Berdintasunerako Emakunde sarira hautagaiak aurkezteko epea zabalik datorren urriaren 31 arte
Berdintasunerako Emakunde Sariaren 2021eko edizioaren deialdia argitaratu da gaur Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean. Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere.
Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da eta hautagaiak aurkezteko epea urriaren 31an bukatuko da. Saria nori esleitu ebazteko, epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan; kasu bakoitzean, neurria berbera izango da:
- a) Hautagaiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean egindako ibilbidea.
- b) Emakumeen lana aintzat hartzearren eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako jardun, ekintza, lan, eta proiektuek berez duten garrantzia.
- c) Jardun, ekintza, lan edo proiektu horiek edo proposatutako pertsona horren ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.
Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola, 2006an, Bagabiltza elkartea, 2007an; Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an; Lilaton taldea 2009an; Teresa del Valle, 2010ean; Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2011an; Bilboko Asistentzia Psikosozialerako Moduluek (Rekaldeberri, Deustu-San Ignacio eta Iralakoek), 2012an; La Posada de los abrazos elkartea 2013an; Fórum Feminista María de Maeztu 2014an; Hitzez emakume baserritarren elkarteak eta Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sareak 2015ean; UPV/EHUko irakasle eta matematikako doktore Marta Macho 2016an; Virginia Imaz pailazoa 2017an; Deustoko indarkeria eta UPVko berdintasun masterrak 2018an; Conny Carranza 2019an; eta Askabide elkartea 2020an.
Indarkerian esku hartzeari buruzko masterrerako laguntzak
Bestetik, aldizkari ofizialean ere argitaratu da Emakundek ematen duen 29.244 euroko diru-laguntza Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Masterra egiteko 2021-2022 ikasturtean. Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Unibertsitate Master Ofiziala 60 ECTS (Europako kredituak) dituen master ofiziala da, masterraren matrikulako zati baten ordainketa laguntzeko erabiliko da.