Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakaria: “Etapa berri bati ekingo diogu, Euskadi suspertzeko unea da”

2021-10-05
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • LABIk osasun-larrialdiko egoera amaitutzat emango duen dekreturen alde agertu da, baina egoera egunez egun ebaluatzen eta aztertzen jarraituko da
  • Espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan %80-eko mugari eutsiko zaio
  • Era berean, indarrean jarraituko du maskara erabili beharrak barnealdeetan; baita ere kanpoaldeetan, pertsonen arteko distantzia mantendu ezin denean.

LABIren Aholku Batzordearen gaurko bileraren ondoren, Osasun Sailaren txostenari eta Batzorde Zientifiko Teknikoaren Irizpenari erreparatuta, Iñigo Urkullu lehendakariak, organo horretako presidentea den aldetik, esan du LABIk osasun-larrialdiko egoeraren adierazpena amaituko duen dekretua onartzearen aldeko jarrera adierazi duela. Lehendakariak azaldu duenez, egungo egoera bat dator Bizi Berri Planaren 1. mailan ezarritako parametroekin, jardueren ordutegiak, edukiera eta egituraketa mugatzeko neurriak kentzeko, eta horregatik erabaki da osasun-larrialdiko egoera desaktibatzea; hala ere, zuhurtziari, erantzukizunari, konpromisoari eta espiritu positibo eta eraikitzaileari eustea beharrezkoa dela azpimarratu du. “Etapa berri bati ekingo diogu, Euskadi suspertzeko unea da”, azpimarratu du Urkulluk.

Dekretua ostegun honetan, 2021eko urriaren 7an, argitaratzen denean sartuko da indarrean, eta horrek neurri mugatzaile gehienak kentzea dakarren arren, murrizketa batzuk mantenduko dira, hala nola espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan %80-eko mugari eutsiko zaio. Era berean, indarrean jarraituko du maskara erabili beharrak barnealdeetan; baita ere kanpoaldeetan, pertsonen arteko distantzia mantendu ezin denean.

Arratsaldeko agerraldian, lehendakariarekin batera, LABIren Aholku Batzordeko eta Batzorde zientifiko-teknikoko kideak izan dira, eta hilabete hauetan egindako lana eskertu nahi izan die. Gainera, osasun-sistema eta sistema soziosanitarioa, funtsezko zerbitzu guztiak eta ezarritako neurrien ondorioz horien ondorio negatiboak jasan dituzten sektore guztiak aintzatetsi ditu; oro har, euskal gizarte osoaren konpromisoa eta erantzukizuna aitortu ditu. "Eskerrik asko euskal gizarteari, puntu honetara iritsi ahal izateko egindako ahaleginagatik", adierazi du.

Euskadin osasun-larrialdiko egoera desaktibatuta, desegin egin da Euskadiko Babes Zibileko Planaren zuzendaritzan eta koordinazioan Lehendakariari laguntzeko izendatutako Aholku Batzordea. Hala ere, Lehendakariak adierazi du egoera egunez egun ebaluatzen eta aztertzen jarraituko dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)