Nami Kaneko japoniarrak irabazi du Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

2021-09-30
  • Bernardo Atxagaren ‘Soinujolearen semea’ eleberriaren japonierazko itzulpena izan da aurtengo garailea; Shinchosha argitaletxeak plazaratu du lana
  • Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpen horren sustapenerako

Bizitza berria eman dio Nami Kaneko itzultzaile japoniarrak ‘Soinujolearen semea’ eleberriari. Zuzenean itzuli du euskaratik japonierara, eta lan horren kalitatea aitortzeko asmoz, Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren zazpigarren irabazle izendatu du epaimahaiak. Shigeki Tabata editorearen gidaritzapean, Shinchosha argitaletxeak plazaratu du lana.

Kaneko eta Tabata sari-emate ekitaldira bertaratu ezin izan badira ere, era telematikoan egin dute bat Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldian Bernardo Atxaga idazlearekin; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin; eta Inaxio Garro LABORAL Kutxako Euskara arduradunarekin.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lan bat saritzeko asmoz  sortutako lehiaketa honetan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain justu, Kanekok eta Shinchoshak egindako promozio lana nabarmendu ditu epaimahaiak: “Itzulpenak Japonian bertan izan duen harrera eta kritika oso onak izan dira. Japoniako Itzulpen Onenaren Sarietan finalista izan da eta hainbat aldizkarik libururik onenen artean txertatu dute”.

Itzulpena “kalitate handikoa” dela adierazi du epaimahaiak, eta azpimarratu dituzte itzultzaileak “euskarazko lana japonieraz emateko egindako hautuak”. Gainera, Kanekoren ibilbidea bera ere aintzat hartu dute “euskararik zuzenean itzultzeaz gain bere ikerketa lana ere arlo horretan ari baita egiten”.

Shinchusha argitaletxeari dagokionez, haren “garrantzia eta literaturan espezializatutakoa izatea” azpimarratu dituzte. Halaber, inprimatu duten tirada handia, 4.000 alekoa, Japoniako literatura itzuliaren merkatuan ohikoa den kopuruaren bikoitza. Kontrazalean, Akira Higashiyama idazle ezagunaren gomendioa agertzen da, Ibon Egaña euskal kritikariaren hitzekin batera. Argitaletxeak garrantzia izan du obraren sustapen plangintzan; epaimahaiak plan hori ere aitortu nahi izan du.

Sariaren zazpigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro, Euskara arduraduna LABORAL Kutxan; Imanol Otaegi, Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaria; Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; Naroa Zubillaga, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; eta Beñat Doxandabaratz, Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikaria.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2020. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du. 

Nami Kaneko

Nami Kaneko (Akita, 1984) itzultzailea, literaturan doktorea era gaztelania irakaslea da, besteak beste. Bernardo Atxagaren sorkuntza eta autoitzulpengintza bere lanetan ikertzen ditu. Doktorego ikasketak Tokyo University of Foreign Studies-en (Language and Culture Studies) egin ditu 2011etik 2019ra, eta EHUn (Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak) 2013tik 2020ra.

Bernardo Atxagaren ‘Soinujolearen semea’ eleberriaren japonierarako itzulpena, Nami Kanekok euskaratik egina eta Etxepare Euskal Institutuak diruz lagundua, Japoniako Itzulpen Sariko (Best Translation Award) bost finalisten artean izan da aurten.

Bestalde, 2016an Kirmen Uriberen ‘Mussche’ eleberriaren itzulpena egiteagatik irabazi zuen Japoniako sari preziatu hori Kanekok. Hakusuisha argitaletxe japoniarrarekin plazaratutako liburuak Etxepare – Laboral Kutxa Saria ere irabazi zuen urte berean. 

Shinchosha argitaletxea

Duela 125 urte, 1896an sortu zen Tokion Shinchosa argitaletxea, Japoniako handienetakoa eta literaturan espezializatuta. Hainbat autore japoniar ezagun argitaratu ditu: Yasunari Kawabata, Yukio Mishima, Kenzaburo Oe, Haruki Murakami, Banana Yoshimoto edota Yoko Ogawa.

Literatura itzuliaren arloan, ‘Crest Books’ izeneko sailean plazaratu dira, 1998az geroztik, 170 itzulpen inguru. Sail honetan argitaratu dira: Jhumpa Lahiri, Alice Munro, Julian Barnes, Ian McEwan, John Banville, William Trevor, Colm Tobin, Jose Luis Peixoto, Bernard Schlink, Lyudmila Ulytsukaya, Anthony Doerr, Miranda July, Yiyun Li, Etgar Keret, César Aira…

Shinchosha-k 2020ko maiatzean kaleratu zuen ‘Soinujolearen semea’ eleberriaren japonierazko edizioa. 

Aurreko urteetako irabazleak:

2020

Eider Rodriguez eta Lander Garro eta Literatura Random House

Bihotz handiegia (Eider Rodriguez)

Ipuin bilduma

Gaztelania 

2019

Ainara Munt eta Pol·len edicions

Hilda dago poesia? (Joseba Sarrionandia)

Poesia

Katalana 

2018

Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies

Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti)

Poesia

Ingelesa 

2017

Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko

Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)

Eleberria

Ukrainera 

2016

Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea

Mussche (Kirmen Uribe)

Eleberria

Japoniera 

2015

Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea

Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)

Poesia antologia

Galegoa

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak