Berriak Lehendakaritza
Eu

"Hil zorian" dagoen ETAri "arnasgailua" kentzeko eskatu dio lehendakariak Bilduri

2011.eko irailak 02

Elkarrizketa egin diote Lopezi Radio Euskadiko Boulevard saioan

Patxi Lopez lehendakariak Bildu eta ezker abertzaleari ohartarazi die "demokratok ez gaudela prest haiek baldintzak ipintzen dituztenak izateko" terrorismoaren amaierako etapan, eta hala, exijitu die "ETA inoiz baino ahulago eta hil zorian dagoen honetan, arnasgailua kentzeko urratsa emateko hura desager dadin, gure herrian askatasunerako eta bizikidetzarako existitzen den mehatxu bakarra delako".  "Bizitza guztia demokrazia egiten eta terrorismoaren aurka borrokan egon garenoi eperik inposatu ezin diezaguketenak, iritsi berriak dira" azpimarratu du ondoren.  Lehendakariak egungo egoera ekonomikoa aztertu du eta irail bukaeran egingo den Politika Orokorraren gaineko osoko bilkuran jorratuko dituen gai nagusiak aipatu ditu: fiskalitatearen erreforma, iruzurraren aurkako borrokaz (Euskadin %17koa da, hau da, 2.500 bat milioi euro) diru-sarrera gehiago lortzeko eta zerga-kargen banaketa zuzen eta bidezkoago bat, pertsona bakoitzaren diru-sarreren araberakoa. Era berean, adostasunaren eta bizikidetzaren aldeko konpromiso bat proposatuko du lehendakariak, beharrezkoa baita Euskadin azken 40 urtetan gertatu denaren "memoria eta kontakizuna" egitea "horma bat eraikitzeko, fanatikoek berdin ez pentsatzeagatik jendea hiltzen zuten garaietara buelta ez gaitezen".

Datorren irailaren 29an Eusko Legebiltzarrean burutuko den Politika Orokorraren gaineko bilkuran, parlamentuko taldeek egungo euskal politikako gai garrantzitsuenak "eztabaidatzeko" aukera edukiko dute. Helburu hori aintzat hartuta, lehendakariak fiskalitate, enplegu eta terrorismo gaietan hartzeko konpromiso eta adostasun sorta bat aurkeztuko du Legebiltzarrean. Azken alderdi honi dagokionez, lehendakariak aurreratu du adostasuna bilatuko duela, Euskadin adostasunaren eta bizikidetzaren aldeko konpromiso bat lortzeko,  beharrezkoa baita Euskadin azken 40 urtetan gertatu denaren "memoria eta kontakizuna" egitea "horma bat eraikitzeko, fanatikoek berdin ez pentsatzeagatik jendea hiltzen zuten garaietara buelta ez gaitezen". Lopezek salatu du batzuek dena "ahaztu" nahi dutela, hain zuzen ere ETA "inoiz baino ahulago dagoenean".  Hala, lehendakariak azpimarratu du demokratak direla epeak ezarri behar dituztenak eta ez demokraziara "iritsi berriak". Beraz, Bilduri eta ezker abertzaleari ohartarazi die "demokratok ez gaudela prest baldintzak ipintzen dituztenak haiek izateko".   Lopezek exijitu die, "hil zorian" dagoen ETA baten aurrean "arnasgailua kentzeko urratsa emateko, hura desagertu dadin, gure askatasunerako eta herriaren bizikidetzarako dagoen mehatxu bakarra delako".

Hogeita hamar minutu inguruan, lehendakariak egungo gai hau eta beste batzuk aztertu ditu Radio Euskadiko Boulevard saioari eskainitako elkarrizketa batean.

Era berean, lehendakariak autogobernua hasi eta 30 urtera onartu berri den Udal Legea aipatu du eta EAJk egindako kritikei erantzun die. Lopezek ukatu egin du lege honen helburua Diputazioen eskumenak hustea denik, "inondik inora" azpimarratu du,  eta hain zuzen ere horiek "argitzea" duela xede azaldu du.  Nahiz eta EAJk eta PPk errezeloak agertu, lehendakaria ziur dago akordio batera iritsiko direla, bai PP eta bai EAJrekin, eta gogorarazi du lege honek EUDELek egindako ekarpen "gehienak" barne hartzen dituela. Honi dagokionez, Lopezek argitu du Bilduren parte hartzea Legebiltzarrean EAk bermatua dagoela, bertan lekua duelako.

Zerga-erreforma

Lehendakariak Politika Orokorraren osoko bilkuraren mahai gainean ipiniko duen beste gai bat, euskal fiskalitatearen erreforma izango da.  Lehendakariak azpimarratu du aurkeztu duen zerga-erreformaren helburua "zerga-kargak hobeto banatzea", hots, pertsona bakoitzaren diru-sarreren arabera, eta iruzurraren aurka borrokatzea dela, %17ra (2.500 milioi euro) iristen baita dagoeneko. Horregatik, ondasun zerga "berreskuratzeko" beharra plazaratu du, hau da, diru-sarrera gehien dituztenei zergak igo eta iruzurraren aurkako borroka koordinatzea erakunde publiko guztien artean. "Debate honetan sartzeko prest ez dagoenak arrazoia azaldu beharko du eta nondik moztu dezakegun argitu beharko du, herri honetan dauzkagun diru-sarrerei egokitzeko", gaineratu du.

Egoera ekonomiko zaila gorabehera, lehendakariak ziurtatu du murrizketa gehiago egitekotan Ongizate Estatuan izango dutela muga, hala nola, hezkuntza, osasuna edota ekonomiarentzako azpiegitura estrategikoak, esate baterako aberastasun iturri diren AHTaren modukoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)