Eusko Jaurlaritzak Sestaoko La Naval Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko prozesua hasi du, Monumentu Multzoaren kategoriarekin

2021-10-01
  • Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da prozesu honi hasiera ematen dion espedientea, haren ondare-balioa aitortzeko eta kontserbazioa ziurtatzeko.
  • Ebazpenak balio historikoa, berezitasuna, gizarte, zientzia, paisaia eta hirigintza balioa eta berrerabiltzeko ahalmena nabarmentzen ditu.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu da Sestaoko "La Naval" industria-gunea Monumentu Multzoaren kategorian babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeari hasiera ematen dion ebazpena. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, jendaurrean jarriko da 20 eguneko epean alegazioak aurkezteko. Alegazioak ebazten direnean, beti ere egongo balira, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onetsiko du "La Naval" babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzea, Monumentu Multzoaren kategoriarekin, ondare-balioa aitortuz eta segurtasun-baldintzetan kontserbatuko dela ziurtatuz.

Sestaoko La Naval industria-konplexuak osatzen duen Monumentu Multzoak bi eremu bereizi ditu: eremuetako batek oinezkoentzako pasabidea, jantokien eta botikinaren pabilioia, bulego nagusiak, zentral elektrikoa eta makina- eta galdara-tailerra hartzen ditu babes-ingurune gisa. Bigarrenean dike lehor bi babesten dira.

La Naval

Sestaoko La Naval industria-konplexua ontzigintza-sektoreak Bizkaian izan zuen garrantzi historikoaren eta Euskal Autonomia Erkidego osoaren industrializazioaren bultzatzaile gisa izan zuen eraginaren azken testigantza da. Nerbioi Ibarra izeneko eremuan dago kokatuta, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren ertzean. Multzoak, gaur egun, 290.000 m2 ditu. Iparraldean eta ekialdean itsasadarra du, eta gainerako orientazioetan, berriz, industria-partzelak. Besteak beste, Bizkaiko Labe Garaiak enpresa historikoaren instalazio batzuk. 1915etik Sestaon dagoen La Naval ontziak eta diesel eta turbina motorrak eraikitzen eta konpontzen aritu zen batez ere. Ontziolak behin betiko utzi zion jarduerari 2018an.

Hauek dira monumentu-multzoaren ondasun babestuak:

  • Zentral elektrikoa: Sociedad Española de Construcción Navalek hasiera-hasieran, 1916 inguruan, eraiki zuen eraikinetako bat da; hain zuzen, gaur egun geratzen diren zerbitzu-eraikinetatik zaharrena da.
  • Jantokien eta botikinaren pabilioia: ontziolaren 1. modernizazio-fasean egindako eraikinetako bat da. 40. hamarkadako lehen urteetan egin zen langileentzako jantokiak eta botikina bertan kokatzeko.
  • Bulego nagusiak: egungo eraikina 1956koa da, XX. mendeko bigarren hamarkadan eraikitako lehenengo bulego nagusien erreforma egin zenekoa.
  • Makina eta galdara-tailerrak: Sociedad Española de Construcciones Navales enpresak Sestaora 1916 inguruan iritsi zenean eraiki zituen hasierako eraikinen multzoan zeuden.
  • dike lehorra: 1888an eraiki zuen Astilleros del Nervión enpresak 110 m inguruko 3 harmailarekin batera. Gaur egun, harmailak desagertuta daude, eta, beraz, dike lehor hori da La Navaleko konplexuko instalaziorik zaharrena eta lehenengo etapatik hona kontserbatu den bakarra.
  • dike lehorra: ontziola modernizatzeko 2. fasean eraiki zen, 1956 inguruan, 1. dike lehorraren ondoan zeuden 3 harmaila zaharren gainean.
  • Oinezkoentzako pasabidea: lehen zatia 1916an eraiki zuen Sociedad Española de Construcción Naval enpresak langileak errazago sar zitezen ekoizpen-eremura Sestaoko herrigunetik; izan ere, hegaletan zegoen, eta konplexutik banatzen zuen Bilbo-Santurtzi trenbideak.

Eremu horren babes-espedienteak jasotzen duenez, "Naval EAEko industria-ondarearen ondasun bikaina da", eta haren balio historikoa, berezitasuna, gizarte, zientzia, paisaia eta hirigintza-balioa eta berrerabiltzeko ahalmena nabarmentzen ditu, higiezinen, espazioen eta instalazioen funtzionaltasuna, aldakortasuna eta osotasuna direla eta.

2 iruzkin
  • 2021-10-03

    Nazioartekotze faltak, Labe Garaiak itxi zirenean bezala, teknologia-galera erabakigarria izan zen, eta berriz sartzeak pentsa dezake urteak beharko direla langileak prest izateko lehia globala dagoenean, eta desleialtasuna interes partikularren onerako dela badirudi.

  • 2021-10-03

    La falta de internacionalización parece, igual que cuando se cerró Altos Hornos, decisiva pérdida de tecnología, volver a reintroducirla puede pensarse que costará años tener personal preparado cuando hay competencia global y la deslealtad como en beneficio de intereses particulares parece que va viento en popa.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak