Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Legebiltzarrak Aukerak Legea onartu du, espetxeetarako Gizarteratzearen Euskal Elkargoa sortzeko aukera emango duen legea

2021-09-30
  • Irakurraldi bakarreko testuak Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien, EAJ eta PSE-EE, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesa izan du. PP-C’s eta Voxek aurkako botoa eman dute

Vitoria-Gasteiz, 2021/09/30

Aukerak Legeak argi berdea lortu du gaur Eusko Legebiltzarrean, EAJren,  PSE-EEren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin, eta PP-C’s eta Vox-en aurkako botoarekin. Horrela, euskal espetxeek jada Gizarteratzearen Euskal Elkargoaren laguntza izan dezakete, askatasunaz gabetutako pertsonei bigarren aukera emateko, prestakuntzaren eta lan-munduratzearen bidetik.

Halaxe azaldu du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bere hitzaldian. Adierazi duenez, “ez da zigorra betetzen den bitartean okupazio hutsean oinarrituko; horrez gain, gizarteratzeko eta lan-munduratzeko ibilbideak ere definituko ditu, trebetasunak edo inklusioa kontuan hartuta”.

Lege-proiektua gaur bertan bozkatu da, eta, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko 163. artikuluko 3. apartatuaren arabera, irakurraldi bakarreko prozeduraren bidez tramitatu da.

Aukerak Gizarteratzearen Euskal Elkargoa sortzea beharrezko egiten duten arrazoiak azaldu ditu Beatriz Artolazabalek. Elkargoaren helburua da euskal espetxeetan dauden pertsonak gizarteratzea eta lan-munduratzea. Sailburuak emandako datuen arabera, 350 bat preso langile daude erregistratuta; horietatik 240 preso bertako ekoizpen-lantegietako langileak dira, eta 114 preso kanpoko enpresekin elkarlanean kudeatutako lantegietako langileak dira.

 “Nortasun propioa eta bereizia duen erakunde bat abian jarri gabe, ehunka pertsona horiek egiten duten lana ez litzateke legez lan-harremantzat hartuko”, azaldu Artolazabalek. Izatez, ekoizpen-lana aitortuko bada, “egungo legeriak eskatzen du enplegu-emailea espetxe-administrazioa ez den beste erakunde publiko bat izatea”. Bestela, lan hori lan okupazional bihurtuko litzateke, eta ez luke ordainsarirako eskubiderik izango, ezta Gizarte Segurantzan kotizatzeko eskubiderik ere.

“Aukerak programak bere gain hartuko du presoen lan produktiboari eta haien prestakuntzari eta lan-munduratzeari buruzko guztia —euskal espetxe-administrazioak ezartzen dituen gidalerroen barruan—”, azaldu dio Ganberari sailburuak. “Horrenbestez, erantzukizun osoa izango du orain arte Estatuko Espetxe Lana eta Enplegurako Prestakuntza erakundeak kudeatzen zuenaren gainean”.

Artolazabalek, halaber, lanak askatasunaz gabetutako pertsonei ekartzen dizkien onurak aipatu ditu. Hala, “autoestimua hobetzeaz” hitz egin du, eta egiaztatu du lanbide-trebetasuna, prestakuntza eta lan-esperientzia garatzeko aukerak erraztu egiten dituela berriro gizarteratzeko prozesuak. 

Sailburuaren arabera, Aukerak programaren eginkizunak hauek izango dira: ekoizpen-lana eta haren ordainsaria antolatzea; industria- edo merkataritza-jarduerak edo antzeko jarduerak egitea; eta, zigorraren azken fasean edo erdi-askatasuneko erregimeneko fasean, lanbide-heziketa eta enplegurako orientazioa sustatzea, betiere beste erakunde edo entitate batzuekin lankidetzan, pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbidearen jarraipen gisa.

Langileen arloan, Aukerak programak hamar bat funtzionariok osatutako lantaldea izango du, eta, erakundearen hasierako zuzkiduraz gain, aurrekontu orokorretako esleipenekin osatuko dira programaren baliabide ekonomikoak.

 “Programaren izena bera (Aukerak) inspiratzen da askatasunaz gabetzen duen zigorra betetzearekin lotzen den berriro gizarteratzeko printzipioan. Izenak islatu nahi du lanak, prestakuntzak eta orientazio soziolaboralak aukerak eskaintzen dituztela askatasuna berreskuratu ondorengo etorkizuneko bizitzara begira prestatzeko”, eman du aditzera Beatriz Artolazabalek.

Era berean, Aukerak programaren logotipoa azaldu du. “Metamorfosia irudikatzen duen” tximeleta bat da. “Tximeleta-efektuak aldaketa txikia dakar, handitu daitekeena eta eraldaketa globala, erabateko aldaketa, eragin dezakeena”, adierazi du.

Artolazabalek, amaitzeko, Ganbararen laguntza eskatu du, “hau ez baita helmuga, abiapuntua baizik”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)