterako emisioak murrizteko lagungarri izan daitezkeenak. Proiektu horien bitartez, teknologia horiek aldi berean praktikoak eta merkeak direla erakutsi nahi da, eta gainera teknologia horiek oro har erabiltzea galarazten duten oztopo nagusiak zein diren jakinarazi nahi da, baita oztopo horiek gainditzeko moduak aurkitu ere. 

Teknologia-programa horien barnean honako hauek daude:

  • EV-20 (Electric Vehicle): Ibilgailu elektrikoen erabilerarako trantsizio azkarra bultzatzearen aldeko konpromisoa hartu duten 20 erakundez osatutako sare batekin elkarlanean ari da erakundea, ibilgailu elektrikoak azkar eta eraginkortasunez hedatzeko beharrezko merkatuak eta borondate politikoa eraikiz. Horretarako elkarteak sortu behar dira maila guztietan, automobil- eta bateria-fabrikatzaileen, zerbitzu publikoen, bankuen eta gobernuen artean. Gainera, garraio-azpiegitura eraldatu behar da, ibilgailuak hornitzeko kate berriak eta finantzatzeko politika eta eredu berriak beharko ditugulako merkatuaren hornidura eta eskaria bermatzeko.

 

  • Smart 2020: Smart 2020 txostenak zera erakutsi zuen, IKTak lagungarri izan daitezkeela 2020rako sektore guztietako emisio orokorrak % 15 murrizteko. Horregatik, TCG sare adimendunetan, eraikin adimendunetan eta hiri adimendunetan jartzen ari da bere arreta guztia.

 

  • LED: Munduko hainbat gobernu eta enpresarekin lanean ari gara, LEDen merkatua bideragarri bihurtzeko eta LEDak mundu osoko herri eta hiriak argiztatzeko erabil daitezela ahalbidetzeko.

 

  • Carbon Capture and Storage (CCS): 2014rako, CCSko lantaldeak CCSren eskala handiko bost erakusketa-planta eraiki nahi ditu, Txinan, Indian, AEBetan, Europan eta Australian.

 

Halaber, The Climate Group erakundeak Estatu eta Eskualdeen Aliantza ezarri du, kima-aldaketaren aurkako borrokan gobernu azpinazionalak betetzen ari diren zeregin garrantzitsuaren onespenean oinarrituta. Gainera, TCG erakundeak beste zenbait ekitaldi antolatzen eta deitzen ditu, New Yorkeko Klimaren Astea esaterako, astebeteko mundu-foroa izanik, "industria-iraultza garbiaren' aldeko politikak garatu eta finantzatzeko mundu osoko enpresa eta gobernuek zer egin dezaketen aztertzen duena. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 5a.

 

 

 

 

Iruzkin bat
  • @eocenico
    2011.eko irailak 05

    Comentario de Twitter:
    Vía @Irekia los casos de Euskadi , Quebec y Australia del sur se exponen como ejemplos de liderazgo en "energías... http://t.co/1qfbTlA

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)